Konpainia: Hiru Punttu. Egilea: Antton Luku. Hurrengo emanaidia: bihar, Hazparneko Mendeala aretoan, 17:00etan.
Berriz taula gainerat itzuli zaizkigu Antton Luku eta Hiru Punttu taldekoak. Eta aitor dezagun segidan, gure plazer handienarentzat.
Antzerkia hotel batean gertatzen da, eta taula gaina bi partetan emana dute. Alde batetik hoteleko private guneak, bestetik bezeroen guneak, beren harrapatzeko beharrezko diren zepo guziekin. Hola ikusten zenuten turismoa zuek? Ihizi partida bat bezala? Eta horrek suposatzen duen ihizi eta ihiztariaren arteko harreman joko guziekin... Bi parte emaite horrek badu interes bat baino gehiago, eta bereziki bat: protagonista mota bakoitza bere tokian jarraitzen ahal dugu.
Balinba ikusleen irri karkaila gehienen iturria hor bilatu behar dugu: nola pertsonaiek gogoan pasatzen zaiena erraiten duten gehiagoko fazoinik gabe ! Nola noizbait guri ere gogotik pasatu zaizkigun gauza ezin erran horiek guziak, gozo gozoa erraiten dituzten beren tokitik!
Beste atsegin bat: bi orenen buruko, turismo kontzeptua bera arras zafraturik jalgitzen da hortik. Bixtakoa dena, turismo saltzaileen alderat —fede gutirekin euskal kulturaren saltzaile bihurtzen zaizkigunak orai— eta beti bezala langileria merkearen esplotatzaile ahalgegabe diren horien alderat, ez ginuen jada sinpatia anitz.
Gero, turistak, mota askotakoak, hiritik ihes egiteko soilik dabiltzanak ala eremu ezezagun eta exotikoen ezagutzerat doazenak, amentsetako lukinken gibeletik doatzin amentsetako lukinkentzat pasatzen dira...
Ustekeria eta egia faltsu anitz beren tokian emanak dira eta Greziako printzesaren pasaia bezalakoek nota ironiko polita dakarte scanner ukaldi horretan.
Lukuren antzerkietan (orai parrasta bat ateraturik baititu) beste gauza bat ere agrada zaigu. Ez da politikoki zuzena den jenderik. Denak agertzen dira bizian diren bezala, tatxa zenbaitekin han edo hemen, nor bere ahulezia edo gaiztakeria zinikoarekin. Ondorioz, euskaldun izaitearen ustezko zuzentasunaren mito sakratua hautsia da. Horrek ezinegona edo duda sor lezake, eta debatea maiz sortu da antzerki ondoko garagardoen inguruan. Baina jendea ez da tronpatzen, eta geure buruei bota so kritiko horrek karkaila eta pufadura ederrik librarazi du antzerki denboran... on eta gaiztoen manikeismotik urrunago doalako!
Hitz bat antzerki jokoaz. Muntadurak minimoak dira eta sinbolikoan oinarrituak. Antzerkia aberasten dute imajinazioa lanean jarriz eta deusetan trabatu gabe. Kausitua. Argi jokoak minimoagoan daude oraino, aitzineko antzerkian toki handia zutelarik, baina behar den tokian behar denean hauek ere. Eta jokolariak: denak biziki ongi ari, izan profesionalak ala amateurrak ez dugu diferentziarik hauteman ez sentsu batera ez bestera. Erakusten digute, axaleko karaz barnago lantzen delarik, pertsonaien karra aurkitzeraino lantzen delarik, fruitu ederrik aurkitzen dela. Eta ez bat edo beste bereizteko taldetik, baina batzuk besteen aberasteko antzerkiaren onetan.
Misterioa nagusitzen utzi
Iruzkin hau ezin genezake burura Maņe aipatu gabe. Hau da funtsean ixtoria honetako pertsonaia enigmatikoena. Hotelaren azpian bizi da zikin-ontzi eta hondarkinen artean uda guzian, baina honek du manatzen negua jin deneko. Berak du atxikitzen iduriz leinu zaharraren usaien pratika eta lur honekilako jakitatearen jabetza... Antzerkia bururatzean turisten harat-hunarat guziak iraganak direlarik da azkartzen Maņeren inguruko korapiloa, misterio kutsu handi batez estaliz azken segundak, Irazokiren kantu batek denak airoski despeditu aitzin... Hori da ere obra hunen xarma, letzione emaiteari uko eginik, misterioa nagusitzerat uztea etxerako bidean... gogoaren izkina batek alhan jarrai dezan handik aitzina ere.
Merezitu arrakasta bildurik jadanik iparralde honetan, balio luke hegoalderat ere agerraldi zenbaiten egitea, ezen hor ikusten baita turismoaren axaletik barnago —izanik ere turismo kulturala edo militantea— ingurumenarekilako eta munduarekilako nolako harremanek oratzen duten hemengo jendartea.