Miren Gojenola: “Jendeari zerbait ematea da kontua, sentimenduak ukitzea”
Juan Luis Zabala
Berria, 2013-08-21

      Aktore gisa ibilbide sendoa osatzen ari da Miren Gojenola, azkenaldian antzerkian lan eginez, batez ere. Antzerti antzerki eskolatik “Goenkale”-ra eta Hika taldera jauzi eginez hasi zuen ibilbide hori, duela ia 30 urte.

      Juan Carlos Rubiok idatzi eta Xabier Agirrek euskaratu eta egokitutako Hiru antzerki lana eskaini du Miren Gojenolak (Lekeitio, Bizkaia, 1968) joan den asteburuan, hiru funtziotan, Donostiako Antzoki Zaharrean, Begoña Bilbaok zuzenduta, Loli Astoreka, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxagarekin batera. Harrera ona izan dute Txalo Produkzioak etxeak ekoitzitako lanaren hiru emanaldiek, hala sarrera salmentei nola izandako harrerari dagokienez. Obra horretaz gain, Hika konpainiaren eta Oinkari dantza taldearen Itsasoaren emazteak ikuskizunaren emanaldietan ere parte hartzen ari da gaur egun Gojenola, Agurtzane Intxaurragarekin eta Oinkariko dantzariekin batera. Txikitatik zeukan eta gaztetan ikusitako hainbat lanek —Maskarada konpainiako Mikel Martinezen Ni eta nire sudurra-ren emanaldi bat dauka bereziki gogoan, Dagoll Dagom konpainiaren batzuekin batera— indartutako zaletasunak eraman zuen 1985ean Antzerti antzerki eskolan sartzeko probetarako izena ematera. Ez gorabeherarik eta zailtasunik gabe, baina ibilbide sendoa osatu du harrezkero aktore gisa.

 

      Zer moduz sentitzen zara Hiru-ko Mertxeren rolean?

      Nik normalean umorerako badaukat joera. Bai umorerako eta bai dramarako ere. Egin ditudan azken paperak umorezkoak izan dira, baina Hiru-koa beste umore mota bat da, testuan oinarrituagoa esango nuke. Hiru-n egokitu zaidan pertsonaia, behintzat, lehenengo zatian, oso neurtua da espresiboki, bai gorputzarekin eta bai hitzekin adierazten duenaren aldetik. Hori niretzat lan gogorra da, edo, behintzat, ahalegin berezi bat eskatzen didan lana, ni berez agertokira energia handiz ateratzen naizelako. Askotan esaten didate: “Zelako energia daukazun, neska!”. Hiru-ren gidoia irakurri nuenean, pentsatu nuen niretzat Mertxe aukera bat zela bestelako pertsonaia bat lantzeko, bestelako lan bat egiteko eta erakusteko. Beti gauza berdintsuak eginez gero, enkasilatzeko arriskua daukagu aktoreok.

      Hiru komedia bat da, baina badu gai sozialen inguruko gogoetarik ere.

      Bai. Barre eginarazten badu ere, komediaren barruan gai sakonak planteatzen ditu: zein den gaurko familia modu onartua, adopzioa…

      Bada umeak izateko adinari buruzko hausnarketarik ere...

      Hori ere bai. Zergatik ez izan ume bat menopausiaren atarian benetan umea izatea desio baduzu?

      Umorea eta dramarako joera duzula esan duzu. Nolako antzerki lanetan sentitzen zara erosoen?

      Gorputza eta hitza, biak konbinatzea eskatzen duten lanetan.

      Barruan duzun energia hori ateratzeko?

      Bai, bai. Baina neurtuta, eh.

      Gorputzaren adierazkortasunari garrantzi handia ematen diozula esan izan duzu behin baino gehiagotan.

      Nik dantza ere egiten dut. Urteak daramatzat dantza garaikideko klaseak hartzen. Antzerkia beste gustatzen zait dantza. Ez daukat dohainik horretara dedikatzeko, ez da nirea, baina ez dut sekula utziko, ahal bada.

      Gaur egun utzia baldin baduzu ere, Goenkale -n egin zinen ezagun aktore gisa. Hasierako pertsonaia, Amaia, desagertu eta gero ere jarraitu zenuen lanean telesailean, aktoreak zuzentzen; eta beste rol txiki bat ere izan zenuen, mojarena. Nolako oroitzapenak utzi dizkizu Goenkale-k?

      Onak, oso onak. Ni 27 urterekinhasi nintzen. Eta orain dela bi urtera arte egon naiz. Umea izan eta umearekin batera ere bai, kameraren aurrean… Ni aktore gisa ezagutarazteaz gain, nire familiari ziurtasun ekonomiko bat ere eman dio hainbat urtetan Goenkale-k.Gainera, aktore izatetik zuzendaritzara pasatu nintzenean, asko ikasi nuen aktoreengandik.

      Arrisku bat badu Goenkale-k, ordea, aktorearentzat: haren irudia telesaileko pertsonaiari itsatsita geratzekoa.

