antzezpen kritikak
< Aneren zain | Tonu kontua >
Ospakizuna
Agus Perez
Berria, 2007-12-08
“Sommer jaunaren istorioa”

Egilea: Patrick Suskind Zuzendaria: Xicu Maso Euskaratzea: Lourdes Oņederra Eszenografia: Nuria Teixidor Aktorea: Jose Ramon Soroiz Lekua: Durangoko San Agustin aretoa Eguna: Abenduak 6

      Euskarazko estreinaldi eder batekin ospatu dut aurten Euskaldunon Egunkaria agertu zeneko eguna. Agertokian Jose Ramon Soroiz dago, bakarlari, eta berarekin batera daude Sommer jaunaren istorioa portu onera eramango duten hiru elementuak: Nuria Teixidorren eszenografia soila, Soroizek berak urteetan pilatu duen jakinduria zabala eta, zelan ez, Patrick Suskindek idatzitako testu zoragarria.

      Testutik hasita, bitxia da ikustea nola eramaten gaituen protagonistaren hitz jarioak leku batetik bestera, haurtzaroko gogorapenak heldu baten pentsamenduekin lotuz eta anekdota dibertigarrienak jazoera tragikoen artean txertatuz, hizlari trebeenek egiten duten antzera. Une jakin batean konturatu egiten gara ez dugula benetan entzungo Sommer jaunaren istorioa, gutxienekoa delako eta askoz interesgarriagoak direlako aurrean dugun gizon anonimoaren kontakizunak, nahiz eta azken finean Sommer jaunak ere eragin handia duen pertsonaiaren bizipenetan. Bestetik, aipatzeko modukoa da egileak Bavariako landazabalaren edertasuna eta naturaren indarra deskribatzeko duen gaitasun itzela. Kontua borobiltzeko, euskaratze ederra bezain naturala etorri zaigu Lourdes Oņederraren eskutik.

      Soroizek, berriz, eskuartean duen eskarmentu osoa jarri du taula gainean, eta zeregin horretan Xicu Maso zuzendari katalanaren gidaritza izan du. Ni seguru nago biek ala biek ikasi dutela zerbait elkarrengandik, eta ausartuko nintzateke esatera Masok bakarrizketan zehar agertzen diren zazpi pertsonaia nagusien antzezpen-ildoak sujeritu eta arteztu dituela. Seguru nago, era berean, Soroizek ere asko irakatsi diola antzezle bakar batek eman ahal duenari buruz, eredugarriak direlako une batetik bestera gauzatzen diren barne karakterizazioak eta pertsonaien inguruan sortutako egoerak.

      Azkenik, aipamen berezia merezi du eremu eszenikoaren diseinuak. Erdiko gunea pantaila karratu batek betetzen du eta behegaina haren luzapena besterik ez da. Laukiaren perimetro bertikala eta horizontala argi zuri txikiez inguratuta dago, eta han kokatzen dira etxeko intimitatea irudikatzen duten besaulki urdina eta alboko mahaitxoa. Baina eremu eszenikoaren elementu nagusia argia da, eta, hain zuzen ere, argi-diseinu miresgarriari esker lortzen du antzezlanak barrea, tristura, amodio-zirrara eta urteen zama bezalako emozioak gugan piztea.