Gaur egungo umorea ogibide duen emakume asko dago bai munduan eta baita Euskal Herrian ere. Baina historian urrunegi begiratu gabe, emakumeek genero honetan jarduteko izandako aukera gizonezkoekin alderatuta, hutsaren urrena izan dela esan daiteke. Emakumeak espazio publikoetan betatuak izan dira, eta honenbestez, baita arte eszenikoetan ere. Jakina da Shakespeareren garaian, Ingalaterra isabeldar hartan, gizonezko gazteek gorpuzten zituztela rol femenino guztiak.
Behin eszenarako jauzia eginda, draman eta tragedian espezializatu ziren lehen emakume aktore gehienak. Emakumearen komikotasuna eszenan beranduago esnatu zen.
Euskal Herrian espreski umorea egitetik bizi diren emakume bakanenen artean dugu Virginia Imaz. Duela 20 bat urte hasi zen gaur Oihulari Klown taldearen zuzendari dena pailazoen munduan. Ordutik Bataclown talde frantsesarekin eta Cirque Du Soleil ezagunean lan egin du. Emakume pailazoen historiari buruzko dokumentazio oso gutxi dagoela dio, eta dagoena oso nahasia dela: “Jakin badakigu zirkoetan emakumeek parte hartu izan dutela pailazo lanetan, baina ia beti gizonez jantzita irteten ziren. Normalean eszena finenak jartzen zitzaizkien, duela mende bat arte emakume bati tarta bat aurpegira botatzea oso gaizki ikusita baitzegoen”. Badira, hala ere, historian nabarmendu diren zenbait emakume pailazo, batez ere XX. mendekoak: Annie Fratellini, Peggy Williams eta Mary Sampere kasu.
Virginia Imazek aktore dramatiko izateari utzi eta pailazo bihurtzea erabaki zuenean, duela 20 urte, ez zegoen ia emakume pailazorik, ez hemen eta ez inon. “Ni hasi nintzenean”, dio, “ez zegoen ia emakume pailazorik, orduan hasia zuten euren ibilbidea gaur egun jada izen handia duten zenbaitek”. Hasierako urteetan, hortaz, jendearen aurreiritzien kontra borrokatu behar izan zuen Virginiak, sudur gorria emakumeen adierazpenerako tresna ere izan zitekeela defendatuz: “Egiten genuena heresia bat zela esaten ziguten, emakumeok ezin genuela sudur gorria jantzi, hori burugabekeria zela”.
Gaur egun gauzak pixkanaka aldatuz doaz eta badira mundu guztian zehar umorea lantzen duten emakume aktore andana. Klown edo pailazoetan ezagunak dira Angela de Castro, Julie Goell, Nola Rae, Sue Broadway, Caroline Dream eta abar luze bat. Euskal Herrian ere badira aipatzekoak: Virginia Imaz bera, Trokolo taldeko Isabel Aisa, Zirko Ttipia taldeko Kiti Cancel, Pikor taldeko Annarita Fiaschetti eta beste hainbat.
Andorra, emakume pailazoen topaleku
Orain arte aipatutako pailazo gehienak Andorrako hiriburuan elkartu ziren iragan maiatzean, bertan ospatu baitzen bigarren aldiz Nazioarteko Emakume Pailazoen Jaialdia. Astebetez komikotasun femeninoaren inguruko hitzaldi, eztabaida eta tailerrak antolatu zituzten mundu guztitik ailegatutako pailazoek, eta nola ez, baita euren ikuskizunak taularatu ere.
Jaialdia sortu zenetik bertan aktiboki parte hartu du Virginia Imazek, tailerrak eta hitzaldiak eskainiz. Oihulari Klownek ere bere lanak erakutsi ditu. Zuzendariaren ustez komikotasun femeninoak baditu ezaugarri berezi batzuk: “Pailazoak bere buruaz barre egiten ikasi behar du, bere gorputza abiaburutzat hartuz. Horregatik ezinbestekoa da bere sexuaz ohartzea”. Virginiaren ustez, ordea, emakumezko eta gizonezkoek duten komikotasun ezberdintasuna ez da espresuki sexuak eragindakoa: “Nire ustez bi emozio mota daude: unibertsalak diren oinarrizko emozioak batetik eta eraikuntza kulturalarekin lotutakoak bestetik. Azken honetan sartuko nituzke gizon eta emakumezkoek umorea egiteko egun dituzten ezberdintasunak”.
