Taldea: Markeliņe. Lekua: Zornotza aretoa Eguna: urtarrilaren 2a.
Urte berriari ezin hobeto ekiteko, Markeliņeren azken sorkuntza lanaz gozatzeko parada izan dugu. Igandeetan, piratek jai deitzen da estreinatu berri den obra eta bertan istorio eder bat azaltzen digute Zornotzako taldekoek.
Antza denez, neska protagonistari bere amonak gorri koloreko lepoko bat ezkutatzen zion kutxatxo batean haurra zenean, ilobak gero bila zezan, piraten altxorra balitz bezala. Eta orain, nagusitan, jolas hartaz gogoratzen da neska, fantasiarantz doan ateak berriro zabalduz.Markeliņeren estilo ezagunari jarraiki, keinuak eta aktore lana dira nagusi oholtza gainean. Eta haiekin batera, umeen zein nagusien irudimena pizten duen lengoaia eszeniko soil, garbi eta berezia. Soila, elementu gutxi-gutxirekin lortzen dute ideiak komunikatzea, emozioak piztea. Garbia, hau da, dotorea, sotila, alferrikako apaingarririk gabea, ez faltan ez soberan ezer ez duena. Eta berezia, puntu poetiko propioa dutelako taldeak jorratutako gaiek, eta aurkikuntza bikainak daudelako muntaian zehar, hala materialen erabilera guztiz originalean, nola dramaturgian eta argumentuaren garapenean.
Esandako ezaugarriak betikoak badira ere taldearen ibilbidean, oraingo honetan alderdi bi nagusitzen dira: Bata muntaia osoaren araztasuna da, argien diseinuan eta batez ere musikak dramaturgian jokatzen duen rol funtsezkoan nabaritzen dena. Eta bestea, aktore-lana da, ardo onen antzera etengabe doazelako hobetzen antzezleen energia, haurrekiko komunikazioa eta keinuen adierazkortasuna.