Ulertu nahi ez izatearen mina
Iraia Vieira Gil
Berria, 2023-05-10

      Gerren eta bikote hausturen atzean dauden mina eta komunikazio falta uztartzen ditu Hau ez da gerra bat antzerkiak. Mikel Ayllonek idatzi du, eta gaur emango dute, Gasteizen.

      “Gorroto zaitut, eta hementxe bertan hilko zintuzket!”. Horrelakoak botatzen dira, askotan, bikote harreman bat hautsi eta emozioak kontrolpean izatea zaila denean. Haserreak eragindako pentsamendu irrealak dira gehienetan, eta ozen esan bezain laster damutzen da bikotekide ohia hori aurpegiratu izanaz. Hala gertatzen zaio Hau ez da gerra bat antzezlaneko protagonistetako bati ere: “Muga batzuk zeharkatzen ditu ahoz, esan nahi ez dituen gauzak esaten ditu, eta, gero, berandu da hori guztia gelditzeko”, azaldu du Mikel Ayllon obraren gidoilari eta zuzendariak. Bikote baten hausturatik abiatuta, gerrak eta desamodioak eragiten duten minaren alderaketa sakona egiten du Piszifaktoria konpainiaren antzezlan berriak. Gaur emango dute estreinakoz, Gasteizko Principal antzokian, 19:30ean.

      Hiru dira, zehazki, obran ageri diren pertsonaiak: Lei (Aiora Sedano), Zan (Irati Agirreazkuenaga) eta Magenta (Gabriel Ocina). “Leik eta Zanek maitasun harremana hautsiko dute, eta orduan agertuko da Magenta, frontetik datorren soldadua”. Munduko gerra guztietan egon da, eta bizitako egoerek gupidagabe egin dute. “Hura agertu orduko hasiko dira hiruren arteko elkarrizketa faltsuak”. Leku berean egongo dira hirurak; bakarrizketa bana emango dute, eta denak gurutzatu egingo dira. Elkar ulertzea izango da, ordea, zailena, ez baitiote entzun nahi elkarri. Izan ere, konpainiaren helburua da gaizki-ulertuek eragiten duten sufrimendua salatzea. “Antzerkiaren oinarri orokorra pertsonaien arteko elkarrizketak izaten dira, baina guk ariketa berezi bat egin nahi izan dugu”.

      Gizakien komunikazio arazoetan jarri dute arreta, eta gerrak eta hausturak lotzen dituzten kontuak taularatu dituzte. “Elkarri egiten diogun minaren inguruan hitz egin nahi genuen, eta modu gordinean egiten saiatu gara, ezer ezkutatu gabe”. Hori lortzeko, gerraren alderdi “humanitarioari” eutsi diote, eta salatu dute gerra, berez, “gizarte porrota” dela. Ayllonek berak uste duenez, herrialde pobreek jasan behar dituzte herrialde aberatsen arteko gatazken ondorioak, eta horrek eztanda egingo du berandu baino lehen. “Gure aurreko belaunaldi guztiek gerra handi bat bizi izan dute, eta bada esaten duenik gu ere ez garela libratuko”. Ez daki egia den ala ez, baina horren inguruan hitz egin behar dela uste du, “inolako zalantzarik gabe”.

 

      Oholtza gaineko poesia

      Duela bi urte hasi zen Ayllon Hau ez da gerra bat-en testua idazten, eta hasieratik izan zuen argi gerraren inguruko lan bat idatzi nahi zuela, baina “urruneko zerbait” zela iruditzen zitzaion. “Nahiz eta gero eta hurbilago dagoen, guk ez dugu fusil bat hartu eta lubakietara joan behar, zorionez”. Gaia hurbileko bihurtzeko helburuarekin, maitasun harreman batekin konparatzea otu zitzaion orduan. Testua amaitu zuenean, ordea, bazter batean utzi zuen, ahaztuta. “Helburua ez da antzerkia idaztea eta paper batean geratzea: taularatzeko egiten da”. Hala, Piszifaktoria konpainiarekin lanean hasi, eta, segidan, Thusia konpainiarekin harremanetan jarri ziren, elkarlanean aritzeko. Gasteizko Udalaren diru laguntzak ere jaso dituzte.

      Oholtza gaineko interpretazio lana, berriz, uste baino konplikatuagoa izan da. “Testu asko dauka obrak, eta testu oso poetikoa da, gainera”. Planteatzen diren lekuak eta egoerak ez dira errealak; nondik heldu den ez dakiten soldaduaren bat-bateko agerpena, esaterako. “Proiektua bideratzean, oso garrantzitsua zen bakoitzak bere alea jartzea, eta, alde horretatik, oso pozik nago lortutako emaitzarekin”. Ayllonek hasieran idatzi zuen testuaren gainean ere aldaketak egin dituzte, eta horrek aukera eman dio behin betiko antzezlanari behar bezalako amaiera emateko. “Testuak beste dimentsio bat hartu du aktoreek entseguetan egin duten lanarekin”.

      Espazioa nola banatu erabakitzea izan da buruhausterik handiena zuzendariarentzat. “Espazio eszenikoa ere poetikoa izatea nahi nuen”. Eszenografiako langileekin lan handia egin ostean, aktoreak kokatzeko “ez-lekuak” sortu dituzte. Magenta soldaduak eszenatokiaren erdia hartzen du, eta bikotekideek beste erdia. Bi horiek, berriz, altuera desberdinetan daude; hau da, bata bestearen gainean. “Bi solairuko egitura bat behar genuen, eta horretarako erabili dugu diru gehiena”. Pertsonaia bakoitza bere eremuan bakartuta dago, eta horregatik dira faltsuak haien elkarrizketak.

      Hau ez da gerra bat oholtza gainean hasten eta bukatzen baldin bada ere, pertsonaien istorioak aurrera jarraitzen du. “Beti saiatzen gara ekintza artistikoa ez dadin bukatu istorioan bertan”. Oraingoan, transmedia produktu bihurtu dute antzezlana. “Istorioa osatzeko, hiru adar egin ditugu: webguneko audio fikzioak; obraren hitzaurrea, hau da, Bunker obra; eta soinu bandarekin sortutako diskoa”. Horren xedea argia da: ikusleak erakartzea. “Antzerkia beti dago krisian eta ikusle faltan, eta jendeak askotan pentsatzen du ez zaiola gustatuko”. Haiek ikusmina sortu nahi dute, eta, bide batez, ikusleak gerraren inguruan pentsatzera bultzatu. Hori bai, produktu horiek guztiak kontsumitzea ez da beharrezkoa izango Hau ez da gerra bat ulertzeko.

      Oraindik ez dute lotu beste emanaldirik, baina espero dute uda ostean aukera izango dutela obra bere osotasunean emateko —Bunker hitzaurrea barne— .