Andorran izan zen baita ere Merche Ochoa, Iruñean jaio arren Bartzelonan klown ikastaroak eskaintzen urteak daramatzan pailazoa. “Komikotasuna oso gauza pertsonala da”, aitortzen du, “ez daude bi komiko berdin munduan, baina egia da, badirela gaiak esklusiboki femeninoak direnak. Emakumeek gainera gauza asko dauzkagu oraindik esateko”.
Elkartrukerako gune apropos bilakatu da Andorrako jaialdia, emakumeek euren antzezlanak trukatzeaz gain lanbidean dituzten gorabehera eta zailtasunak alderatu baititzakete. Azken batean generoak markatzen duen ezaugarri komun hori konpartitzeko aukera ematen du. Oso egoera bereziak sortzen dira jaialdian: “Guztiak emakumeak garenez halako identifikazio bat ematen da eta memento hunkigarriak bizitzen dira”, dio Imazek. Aurkeztutako ikuskizunetan, gainera, baziren behin eta berriro errepikatzen ziren gaiak, direla etxeko lanak, dela maitasuna, dela hilerokoa... “Nire ustez gizartean gizon zein emakumeak aukera berdintasunean heziz doazen heinean umorea egiteko eta bizitzeko moduak ere berdinduz joango dira”, dio Imazek.
Etorkizunean indartsuago
Emakume pailazoek azken 30 urteetan eginiko iraultzak belaunaldi berriengan eragina izan du. Pailazo ikastaroetan gero eta emakume gehiagok izena ematen du sudur gorriaren misterioak erakarrita. Merche Ochoak aldaketa handia nabaritu du azken urteetan: “Interes handiarekin datoz emakumeak ikastaroetara. Gero eta emakume gehiago gerturatzen dira eta gero eta gazteagoak gainera”. Virginia Imaz ere oso baikor azaldu zaigu belaunaldi berrien inguruan: “Nire ustez Euskal Herrian pailazoen kontua oso indartsu dago azken boladan, harrobi handia dago. Gipuzkoan soilik bospasei irakasle bagabiltza ikastaroak ematen, eta horrek guztiak harrobia sortzen du. Emakume pailazo oso politak daude, oraindik esperientzia falta dutenak agian, baina oso onak direnak”.
Pailazoek oro har izaten dituzten zailtasunez gain emakume izatean dakarzkienak gehitu behar izaten dizkiote emakume pailazoek. Oraindik ere sasiz betetako zelaia saihetsi beharrean izaten dira maiz emakume pailazoak.
Jaiotzen ari diren aktore berriei elkargune berri bat sortzeko beharra ere sentitzen du Oihulari Klown taldeko zuzendariak. Izan ere, Arrigorriagan urtero egiten den Magia, pailazo eta arte kaletarren erakustaldiaz gain Euskal Herrian ez dago pailazoen beste jaialdirik: “Nik badut gogoa hemen pailazoen jaialdi bat antolatzeko. Ez litzateke soilik emakume pailazoen jaialdi bat izango, jada Andorran badagoelako horrelako bat, baina gizon eta emakumeen partehartzea orekatua bultzatuko luke”.
Kontratu gutxiago
Pailazoen artean gizon eta emakumeen egungo ezberdintasunez galdetuta zera erantzun digu Merche Ochoak: “Ezberdintasun handiena kontratu kopuruan dago, oraindik ere, emakume izateagatik gutxiago kontratatzen baikaituzte”. Virginia Imazek ere pairatu du diskriminazio hori, hemen Euskal Herrian: “Beto antzeko bat daukagu, gure lanak gazteria edo euskara sailetara bideratu behar ditugu eta ez kulturara. ‘Virginiak emakumeen gauzak egiten ditu’, entzun izan dut behin baino gehiagotan, egiten duguna kultura ez balitz bezala”. Batez ere antzerki aretoetako programatzaileek duten jarrera salatzen du Oihulari Klown taldeko zuzendariak: “Oraingoz aretoetara zer eraman erabakitzen dutenak gizonezkoak dira, nolabait feminista usaina eduki dezakeen oro errezeloz begiratzen duten gizonezkoak”.
Zailtasunak zailtasun, ordea, behin klownaren mundua ezagututa nekez utzi daitekeela aitortzen dute gehienek: “Lan gogorra da baina esker onekoa. Ikusleen barreak entzutean, dena ahazten zaizu. Nik maite dut nire lana eta ez nuke ezerengatik aldatuko”.