Egilea: Mattin Irigoien. Taldea: Oztibarreko antzerkia. Zuzendaria: Kittof Prudhomme. Non: Ainhize-Monjolose. Noiz: Abuztuak 29.
Hau costumes-etan emateko antzerkia zen. Pentsa: ekintza Izuran XVI. mendean ira gaiten. Duela urte batzuk Noaingo guduka galdua dute nafarrek, oraikoan Gaztelako erregeak ostea altxatu omen du eta heldu da etsaia mendien honaindira. Pastorala eginen zuen gai honek berdin-berdina. Montatzeko unean hari hura tiratu balute berrezarketa revisionistan sar zitezkeen Oztibartarrak eta antzerkia ez zen izanen.
Teofilo idazkari publikoaren inguruan ehuntzen da ekintza. Sehia kanporatzen du bere Iruņeko koinata errezibitu behar baitu, hau anaia zenaren emaztea. Honen anaia Iņigo errioxarrak bola beltza tiratu du eta armadara joan beharra da, Gaztelako erregearen xerbitxuko. Laster ulertuko dugu Teofilo urde gogorra dela, bai sehiarekin, bai bezeroekin eta nolaz ez bere koinat etorri berriarekin senar zenak izenpetu zor-ezagutza faltsua jalgitzen baitio zangoak etxean sartu orduko. Dohainik lanean aritzeko beste erremediorik ez du gure Ilaria gaizoak mementoko.
Bost urte iraunen duen mementoa, Teofilo gure kantutegi zaharrak aipatzen dituen tatxa guzien pausaleku dela ohartzeko denbora. Bost urtez aiduru anaiak Gaztelako uniformean atea arrail dezan.
Nahi ala ez, antzerki honek alderdi pedagogikoa dauka. Jada Baxenabartarrei behin nafarrak izan garela erratean batzuek ukanen dute aski lan. Gure gerlari ohien solasak orai Espainian den herri galdu baten alde entzuteak badu bere grazia, Monjoloseko erreketa Monjolosen berean entzuteak bezala. Idazkari publikoaren poderea jendeak ez zekielarik idazten, baina ere zerga zerrendetako sailkapenak gudalosteen eratzeko moldea, herriaren defendiatzeko etxe guzien bermea, holako erreferentzia historiko anitz badira. Hau antzerkiaren dekorra. Funtsa beste nonbeit da, Larzabalen Paper mende-ņ berlotzea alegia.
Antzerkiak pertsonaiak erakusten dizkigu bizirik, duela bost mendekoak izanik ere, igande arratsaldez ikusten ditugu bizitzen eta karkulka, jokolari ezagunek zubien egitera gehiago akulatzen gaituzte, oraiko giltzen bila. Jakintzaren jabeak, intelektualak nola izorratzen gaituen, gu jende xehea baikara bistan dena.
Irigoienen idazkera idekia da biziki, interpretapenari leku anitz uzten duena, landderosa erranen dute batzuek, gaizki ulertzeak posible baitira. Zer? Nora goaz orai jakintzaren kontra idazten badugu, eskolak populuaren kontra jukutrien egitera eramaten bagaitu? Intelektualen kontra, administrazioaren?
Klase sozialak agerian
Paper honen idazteko ene enbeia galdera hauei ene arrapostuaren bila ibiltzean dago. Interesatua denak ukanen du antzerki honen ikusteko parada larrazken honetan, jakin dudanez Iruņean, Azpeitian, Garazin, Izuran bederen emanen baitute oraino. Klase sozialak agerian uzten ditu obrak, baina jendea sar jalgika ari da horietara, lagunak bultta batekoak ditugu, ondoko krisia artekoak.
Nork galtzen du Teofilo? Bere idazteko maniak batetik, galtzen gara beti gure indarrez sobera hantuz, baina Clara arin arin prostitutak du hilen duen ekintza egiten froga mahai pera botaz. Eta nolaz? Irakurtzen dakielakotz. Jakintsuna beste jakintsun batek baizik ez du kalitzen ahal, zangoak Clarak bezala populuaren lohian atxiki baditu. Nihondik ere ez Ilariak, alarguntsak, bere Penelopa errolan ehortzirik, ez zen zikinduko frogen gibeletik joateko.
Artetik errateko serora izan behar zuen putak, uzkitxuriek baitute emagaldu erraten, holako pertsonaiak mereziko zuen antzerkian leku gehiago, Baudelaireren Jeanne Duval eta Madame Sabatier, bakoitza bere aran poetaren bi emazte idealak, hemen berean bilduak, ditxoka ari gainera, ez zaigu holakorik ardura ageri euskal antzerkian. Feminismo hitza biziki baliatua izan bai ta udaberri honetan hemengo antzoki atarietan, uste dut, antzerkian bederen, ez dutela batzuek bilatzen behar den tokian, gustukoa badute euskalduntsari ematen zaion duintasunaren karrikatura, badute oraino gure Iparraldean beren kapriziaren asetzekoa... beste ikuskizun batzuetan. Sekulan izan ez den parabisu rousseau-nista batean nahi lukete menturaz bizi. Bakoitzak bere ihesa.
Ikuskizunaren osotasunari berriz lotzeko erran behar da Iparraldekoontzat gertakari garrantzitsua dela Oztibartarrak berriz taula gainean ikustea. Talde honek autore klasikoen herritartzean bere partea egina du. Azpimarratu behar dena jokolari zaharrak hor atxikitzearekin talde guztia kutsatu duela berauen euskararen errateko tono xuxenak.
Hiper errealismoarengatik ezaguna bazen Oztibarre, zazpi urteren buruan etenaren markatzean jakin dute, jokolari berri fin eta argi, dekorren aldetik sinbolika soil esanguratsua. Ez da beteginzarrea amateurren lana, baina begi bistakoa da ikuskizun hau antzerkiz blai dela. Zati ahantzezinak baditu ekintza eta sentsu mailan, Ilaria luma-podere sinboloarekin jostetan, Teofilo mahai altxatzen puta irakurtzen ari delarik, bi herriko jaunttoen pailasokeriek ekarri erritmo aldaketak. Iparraldeko antzerkia berregitura baladi hemen nabari diren printzipio sendoen inguruan, segur balukeela oraino errateko.
Arbol zaharrak jakintzaz xardakatzen direlarik heldu dira aihen emankorrak. Agian.