Guda txikitik handira
Xole Aramendi
Gara, 2023-05-10

      Lei eta Zan-en bikote harremanaren bukaera dakarte eszenara Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Thusia konpainiek. Gudu zelai bihurtuko da bien artekoa. Gerra txikitik handira salto eginda, minaren inguruko hausnarketa da “Hau ez da gerra bat”.

      Lei eta Zan-en arteko amodioa azkenetan dago. Den-denak huts egin du bien artean eta, gerra zelaitik ihes egiten duten bitartean, iheserako zubi guztiak erretzeari ekin diote. Orduantxe agertu da Magenta, piztu berri den gerrako frontetik datorren soldadu gupidagabea.

      Minaren inguruan gordintasunez hitz egiten duen lana da “Hau ez da gerra bat”. “Herrialde aberatsok gero eta gehiago pobretzen ditugun herrialdeetan egiten ditugu gerrak, baina konfliktoak gure mugetatik gero eta gertuago daude. Egin beharreko hausnarketa iruditu zitzaidan. Gure jendartean gero eta gutxiago entzuten dugu elkar, gero eta gutxiago daukagu ondokoa ulertzeko nahia, gero eta bakartuago eta inkomunikatuago gaude; eta gerraren erroetako bat izan daiteke”, kontatu du Mikel Ayllonek (Laudio, 1980) idazketa prozesuaren abiapuntuari buruz.

      “Gerrarena hausnarketa oso handia eta sakona” izanik, egunerokoari lotutako gerra txiki bati ekin dio Ayllonek, bikote hausturari. Gerra handia eta gerra txikia. “Segur aski denok identifikatuta sentituko garen gerra zelaitxo batera ekarri nahi izan dugu, apurketa sentimentalera. Hortik hausnarketa handiago batzuetara salto egitea interesgarria iruditu zaigu. Gerra oso konplexua iruditu arren, horren atzean pertsonak daude; haien sentimenduak, jokabideak eta egiteko moduak daude”, dio. Egunerokotasuneko gerra txikitik handiago baterako bidaia egingo du ikusleak.

      Eszenan 90 minutuko poema ondu dute bi konpainiek. Eszenografia oso ikusgarria aurkituko du ikusleak oholtzan. Aiora Sedano, Irati Agirreazkuenaga eta Gabriel Ocina aktoreek gorpuztuko dituzte antzezlaneko pertsonaia nagusiak. Hiru protagonisten komunikazio gaitasun eza irudikatuko dute.

      Transmedia artefaktu originala eraiki dute. Batetik, istorioak osatzeko eta pertsonaiak sakonago ezagutzeko asmoz, ‘Bunker’ ikuskizuna eskaini zuten apirilaren 20an. Horrez gainera, antzezlaneko giroan murgiltzeko aukera emanez, audiofikzio bat sortu dute, hauezdagerrabat.eus gunean entzungai dagoena.

      Ez zuten kontatu nahi ekintza bakar batean amaitzen zen istorioa. “Unibertsoa hedatu nahi genuen, eta aukera eman digu kontakizunari ikuspegi desberdinetatik begiratzeko eta pertsonaiak ezagutzeko. Saiakera egin genuen ikusleari esperientzia osoagoa eskaintzeko, errealitatearen zantzu handiagoak dituen fikzioa osatuz”, adierazi du.

      “Askotan esaten da antzerkia krisian dagoela. Jendeak antzokira joateko beldurra du -handiegia dela, ez duela ulertuko han kontatutakoa-, eta horri buelta eman nahi genion ekintza txikiagoak planteatuz. Eta bertan ikusmina piztu, gero hurbil dadin antzokira. Alde horretatik pozik gaude. ‘Bunker’ ikusi eta izan zen jakin-mina piztu zitzaiolako antzezlanera etorriko dela esan zigunik”.

      “Ikuslearen barruan zerbait mugitzea” dute helburu. Eta horretarako arte eszenikoek eskaintzen dizkien baliabide guztiak erabiltzeko apustua egin dute. Hitza, musika -Igor Arzuagak propio sortu du piano konposizioa-, gorputza, dantza eta isiltasuna. Denek dute tokia.

      Lanak ez du mezu bakarra. Anitzak dira iradokizunak. “‘Koldarrak bagara gerra ez da inoiz amaitzen’, dio Magentak bukaera aldera. Antzezlanean zehar jakingo dugu Lei eta Zan-en bikote haustura ez dela lehenengoa hamar urtetan. Baina arazoei heldu gabe, ezer konpondu gabe jarraitzen dute. Eroso daude horrela. Koldarkeriak batzuetan heriotzatik salbatzen gaitu. Ausardia gehiegizkoak beharbada hiltzea eramango gintuzke, eta, aldi berean, koldarkerian jarraituz gero ez da ezer aldatuko. Ez dago mezu argirik, kontrajarriak dira. Pertsonak kontraesankorrak gara eta gure ideiak ere halakoak dira”.