Bizitzak figurante bilakatu hau, Manuel
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2003-12-21

      Duela urtebete estreinatutako “Ai, ama!” oraindik ere egunkarietako agendetan bizi-bizi dagoela, Hika konpainiak “Ixa” antzezlana estreinatu berri du. Donostiako Gazteszena aretoan egin zuen talde gipuzkoarrak aurkezpena azaroaren 20tik 23ra, euskaraz eta gaztelaniaz. “Ai, ama!” paperetik oholtzara eramateko elkarrekin lanean aritu ziren Hikako Agurtzane Intxaurraga eta jatorrizko testuaren sortzaile Arantxa Iturbe. Esperientzia hura positiboa izan zen bientzat eta, hortaz, elkarlanean jarraitzea erabaki dute, “Ixa” antzezlana idatziz. Ondoren, Agurtzane Intxaurragak berak hartu du zuzendaritzaren ardura, eta Mikel Laskurainek, aldiz, Manuel Tejero Benitez protagonistaren rola betetzearena. Zuzendari laguntzaile Tessa Andonegi aritu da.

      Azken urteetan Hika konpainia antzerkiaren merkatu hauskorrean leku bat bilatzen dabil. Dena den, guztiz komertzialak diren lanak baztertu nahi dituzte, benetan gustuko dutenaren eta merkatuak eskatzen duenaren arteko orekari euste aldera. “Bihotza eta burua erabili dugu azken antzezlan hau sortzerako orduan”, dio zuzendariak, “Guk kontatu nahi genuena kontatzen dugu, baina beti ere saiatu gara enpresa ikuspegi batekin, Ai, ama antzezlanari lehiarik ez egiten”. Diru-laguntza publikorik gabe eginiko muntaia da.

      “Ixa” ez da aurreko lana bezain poetikoa, eta darabilen umorea ez da hain zuria. Gordinagoa da. Ikuslea aretora sartu ahala, “Ixa” izenordez ezagunagoa den Manuel Tejero Benitez, txima luzedun ileordea jantzita, jendearen artean nahasten da, bera ere antzezlana ikustera etorri baita, hori bai, soldatapean. Denak besaulkietan eseri bezain laster, ordea, ahots batek ezusteko albistea emango du: “Ikuskizuna atzerapenarekin hasiko da, antzezlana eskaini behar zuen taldeak Errumaniara itzuli behar izan duela-eta. Barkatu eragozpenak”. Ezusteko gertakari honegatik izan ez balitz, ziur aski, ez genukeen Manuel Tejero Benitez “Ixa” sekula ezagutuko, izan ere, oso ondo egiten du bere lana: jendearen artean atentziorik eman gabe ibiltzea, alegia. Edozein ekitalditan betelana egitea du Manuelek ofizio.

      Gaurkoan, ordea, benetan haserretu da protagonista bilakatutako figurantea, antolatzaileek ez baitizkiote hitzartutako 60 euroak ordaindu. Guztiz sututa, agertokira igo eta bere eskubideak aldarrikatuko dizkio ikusleari, bere bizitzari buruzko xehetasunak emanaz bidenabar: “Politikoek bai, horiek ondo ordaintzen dute, bai konstituzionalistek eta baita nazionalistek ere. Antzerkikoek, ordea, ez dute sekula dirurik!”, dio. “Oso biszerala da. Ez du printzipio handirik, egunean egunekoa bizi duen tipoa da. Badu nahiko lan bere buruarekin!”, dio Mikel Laskurainek. Minutuek aurrera egin ahala egoera estutuz doa antzezlanean, eta protagonistak erabaki gogor bat hartuko du. Ikusleak antzezlanaren parte bilakatuko dira, bat-bateko figurante.

 

      Barrikadetatik figuraziora

      Baina mitinetan, kultur ekitaldietan, erromeriatan, aintziren inaugurazioetan edota ezkontzetan betelanak egitera iritsi aurretik, Manuel Tejero La Naval ontziolan lan egindakoa da. Bertan kaleratze masiboak egin zituztenean gogor egin zuen enpresarien aurka. Barrikadetan lehen lerroan aritu zen borrokan. Urte mordoa egon zen langabezian hura eta gero. “Hasieratik genuen garbi antzezlan sozial bat egin nahi genuela, gaur egungo arazoak dituen protagonista sortuaz. Kasik reality show bat egitera iritsi arte”, gaineratu du Intxaurragak.

      Hikakoen ustez antzerki bakarrizketek halako errezelo bat sortzen dute jendearen artean eta horregatik, “Ixa”, aktore bakarreko lana izan arren, antzerki ikuskizun bezala agertu nahi izan dute: “Pena da baina denoi pasa izan zaigu noizbait burutik: A ze txapa ordubetez pertsona bakarra hizketan entzutea. Nik ideia horrekin apurtu nahi izan dut. Horretarako eszenan elementu pila bat erabiltzen dira, jendeak ahaztu dezan oholtzan pertsona bakarra dagoela”. Hori dela eta, oihal erraldoien gainean eginiko bideo-proiekzioek berebiziko garrantzia dute. Koldo Leniz arduratu da bideoen errealizazioaz. Joxan Goikoetxeak hautatutako rock gogorreko musikak ere eszena betetzeko baliagarriak dira.

