Maitasun arrapostuak
Jakes Goikoetxea
Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-28
“Dama eta kardinala”

Autorea: Jacques Rampal. Zuzendaria: Ramon Barea. Zuzendaritza artistikoa: Jose Ibarrola. Aktoreak: Ane Gabarain eta Kandiko Uranga. Produkzioa: Txalo. Iraupena: 80 minutu.

      Altzeste eta Zelimena Frantziako erregearen gortera joaten ziren gazte zirenean. Ondo pasatzen zuten, lagunak ziren, lagun minak, maitaleak. Aurrerago, ordea, Altzestek dena utzi eta lurrean jainkoaren enbaxadore izateko bideari ekingo dio eta elkarren arteko harreman estua eten egingo dute; ez dute etengo, aldiz, beren arteko maitasun zilbor-hestea.

      20 urteren buruan, besteen bitartez elkarren berri izan ondoren, Altzestek Zelimena bisitatuko du eta Alzesteren etorrera zirimolatsuak denborak pausatutako sentimenduak haizatuko ditu. Biek aurrera egin dute bizitzan: Altzeste belusezko kardinal distiratsu eta boteretsua da; Zelimena, berriz, gainbehera joan den dama ezkondua. Hala ere, beren existentziek oinarri ahulak dituzte, beira hauskorrekoak dira, ez dute benetako maitasunik, elkar maite arren elkarrengandik urrun izan baitira eta, elkartzean, ez dute elkarrekiko beren maitasuna aitortzen.

      Denborak, jainkoak edo senarrak eta seme-alabek ez dute benetako maitasun faltaren zauria orbandu. “Maitasuna da zoriona”, dio Zelimenak. Altzeste eta Zelimena, aldiz, ez dira zoriontsu, benetako maitasunaren hutsunea baitute. Elkar topo egitean, bihotzean elkarrekiko dituzten maitasun sugarrak hauspotu beharrean, zauria gaiztotu egingo dute, maitasun ezaren sufrimenduarekin jolastu egingo dute eta min egingo diote elkarri.

 

      Hitzaren garrantzia

      Dama eta kardinala muntaia apala da, ez arrunta. Azala, itxura, apainketa, duela mende batzuk Frantziako gorteetakoaren parekoa ez bada ere, Dama eta kardinala-n mamia da garrantzitsua, hitza alegia. Eta hitza bizia da, arrapostuzalea eta etenik gabea; Kandido Urangaren ahots sendo eta sermoilariaz edo Ane Gabarainen eztitasun eta argitasunez jantzia. Hitz zorrotzak esango dizkiote elkarri, behazunez igurtziak sarritan: fedearen dogma estuetakoak, jende gehienaren errealitatetik urrun dagoen mundu batekoak, Altzeste kardinalak; eguneroko bizitza apalaren eskarmentuarenak Zelimena damak. Beren hitzjarioek klabikordio doinu bihurriak dirudite.

      Antzezlanak ikuslearen barrea du helburu, baina barreaz gain —batez ere Zeleminak emakumearen egoeraren gordina ironikoki azaltzen duenean—, gogoeta ere bultzatzen du, gizakiaz eta bere sentimenduez azken finean. Ikuslea beren nahi eta ezinaren konplize bihurtzen dute, beren hitzezko itzulinguruetan lagun.

      Ez da erraza ordubete luzean bi aktoreek, bakarrik, inolako laguntza edo etenik gabe, arrapostuenjokoa mantentzea; baina antzezlanaren lehen emanaldietan borobiltzea falta zuen jardunak, emanaldien poderioz, heldutasuna lortu du eta bi aktoreek pertsonaiak, erregistroak, erritmoa, doinua... menperatzen dituzte. Erronka handia da eta lana oso txukun egiten dute.