Harrizko Aresti hura
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-01-26
“Kaio luma zikina”

Izenburua: Kaio luma zikina. Testuak: G. Aresti. Dramaturgia: P. Telleria. Konpainia: Maskarada. Zuzendaritza: K. Panera. Perkusioa: A. G. Gorria. Ikus-entzunezkoak: E. Lorente. Erdarazko testuak: S. Burutxaga. Antzezleak: P. Telleria, M. Martinez. Lekua: Bilboko Bilborock aretoa. Data: Urtarrilak 23.

      Aspalditik datorkio Maskarada taldeari Gabriel Arestirekiko zaletasuna, kontuan hartuta behintzat duela hamabi urte-edo Oskorrirekin plazaratutako muntaia ahaztezin hura, Harrizko Aresti hau zeritzona. Eta eskertzeko modukoa da esandako talde bien zaletasun hori, beraiei esker mantendu delako publikoki bizirik bilbotar bakar batzuen bihotzengan gordeta zegoen miresmena.

      Egia esan, askoz gehiago gustatuko litzaidakeen idaztea “bilbotar askoren edo gehienen bihotzengan”, baina, duela hilabete batzuk Bizkaiko manexak elkarteak antolaturiko omenaldia ikusirik, ezin dut benetan besterik esan egiari huts egin barik. Zorionez, badirudi Bilboko euskal poetarik zintzoena eta gizon argienetarikoa izan zena dagokion tokia berreskuratzen ari dela apurka-apurka, neke askoren artean eta euskaltzale temati batzuen ahaleginari esker bada ere. Maskarada taldearen eskutik etorritako Kaio luma zikin hau horren erakusgarri izan daiteke.

 

      Arestiren hainbat testu

      Antzezlanaren egitura aztertzen hasita, Arestik emandako hitzaldi baten inguruan eratuta dagoela dirudi, baina, egiatan, esandako hori hasierako aitzakia besterik ez da, emanaldian poetaren hitzaldi batzuez gain beste osagai asko agertzen baitira, hala nola berak idatzitako antzerki lan bi —haietariko bat zer eta tobera bat, harena bai ausardia!—, iritzi artikulu batzuk —ezin galtzeko modukoak Euskaltzaindiari edota euskaldun berrioi buruzkoak—, hainbat gutun eta itzulpen harrigarri, Brechtiar kutsu eta mailako poesia mordo bat (Ez zazue tapa gizonaren ahoa, Iltzen naizenean edota Nire aitaren etxea ezaguna tartean), eta, beste edozeren gainetik, Olerkaria (Denporatik ateratzen den probetxuaren ipui barregarria) izeneko ipuin liluragarria, berez Nobel saria mereziko lukeena bere soiltasun biluzian, mundu honetan justiziarik balego.

      Barka egidazue, lagunok, antzezlan baten testuarekin hainbeste luzatzeagatik, baina, ulertuko duzuenez, hitzak dira muntaia honetako gatz eta piperra. Horrela ulertu dute Maskaradako lagunek, eta bide beretik joan da Patxo Telleriaren dramaturgia aberasgarri eta arin-arina, Arestiren testuei ohorezko lekua uneoro utziz eta, aldi berean, Arestiren ideiek sortutako eztabaidak eta liskarrak ederki islatuz Mikel Martinezek gorpuztutako zenbait pertsonaia histrionikoren bitartez.

      Izan ere, Arestiren pertsonaiak (Patxo Telleriak antzeztuak) orduko euskal gizarteak botatako irainak eta kritika gupidagabeak jasotzen ditu emanaldian zehar, Mikel Martinezek bere aktore gaitasun itzelak erakusten duela Euskaltzaindiko kide, bilbotar erdaldun peto-peto, euskaltzale folkloriko edota udaleko agintari gezurtiarena egiten duen bitartean.

      Bestalde, ezin ukatu benetan perkusioak lan honetan jokaturiko rola. Hasieratik bertatik entzuten dugu Adolfo G. Gorriak jotako bateria aberatsa —Bilboko itsasadarreko garai bateko paisaia industrial ederrak atzealdean proiektatzen direlarik— eta zalantzarik gabe gomendatzen dizuet lan hunkigarri hau ikustea (entzutea hobeto esanda) berak sortutako soinu delikatuengatik besterik ez bada ere.

      Amaitzeko, zer esan ahalko dut ba, bilbotar eta euskaldun berri naizen aldetik: etor zaitezte, lagunok, Bilbora, Euskal Herritik edozein lekutatik ere, antzezlan miresgarri hau ikustera, aroak eman digun poetarik kementsuenaren hitzekin gozatzera, gure herriak bizi izan dituen eta zoritxarrez bizi dituen kontraesanak ezagutzera, ez zaitezte damutuko eta.