antzezpen kritikak
< Ospakizuna | Arrosak inausten >
Tonu kontua
Agus Perez
Berria, 2007-12-02
“Jokoaut”

Taldea: Pikor teatroa. Zuzendaria: Miguel Olmeda. Testuak: Peru C. Saban, Rodrigo Garcia, Pikor. Koreografia: Idoia Zabaleta Lekua: Donostiako Gasteszena. Eguna: Azaroak 30.

      Beranduegi izan arren, Jokinen tragedia gertatu zenetik gizartearen alarmak gorri jarri ziren hurrengo kasua inoiz gertatu ez zedin, eta eskola-jazarpenaren kontrako korronte horretan kokatu behar dugu egunotan Donostiako Gazteszenan aurkeztu den Jokoaut antzezlana.

      Taula gaineko pertsonaiak hamasei urte inguruko bi neska eta bi mutil dira, eta beraiek barneratuko gaituzte gaztaroaren hasieran hain ugariak diren harreman bortitzen munduan. Horretarako, Pikor konpainiak bere aurreko lanean erabilitako eskema arrakastatsua errepikatu du, publiko gaztearen aurrean ikusle gazteak jarriz eta beraien adin eta giroko esaldiak eta pentsamenduak ispilu eran proiektatuz, unean uneko arduradunek gogoetarako material egokia izan dezaten. Aurreko lan hura Zapaldu marra deitzen zen eta droga menpekotasunak aztertzen zituen, bikain aztertu ere, bide batez esanda.

      Esan bezala, lehendabiziko ildotik doa oraingo lana, hala planteamendu eszenikoan nola testuen tratamenduan, baina menpekotasunekin ondo zihoanak ez du ondo funtzionatzen jazarpen eta biolentziaren gaiarekin, asmo onak ez direlako nahikoak arazoari aurre egiteko. Hasteko eta behin, ikusle gazteengana gehiegi hurbildu nahi izanak gaia gehiegi arintzea ekarri du, mugimenduaren alaitasunarengatik eta esaldietan dauden umore txinpartengatik. Gauzak horrela, biolentzia egoera asko erakutsi dizkigute, baina gehienetan erasotzaileak duen ikuspegi dibertigarritik jaso ditugu, biktimaren mina eta umilazioa ikusleei sentiaraztea zerbait kaltegarria balitz bezala.

      Bestetik, argi dago Rodrigo Garciaren testu txertatuak ez diola benetako ekarpenik egiten lanari, batez ere kontuan izanda adin horretako izpirituengan guztiz suntsigarria izan daitekeela Garciak praktikatzen duen probokazio merkearen aldeko militantzia. Biolentziaren eta eskola-jazarpenaren gaiak ezin dira arinegi tratatu, eta gaztetxoek gaitasun osoa dute beren interesekoak diren gaiei seriotasunez heltzeko. Alde horretatik, nik beste tonu bat eskatuko nioke lanari eta nire ustea da bai testuek bai dramaturgiak kontraste eta gogoeta egoerak sortu beharko zituzketela, sendotasun pertsonalerako baliabideak adin horretako ikasleen eskura jartzeko.

      Dudarik gabe, hobekien funtzionatu duten arloak lanaren bizkortasuna eta aktore-lana izan dira, Esti Villak, Iraitz Lizarragak, Jon Koldo Vazquezek eta Alex Antunezek gogo handiz defendatu dituztelako aurrean zituzten egoera aldakorrak, planteamendu orokorraren makaltasuna gorabehera