antzezpen kritikak
< Satorraren bila | Aneren zain >
Hiru mende
Agus Perez
Berria, 2008-01-02
“Actto para la Noche Buena”

Konpainia: Doke. Egilea: Pedro Ignazio Barrutia. Zuzendaritza: Itziar Rekalde. Argiztapena: Fernando Martinez de Heredita. Musika: Sabin Salaberri. Abesbatza: Goikobalu. Lekua: Aramaioko Kultur Etxea. Eguna: Abenduak 29.

      Pedro Ignazio Barrutiak bere Actto para la noche buena idatzi zuenetik ia hiru mende igaro dira, eta 2007ko azken zapatuan izan da obraren azken emanaldia, Aramaion. Gainera, Arrasateko Doke antzerki taldea izan da antzezlana eszenaratzearen arduraduna, eta horrela zarratu da hiru mendetako zirkulua, egilea Aramaion jaio eta Arrasaten zendu zelako.

      Jakina denez, harribitxia da aro barrokoko obra hau, eta nik esango nuke Barrutiak libertate eta inspirazio handiz sortu zuela, euskarazko testu nagusian zenbait erdarazko sarrerak tartekatuz eta purismo semantikoarekiko batere obsesiorik barik. Aldi berean, nabariak dira aditzaren erabilera aberatsa eta bertso askoren edertasuna, eta alde horretatik komeni da jakitea zer esan zuen Arestik berak testuari buruz: “Egilleak eskribidu egiten dau eta ez da konturatuten zelango berbak erabilten dituan (...); tresnak diraz Barrutiaren plumaren puntan, bere bertsoak edertuteko eta prestantzia emoteko.”

      Baina jatorrizko testuaren balioak alde batera utzita, moldaketa lana da oraingo bertsioaren bertute nagusia. Izan ere, gure antzezlan zaharrenari zor zaion errespetutik abiatuta modernitate itzela eta ironia puntu samurra komunikatu dizkio muntaiari zuzendariak. Horretarako, bere esku zeuden baliabide guztiak erabili ditu Itziar Rekaldek, jatorrizko hemeretzi koadroetatik esanguratsuenak hartuz, antzezleen disposizio koreografikoak ganoraz landuz, arrasatearren gaurko kezkak eta kontuak han-hemenka plazaratuz eta, beste ezeren gainetik, aurkikuntza estetiko ugariak tartekatuz.

      Hain zuzen ere, objektuak, jantziak eta argiak era berezian eta guztiz koherentean atondu ditu, muntaiari bizitasuna emateko eta etengabeko esangura subliminalak sortzeko. Alde horretatik gauza asko aipatuko genituzke, baina haien artean irudi pare bat gogoratuko dugu: Maria eta Jose eliza bateko estatuak legez agertzen direnekoa eta ohe bertikalarena, kasu honetan oso polita delako ostatuko anderearen eta morroiaren arteko eszena. Bestalde, aipatu beharra dago abesten diren musika pasarteak bereziki konposatu direla muntaia honetarako, Barrutiaren garaiko doinuak galdu ziren eta.

      Azkenik, Doke taldeak egindako ahalegina nabarmendu behar dugu, konpainia amateurra izan arren testu zaharra aztertu, ikasi eta bere sakoneko esangura barneratzera igaro direlako eta talde sendo moduan jokatu dutelako, bakoitzak bere pertsonaiari ahalik eta gehien ematen, eta elkarren arteko proiektu eder hau denen artean eraikitzen.