      Mikel Laskurainek gogo onez ekin dio aktore lanari, eta “laugarren horma” hautsiz eroso sentitzen dela dio: “Bakarrizketa batean jendearekin hitz egin ahal izatea eskertzekoa da niretzat. Ikuslearen erreakzioek freskura handia ematen diote antzezlanari”. Azken urteetan kale antzerkia egiteak —besteak beste Trapu Zaharra taldearekin— ere lagundu diola aitortzen du aktoreak. Estreinaldiaren egunean gustura aritu zen ikusleekin harremanean. Hala ere, oraindik ere pertsonaiari zuku gehiago atera dakioke.

      Muntaia prozesua ez da samurra izan. Mikel Laskurainek orain arte erakutsi ez zigun alderdia azaltzen du eszenan, eta hori, landu beharreko kontua izan da. “Beste lanetan bezala, honetan ere jardutea da kontua. Baina egia da fisikoki esfortzu handia izan dela niretzat, eta ez soilik eszenan gora eta behera nabilelako, baizik eta pertsonaiaren gorpuzkera, hitz egiteko moduak eta abarrak landu behar izan ditudalako”. Protagonista aktorearengandik nahiko urrun egoteak ere esfortzu bikoitza eskatu dio aktoreari: “Mikelek normalean pertsonaia sinpatikoak egin izan ditu orain arte, baina horrekin hautsi nahi izan dut bakarrizketa honetan. Nolabait pertsonaia aktorearen kontra zegoen, baina uste dut horregatik zela erakargarria”.

      Taldeak batez ere antzezlana euskaraz eskaintzeko asmoa badu ere, Ritxi Lizartzak gaztelaniara eginiko moldaketa ere, Equis, antzeztuko dute zenbait herrietan.

 

      Ibilian egindako bidea

      Antzerti eskolako azken ikasturtean, Alpargatas cuando llueve muntatzea egokitu zitzaien bertako ikasleei. Estreinaldiaren ostean “Freskoak eta gazteak” zirela iritzi zion Begoña del Tesok prentsan idatzitako kritikan. Hala, arrakastak ematen duen indarrarekin, Hika sortzea erabaki zuten ikasle talde hartako bederatzi lagunek, 1990.ean. Batez ere hiru helburu zituzten: gertuko teatroa egitea (horregatik taldearen izena), eguneroko gaiak lantzea eta talde-lanetik sortutako lanak eskaintzea.

      Taldearen ibilbidea kale antzerkiarekin abiatu zen. Eta ohea egin gabe eta Chaplin tropela izan ziren lehen lanak. Geroago heldu ziren Henry Bengoa inventarium, Euskaloff 2050 eta Arraultza delikatuak. “Lehenengo urteetan dena taldean egiten genuen, egun osoa horretara dedikatuz. Oroitzen dut Chaplin tropela muntatzeko sei hilabete eman genituela”, dio hasieratik Hikako kide den Agurtzane Intxaurragak. Denborarekin, baina, Euskal Herriko konpainia gehienek bezala, enpresa bilakatu ala ez erabaki behar izan zuten. Baietz erabaki zuten ia halabeharrez, “eta ordutik bidea oso gogorra izan da, bizirautea zaila baita oso”, azaldu digu Intxaurragak, “Guri sekulako kontradikzioak sortzen dizkigu. Ekoizteko egunak kontatuta daude eta ondoren, banaketa on batek eta audientziek agintzen dute. Horrek rollo txarrak sortzen ditu”.

      Krisia izan zuen taldeak duela hiru urte. Sortu zenetik, gero eta kide gutxiago zituen. 2000.ean, azkenean, lau izatetik hiru izatera pasa ziren. Agurtzane Intxaurragak ondo oroitzen du momentu hura: “Ai, ama antzezlanaren aurretik izan zen. Taldekide hark utzi zuenean, gelditzen ginen hirurok ere ez genuen indar askorik. Kontua da aurrera egitea erabaki genuela, baina oraindik ez gara zulo horretatik guztiz atera. Adinak gauza asko aldatzen ditu eta beste ardura batzuk ditugu: familia, haurrak... sarritan pentsatzen duzu ea hainbesterainoko esfortzuak merezi ote duen”.

      “Ai, ama!” eta “Ixa” ikuskizunekin hartutako energiak, baina, inertzia sortu du nonbait, eta dagoeneko taldeak proiektu berri bat du buruan. Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Agurtzane Intxaurraga taldekideek Arantxa Iturbe kazetari eta idazlearekin duten harreman ona dela-eta, elkarrekin jarraituko dute datorren urterako “proiektu handi” horretan lanean. Dena dela, ezin ezer ziurtzat eman, izan ere, taldekideek euren poltsikoetatik inbertitutako diruarekin sortu baitute “Ixa”, diru-laguntzarik gabe: “Hika taldekoen beste soldatei esker bizi da gaur egun, hori garbi dago”. Horrexegatik antzezlan bakoitzak duen harrerak guztiz baldintza dezake taldearen biziraupena.