Antzerkiaren plaza
Katixa Garate
Argia, 2003-09-28

      Tarregara iritsitakoan, aho zabalik geratu ohi da estreinakoz doan ikuslea. Hiruzpalau egunez antzerkiak hartzen du Lleidako herria eta hark ikuslea harrapatzen du. Herriko plazak, kaleak, kiroldegiak, eskolak... eszenatoki bilakatzen dira; izan ere, antzoki bakarra dago 14.000 biztanleko herrian: Ateneu. Kale ikuskizunak, malabar saioak, akrobaziak, clownen saioak... topatzen ditu iritsi berriak nonahi. Antzerkiaren jaiak dira. “Antzerkiaren sanferminak dira”, zioen bertan topatu genuen antzerkizale tolosar batek.

      Izatez, antzerki feria bat da. Fira de Teatre al Carrer-eko zuzendaritzak hautatutako antzerki taldeak euren lanak aurkeztera joaten dira Tarregara (107 talde 117 ikuskizunekin aurtengoan, erdiak gutxi gorabehera talde katalanenak) eta programatzaileak (891 profesional akreditatu bildu ziren) haiek ikustera joaten dira gero antzokietan edo herriko plazetan programatzeko. Baina hori baino askoz gehiago da, jaialdi erraldoia da. Jende andana gerturatzen da kale nahiz aretoko ikuskizunez gozatzera, euskaldun dezente ere bai. Egunpasa egitera doaz ikusle batzuk, eta Fira amaitu arte izaten dira bestetzuk. Azken horiek herrian bertan edo ingurukoren batean hartzen dute ostatu edota Tarregako kanpinean nahiz furgonetetan pasatzen dute gaua edo goizaldea. Alabaina, egun osoan izaten da zer ikusi. Goizeko hamaiketan izaten dira lehen ikuskizunak eta gaueko ordubietan azkenak. Kaleko gehienak doakoak izaten dira eta eremu itxi edo aretokoetarako sarrera ordaindu beharra dago. 5 eurokoak dira merkeenak eta 14 euro balio dute sarrera garestienek. Doakoak ikusteko, antzezlana hasi baino ordubete inguru lehenago joatea komeni da lekua hartzeko, bestela jai dugu.

 

      Kaletik aretoetara

      Firaren hasieran kaleko ikuskizunak izaten ziren bakarrik. Tarrega herriko jai egunarekin bat eginik, festa giroa sortzea, jendea antzerkira hurbiltzea eta konpainia eta programatzaileen arteko harremanak sustatzea zuen helburu. Denborarekin aretoko antzezlanak ekartzen hasi ziren Tarregako Antzerki Feriara eta merkatu izaerak garrantzia handiagoa hartu zuen. Kaleko jaiak ere indar handia du oraindik, baina giroa pitin bat aldatu dela adierazi digu bertan topatutako tolosarrak: “Duela bost urtetik hona etortzen naiz eta nire ustez kaleko magia galdu egin da apur bat. Lehen kale antzerki gehiago zegoen, azken bi urte hauetan ordea apaldu egin da kaleko jai giroa, eta gune espezifikoetara eraman dute”.

 

      Aurtengo izarrak

      Zaila da Tarregan izan diren ikuskizun onenen zerrenda ematea. Gustuak izaten dira askotan tarteko. Sarrerak agortu dituzten taldeak Comic Trust (“White Side Story”), Vania Produccions (“Super-Rawal”), Teatre de Guerrilla (“EEUUropa”), Elliot (“The Rock Comedy Show”), Zum Zum Teatre (“La Comèdia dels Errors”), Titzina Teatro (“Folie a Deux, Sueños de un psiquiátrico”), Zozobra Teatro (“El vendedor de Humo”), El Espejo Negro (“Aparirciones”) eta Ados Teatroa (“Las mujeres de verdad tienen curvas”) izan dira. San Miguel enpresak ikusleriaren botoekin erabakitako sariak banatzen ditu urtero eta aurten Al Badulake taldeak jaso du kale antzerki saria “Malaje” lanarekin eta Titzina Teatrok aretokoa.

