Egilea: Jordi Galceran. Konpainia: Txalo. Zuzendaritza: Carlos Zabala. Euskaratzailea: Julia Marin. Aktoreak: Itziar Ituño, Asier Hormaza, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Otsailaren 9a.
Askotan gertatzen zaigun moduan, zinemaren bidez ezagutu genuen Gronholm metodoa, baina egiatan antzerkirako sortu zuen Jordi Galceran katalanak, eta jatorrizko obran ere hiru gizon eta emakume bat ziren protagonistak. Kataluniako muntaiarekin batera gaztelaniazko bertsioa eman zuten Espainian eta handik jaio zen izen bereko pelikula bikaina. Egunotan Donostian estreinatu den antzezlana bat dator hasierako muntaiaren planteamenduarekin, eta pelikula ikusi genuenok ez dugu haren falta sumatu, uneoro sentitu dugulako muntaia sendo baten aurrean geundela.
Zalantzarik gabe, testua da lan honen bizkarrezurra, eta argi dago ekintza eszenikoak ez duela pisu handirik antzezlanean. Dialogoak, ordea, egilearen arma nagusia izan dira satorraren bila doazen lau exekutiboen nortasunak aurkezteko eta goi mailako hautaketa proben disekzio zehatza egiteko. Alde horretatik maisutasuna erakutsi du egileak, berbaldi azkar eta zorrotzak elkarren segidan jarriz eta haien artean luzera ertaineko bakarrizketa batzuk tartekatuz. Horrela, bilbearen interesa handitu eta ate bat zabaldu du pertsonaia bakoitzaren emozioak bertatik azaleratzeko, hain hotza eta despertsonalizatua izan daitekeen enpresa giroan. Julia Marinen euskaratzeak ere primeran funtzionatzen du eta ez du batere trabarik jartzen esaldien deklamazioan eta emanaldiaren erritmoan.
Agertokiak enpresa bateko itxarongela irudikatzen du eta bertan dauden bi besaulkiek -bata bakuna da eta bestea bikoitza- garrantzi handia dute, haiekin txantxa txiki batzuk tartekatzen direlako dramaturgian eta joko eszeniko polita ematen dietelako lau protagonistei. Ramon Agirrek, Asier Hormazak eta Joseba Apaolazak betiko efikaziarekin ekin diote lanari eta Itziar Ituñok kontraste bikaina sortu du hiruren aurrean, sendotasun eszeniko neurtua erakutsiz bere pertsonaia eraikitzean. Agirrek ere tamainan erabili du bere sen komikoa eta badirudi Carlos Zabala zuzendariak muga zorrotzak jarri dizkiola Hormaza eta Apaolazaren histrionismo naturalari noizbehinkako eszena dibertigarrien diseinuan, argumentuaren oinarrizko seriotasunari kalterik ez egiteko.
Bukatzeko, elementuen arteko kohesioa azpimarratuko nuke, lau aktoreak ondo koipeztatutako makineria baten antzera ibili direlako eta gainontzeko elementuak ere -ondo eraikitako eremu eszenikoa bereziki- laguntza handikoak izan direlako lanaren azken emaitzan.