Euskarazko antzerkia, taulan
Iraia Vieira Gil
Berria, 2023-05-11

      Publiko gaztea erakarri nahi du aurten Gasteizko Zurrunbilo jaialdiak. Igandera arte iraungo du.

      Euskarazko arte eszenikoak sustatzeko asmoarekin, Zurrunbilo antzerki jaialdia antolatu dute aurten ere Parasite kolektiboak eta Baratza aretoak, Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, EHUren eta Laboral Kutxaren babesarekin. Euskarazko sorkuntzei espazioa eta denbora eskaintzeaz gain, gazteak eta etorkizuneko belaunaldiak arte eszeniko garaikideetara erakarri nahi dituzte oraingo honetan. Publiko berria sortzeko, beraz, proposamen eszenikoen aukeraketa zaindua prestatu dute, eta jaialdiaren aurreko emanaldiak EHUko Gasteizko campusean egin zituzten joan den astean. Bihar hasiko da, baina, jaialdia bere ohiko formatuan, eta askotariko aukerak eskainiko dituzte igandera arte.

      Zurrunbilo jaialdiaren zortzigarren edizioa da aurtengoa, eta, txertatu dituzten helburu horiek betetze aldera, tokiko konplizitatea sortzen eta beste lurralde batzuetako programa eszenikoekin loturak egiten saiatu dira antolatzaileak. Hala, bost emanaldi aurkeztuko dituzte guztira, eta, horrez gain, Artxibo Biluzia dokumentazio tailerra antolatuko du Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Larunbatean eta igandean egingo dute tailerra, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30etara, eta edonork eman ahalko du izena. Parte hartzaile bakoitzak lan dokumentalean oinarritutako ekintza propioa sortu beharko du, eszenikoa izan ala ez.

      Satiro izeneko pieza laburrak irekiko du bihar jaialdia, 20:00etan. Xanti Agirrezabalak sortu du, eta sexu instintu gordinenak irudikatzen dituen izaki “lizun, likits, zantar eta haragikoia” du protagonista. Horren segidan, Meteo ikuskizuna aurkeztuko dute Miren Narbaizak eta Itziar Garaluzek. Eguraldiaren iragarpenetatik abiatuta, lurrarekin eta naturarekin gizakiak duen harremanaren inguruan hausnartzen duen pieza da, eta ikus-entzunezkoak eta zuzeneko musika nahasten ditu.

      Larunbatean emango dituzte hurrengo bi ikuskizunak, eta, ostiralean bezala, 20:00etan hasiko dira. Maren Basterretxearen Igaro antzerki fisikoko obra laburra emango dute lehenengo, eta “amets hautsien dantza ospatzeko garaiaren” inguruan pentsaraziko dio publikoari. Memoriaz, oroitzapenez eta denboraz hausnartzera gonbidatuko du ikuslea, ondoren, Peru Galbeteren Uraren oldea ikuskizunak. Ahotsa, loop-a eta bideoak nahasten ditu lan horrek.

 

      Azkenekoa

      Eresia, lurra arin bekizu, ama piezak emango dio amaiera jaialdiari igandean, 20:00etan. Oier Zuñigaren lana da eta, beste batzuen artean, dantza, kantua eta interpretazioa bateratzen ditu. Heriotzaren inguruan hausnartzeko bidea irekiko du piezak: “Maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin? Nola agurtu? Nola begiratu bizitzari? Maitasuna da akaso guztiaren erantzuna?”. Erantzun horiek aurkitu nahian, oholtza gaineko ekintzak ezohiko dolu erritu kolektiboak bilakatuko dira.

      Baratza aretoan eskainiko dituzte jaialdiko lan guztiak.