      Nik zortea eduki dut, Goenkale-n egon naizen urte gehienetan Hika antzerki taldean ere egon naizelako, eta telebista eta antzerkia landu ditudalako aldi berean. Nahiz eta askok ni Amaiarekin lotu. Amaiak indar gehiago izaten zuen beti une hartan antzerkian egiten ari nintzen pertsonaiak baino; eta oraindik ere askotan Amaia deitzen didate, eta nik kasu egiten diet. Baina Goenkale egiten nuen aldi berean antzerkia egitea oso lagungarria izan zen.

      Zuzendari laguntzailea ere izan zara, Hikaren Hitzak antzerki lanean, Agurtzane Intxaurragaren ondoan lan eginez. Zer moduz sentitu zinen zeregin horretan?

      Oso gustura. Nik Agurtzane aspalditik ezagutzen dut; lan asko egiten dugu elkarrekin, eta, gainera, oso zuzendari ona da. Gauzak oso argi izaten ditu, eta hari laguntzea erraza izan zen.

      Probatuko zenuke berriro?

      Aukera egokia sortuz gero, bai.

      Zineman ere aritu zara. Hainbat film laburretan ez ezik, bi film luzetan egin duzu aktore lana: Arantxa Lazkanoren Urte ilunak (1994) eta Aizpea Goenagaren Zorion perfektua (2009). Baduzu film gehiagotan parte hartzeko asmorik edo itxaropenik?

      Oso zaila da. Aukera gutxi dago. Ez naiz izango behar den estiloko aktorea. Fisikoa ere behar da. Gaur egun hori oso markatua dago; batez ere, telebistan. Gainera, gure adineko emakumeen kasuan, gehiago; gizonetan baino gehiago. Emakume mota bat behar dute, ez baldin bada justu gure adineko emakumeei buruzko film bat, edo emakume zaharragoei buruzkoa bestela, [Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren] 80 egunean-en kasuan bezala. Gazteagoa izan behar duzu, eta fisiko jakin bat eduki. Orain saltzen den emakumearen itxura izan behar duzu. Bestela, zaila da aukerak izatea.

      Antzerkian ez dago hain mugatua aukera?

      Ez zait iruditzen. Uste dut gure adineko emakumeentzako lanak badaudela. Eta telebistan ere badira adin guztietako jendea behar izaten dituzten telesailak ere, Goenkale modukoak adibidez. Aukera asko ematen dute horrelako telesailek.

      Telebistara itzuliko zinateke?

      Bai, jakina. Baina ez nago ados telebistan lan egiteko aukera guztiei baiezkoa eman behar zaiela esaten dutenekin. Hori ere ez da. Azken batean, istorioaren eta pertsonaiaren arabera erabakitzen duzu baiezkoa eman edo ez; ez medioaren arabera. Hori da behintzat nire kasua une honetan. Nik ez nuke orain edozer egingo telebistara itzultzeko.

      Zer ezaugarri behar ditu proiektu batek zure gustukoa izateko?

      Lehenengo, testua gustatzea. Berdin zait komedia edo drama den. Testua iristea da garrantzitsua. Hiru, adibidez, komertziala da, baina badu bere sakontasuna ere. Dena den, sakontasuna ere ez da derrigorrezkoa. Eskatzen dudana jendeak ondo pasatzea da, eta ikusten badut jendeak ondo pasatzen duela, ni ere gustura sentitzen naiz.

      Umorea nahitaezko osagarria da horretarako?

      Ez, ez da beharrezkoa. Jendeari zerbait ematea da kontua, jendearen barruko sentimenduak ukitzea, jendearen barruak pixka bat mugitzea. Hori lortzen bada, nahikoa. Inondik inora ez nukeena nahi da inor iraintzea testuarekin. Ez dut izenik esango, baina emakumea loreontzi moduan erabiltzen duten obra horietako bat ez nuke sekula egingo.

      Krisi garai betean gaudelarik, egoera ez da batere erosoa aktoreentzat, edo antzerkiarentzat, oro har. Zer egin daiteke, zure ustez, egoera hobetzeko? Zer iritzi duzu, adibidez, EHAZE Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteak egiten ari den lanari buruz?

      Argi dago egoera ez dela batere egokia antzerkiarentzat eta aktoreontzat. Berez, ez da egokia inorentzat. Gure kasuan, nik uste dut krisiaren aurretik ere egoera ez zela batere ona. Eta gero neurri batzuek izugarrizko kaltea egin dute, gainera, BEZaren igoerak, adibidez. EHAZEren lana ez dut oso gertutik ezagutzen, baina zeharka badut haren berri. Uste dut herri batzuetan talde batzuk oso lan ona egiten ari dela zaletasuna pizteko eta indartzeko, eta hori oso mesedegarria dela. Hor sor daiteke zalantza bat, ea nori lagundu behar zaion antzerki amateurrari edo profesionalari. Baina nik uste dut biek, amateurrak eta profesionalak, elkarri lagundu behar diotela. Ez dago besterik. Zaletasuna sustatu, gero antzerkia dagoenean jendea antzerkira joateko. Horrez gain, eskolan antzerkia lantzea ere oso garrantzitsua dela iruditzen zait.