antzezpen kritikak
< Gertakari garrantzitsua | Ion Tichy >
Tu quoque fili!
Mattin Irigoien
Euskaldunon Egunkaria, 1999-04-22
“Tu quoque fili”

Antzezleak: Antton Luku, Ximun Fuchs, Gorka Fuchs, Maialen Fauthoux, Anais Funosas, Mirentxu Ibargarai. Testua: Antton Luku. Tokia: Baigorriko Bil Etxea. Eguna: Apirilaren 11.

      Komando ekintzak hain modakoak ez diren honetan, sei lagunek erokeria bulta batek harturik, bat (kulturala haatik) burutu digute azken Korrika sasoin horretan. Antton Lukuren testu bat hartu eta, hiru hilabete barne, intentsitatez eta erritmoz gutitan gozatzeko ahala dugun perla bat eskaini digute.

      Tu quoque fili antzerkia (Donostia Hiria saria ukan duena), Brutusenean bezala, aita-semeen arteko guduka tragikoaren lekukoa da. Hemen aita prokuradorea (fiskala) da. Leon deitzen da. Semeak, zuzenbidean ixtudiante izanki, justizia eta legea bereizten ditu (oraino gazte delakotz hain segur!), zuzena eta boterea oposatzeraino! Bazauzea? Erran behar da ekintza Baionako ibaiaren eskuinaldean iragaiten dela, eta, maleruski, (nahiz bere idealismoa honek esplikatu) semea Baiona Ttipiko rock talde eta mugimendu erdi-abertzale erdi-anarkista (funtserat eta baterat heldu baita) horiekin gurutzatzen dela.

Horra taula gaineko korapiloa. Horri gehitzen dira Leonen (delako fiskal alu hura) emaztea, osoki xoxola bainan hain gustagarria barnekaldekoa izanik; Leonen alaba, bere anaiak ez bezala, burutazio metafisikoer klase puxantekilako harreman fisikoak hobesten dituena: eta Gorka eta Piluts, bi gazte militanteak, kale borrokaren ondorioz preso sartu beren lagun baten askatzeko urratsetan familia honetarat hurbilduak. Azken bi hauek Leonen semearen lagunak dira eta bien arteko eztabaida arras interesgarria bilakatu zaigu, hasieran taktika ikuspegi diferentea dirudiena laster funtsezko ikusmoldeen ezadostasun agertzen baizaigu, hots, militanteok hamar aldiz bizi izan dugun egoera antzerkiaren mirailaren efetu komikoarekin begitarterat zaplast!

 

      Aktoreen joko bikaina

      Hori da funtsean antzerki honen indarretarik bat. Etengabe, oren bat eta erdiz, biziarekilako dugun borrokaren saminean, elasturia ikaragarri batean, mugimenduen zalutasunean, aipagaien indarrean, ideien antagonismoan, sendimenduen nahaspullan eta moralitatearen mugetan, halako ihalozka zoro batean garamatzate aktoreen joko bikain batean.

      Zinez plazer dugu gutaz eta gure tripako minez mintzo den antzerki honetan irri zafla zenbait libraturik.

      Komando ekintza zelako edo, ez zaio hainbeste aipamen egin gure hedabideetan. Alta, antzerki amateurrak noiztenka eskaintzen ahal dizkigun obretako baten aurrean gara. Obra librea. Libre komertzial ikuspegietarik, libre ongi pentsatzetik eta gutiago erraitetik... Eta espazioaren eta pusken baliatze hiritarrago (ez-baserritar aldetik) batekin.

      Beste berezitasun bat, Iparraldeko antzerki ikuskizun bat izanik, Korrika kulturala dela medio Hegoaldean ere itzuliņo bat egin dute (Irun, Santurtzi, Laudio...). Entsegu interesgarria izan liteke gisa honetako emanaldientzat egoki litzatekeen zirkuitu baten sortzeko.

      Bainan ikusi ez baduzue ere, ez da berantegi. Ikusteko tirria lotu bazaizue, azken emanaldiak ez huts egin: apirilaren 24an Muskildin (Xiberoa), apirilaren 29an Iruņean (Nafarroa), maiatzaren 1ean Domintxinen (Baxe Nafarroa).