 

      Euskal Teatroa

      Azken zortzi urtetan euskal antzerkigintzak leku nabarmena du Tarregan. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, Euskal Teatroa karpan euren lana erakusteko eta merkatua zabaltzeko aukera daukate euskal taldeek. Urteon Ados, Kukai-Tanttaka (“1937”), Markeliñe (“Punto.Rabo”), Trapu Zaharra (“íElvis, vete ya!”) eta Hortzmuga (“Matraka”) taldeak izan dira bertan. Deabru Beltzak “Les Tambours de Feu” lanarekin Firak gonbidatuta joan dira. Lehen hirurek aretoko lanak aurkeztu dituzte karpan eta beste hirurak kalean izan dira. Elkarlanean aritzen dira; izan ere, lan martxa frenetikoa izaten dute taldeek, emanaldi asko eskaini behar dituzte denbora gutxian, ordutegi berezietan... Egun gogorrak izaten dira.

      Dena den, gustura aritu dira taldeak. Trapu Zaharrako Santi Ugaldek adierazi digunez, ibilbide oso ona egokitu zaie, oso kale zabala eta gustura lan egin ahal izan dute. Beste urte batzuetan kale estuetan aritu izan dira edota beste konpainiekin topo egiten zuten ibilbidean. Zortzigarren aldia dute Tarregan eta estimu handia dio bertako publikoari: “Lanak estreinatzeko eta antzezteko Espainiako Estatuko lekurik hoberenetarikoa da. Horretan zerikusi handia du Feriaren 23. urtea izatea eta oso errotua egotea. Publiko hezia da eta igarri egiten da. Oso prest agertzen da ikuskarietan parte hartzeko”.

      Markeliñekoak ere (iaz kale ikuskari onenaren San Miguel saria jaso zuten “DSO”rekin) pozik etorri dira Firatik. Aurten laugarren urtea dute bertan. Publikoaren erantzuna oso ona izan dela adierazi digu taldeko kide Jon Kepa Zumaldek. “Punto.Rabo”ren lehen emanaldian arazoak izan zituzten eszenatokia muntatzeko. Teknikariek egiteko asko eta denbora gutxi izaten baitute lan baten eszenografia kendu eta hurrengoarena muntatzeko. “Bigarren emanaldia gaueko 01:30ean eskaini genuen eta jendea apur bat nekatuta zegon. Barreak eta ikusleriaren harrera apurtxo bat motelagoak izan ziren. Gaueko 02:30ean eta oraindik antzerkia ikusten ibiltzea gogorra egiten zaie batzuei. Orokorrean erantzuna oso ona izan da, azken emanaldian antzokia bete egin zen”, esan digu Zumaldek.

      Goiz da oraindik Firak euskal taldeei zer ekarriko dien jakiteko. Programatzaileak askotan Firatik itzultzean jartzen baitira taldeekin kontaktuan. Hala ere, inguratu zitzaizkien batzuk Ferian. “Nahiz eta emanaldi asko ez suertatu, beti da interesgarria halako lekuetan egotea eta zure lana aurkeztea”, adierazi digu Zumaldek.

      Santi Ugaldek lan komertzialaren falta sumatzen du: “Konpainiek autokritika gehiago egin beharko genuke eta zentzu komertziala erneago izan, gure lan artistikoa erakusten dugu, baina Feria aurretik eta ondoren lan komertziala egitea falta da. Jaurlaritzak esfortzu handia egiten du Euskal Teatroaren karparekin, baina zorrotzagoa izan beharko luke emaitzekin, konpainientzat Tarrega merkatu benetan ona den aztertu. Merkataritza baino politika gehiago dago gai honetan”. Beste hutsune bat igarri genuen guk: Euskal Teatroaren baitan ez zeuden euskal taldeei buruzko informazioa.

 

      Publiko fina

      Tarregako ikusleria esker onekoa da. Horretan bat datoz taldeak. Jendea oso prest dago antzerkia ikusteko, jai horretan murgildurik dago eta kaleko emanaldiak hunkigarriak izaten dira. Hiru ikusle mota izaten da Ferian: gazteak (kalean batez ere), 30 urtetik gorakoak (aretoko saioetara joaten dira) eta familiak (haur ikuskizunetara doaz). Talde handiena 20 eta 29 urte bitartekoek osatzen dute (%42). Publikoa oso leiala da, batez beste, 6 urtetan joan baita Firara.