Egilea: Javier Daulte. Zuzendaritza: Joseba Apaolaza. Eszenografia: Alicia Leloutre. Musika: Pascal Gaigne. Aktoreak: Asier Hormaza, Ainhoa Aierbe, Aitor Gabilondo. Eguna: Abenduaren 27a.
Aneren zain dago Patxi. Bueltaka dabil alokatu berri duten pisu zatarretik, kaiola batean balego bezala, han-hemenka pilatuta dauden kartoizko kaxen artean. Baina ez dago bakarrik, etxean beste norbait dagoelako -ikusten ez den beste norbait-, eta harekin dabil, hizketan-edo Ane etorri artean, pertsonaia misteriotsua hobeago konpontzen omen delako Anerekin berarekin baino.
Hasierako egoera ulergaitz horrek buelta batzuk emango ditu emanaldian zehar, zenbait sorpresa tarteko, eta bidean agerian geratuko dira produktu estimagarri honen bertuteak eta gabeziak. Hasteko eta behin, nik esango nuke obra honen alderik onena euskaratzea dela, egia delako “hizkerari naturaltasuna emateaz gain, emozioaren zerbitzura jarri dela hizkuntzaren goxotasun guztia”, Julia Marinek berak aurkezpen egunean esan zuen legez. Gainera, bai testuan bai interpretazioan, nik asko estimatzen dut bizkaierari emandako tratua.
Bigarrenez, Kanpingags konpainiak lan honekin euskal antzerkiari ematen dion bultzada aipatuko dugu, egia delako Javier Daulte argentinarra azaleratzen ari den egilea izan daitekeela, eta bere testuak obra sendo baten elementu interesgarriak dauzkala, nahiz eta haietariko asko bidean erdi galduta edo gaizki aprobetxatuta geratzen diren, agian konpainiak egindako bertsioaren eraginez, baina segur aski Daulte telebista gidoilaria delako, benetako antzerki egilea izan beharrean. Alde horretatik, egileak komedia arina, drama erromantikoa eta misterio ukituak nahastu ditu bere formulan, baina aldi berean argi dago helburu jakin bat falta izan zaiola, denboraren erdia baino gehiago egoeraren planteamenduan eman duelako, benetan interesgarria izan zitekeen drama-muina azken ordu erdirako utziz.
Eszenaratzeari dagokionez, aipatzekoak dira Alicia Leloutreren eszenografia naturalista eta bertan txertatzen diren efektu bereziak. Niri behintzat asko gustatzen zait betiko antzerkiak duen gaitasun hori, gauza sinpleenekin ilusioak edo magia sortzearena, eta emanaldian zehar ugariak dira atrezzoarekin eta dekorazioarekin egindako trukuak. Asier Hormaza eta Ainhoa Aierbe, berriz, denak emanda dabiltza beren pertsonaiak jatorrizko testuaren gabezien gainetik defendatuz eta telebistan inposatutako betiko komedia estiloan preso. Izan ere, nik uste dut lan honek beste itxura bat hartuko zukeela zuzendariak antzezleen baitako lana bultzatu izan balu, azaleko keinu, mimika eta jarrerei hainbeste garrantzirik eman gabe.