Taldea: Tanttaka Teatro. Zuzendaria: Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo. Aktoreak: Elena Irureta, Ane Gabarain, Jose Ramon Soroiz eta Ramon Agirre. Musikaria: Anjel Unzu. Testuaren egilea: Quim Monzo Itzultzailea: Ramon Agirre. Abestien itzultzailea: Joxerra Gartzia. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Data: Otsailaren 15a.
Indartsu dabiltza Tanttaka taldekoak. Joan den astean arrakastatsu estreinatu zuten Errudun jaioak eta aste honetan, berriz, Hor dago koxka antzezlana aurkeztu dute. Aurrekoan ezinegona islatzen zuen ekoizpena eskaini zuten, eta oraingo honetan komedia kutsua duen antzerki lana ekarri digute. Lana Quim Monzo idazle katalanaren El perque del tot plegat (Gauzen zergatia) ipuin bilduma ezagunean oinarritzen da ikusleari une goxoa igaroarazteko.
Ekintzan lagungarri diren osagaiak baino agertzen ez dituen agertoki hutsean; aktoreek beren baliabideen soiltasunarekin Monzok asmatutako hainbat istorio maisuki kontatuko dizkigute. Bi bikoteen harremanak nola garatzen diren ikusiko dugu, betiere idazlearen kutsu surrealista eta ironikoaren estiloa azalaraziz.
Kantua oinarrizkoa
Liburua ezagututa zaila egiten da dramaturgia bat irudikatzea, baina zuzendarien aukerak, bi bikoteen gorabeherak ildo nagusitzat hartuta, horretan laguntzen du.
Hala ere, istorioak lotzeko tartekatzen diren kantuek garrantzi handia dute. Alde batetik, trantsizioak errazten dituzte, eta, bestetik, antzezlanari erritmoa ematen diote. Kantuak zuzenean abesten dituzte aktoreek, Angel Unzu gitarra jolea ere bertan agertzen delarik. Istorio freskoak, irrigarriak, baina era berean, egungo bikoteen harremanen gainean gogoetarako parada ematen dutenak.
Dena dela, jatorrizko ipuinen surrealismoa faltan bota nuen ni. Beharbada, beti gertatzen den moduan, liburua irakurrita edukitzeagatik gertatuko da hau, baina neronek Quim Monzok hain ederki islatzen duen hiri surrealismo hori gehiago espero nuen. Baina tira, gustuak gustu, komedia musikala itxura duen antzezlan hau antzerkiarekin une goxo bat igarotzeko aukera emango digu, ikusleen barre algarek ez zuten besterik adierazten. Eta ikusleak aipatu ditudanez esan dezadan harrituta gelditu nintzela antzokia beteta ikusitakoan. Osteguna zen. Antzerki lan bat euskaraz. Eta beteta. Eta gazteak batez ere. Orain dela urte gutxi fantasia hutsa zen hori. Horrek adierazten du euskararen egoera nahi genukeena ez bada ere, baikorrak izateko arrazoiak baditugula. Eta euskal antzerkiak ikusle zaletu eta zaletzen ari den horri erantzuteko adina argumentuak badituela. Ea horri eusten diogun.