Familia ereduak
Agus Perez
Berria, 2013-08-20
“Hiru”

Ekoizpena: Txalo. Zuzendaria: Begońa Bilbao. Aktoreak: Loli Astoreka, Ana Elordi, Miren Gojenola, Zuhaitz Gurrutxaga. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: abuztuak 17.

      Garai batean ama, aita eta seme-alabak ziren ohiko familia bateko osagai ezinbestekoak, baina gaurko denbora aldakorretan sano aldatu dira gauzak, eta lehen baino askoz ugariagoak dira guraso bakarreko unitateak eta sexu berekoen arteko ezkontzak. Esandakoez gain, beste familia eredu bat proposatzen du Hiru antzezlanak, betiere umore tonuan, printzipioz absurdo dirudien egoera gogoetarako proposamen bitxi bihurtu arte.

      Jatorrizko komediaren egilea Juan Carlos Rubio gidoigile eta antzerkigile espainiarra da, eta Tres izenarekin bataiatu zuen lana arrakastatsua izan omen da Latinoamerikako hainbat lekutan, haietariko batzuetan Él cuando quiere... ellas cuando pueden (Gizonak nahi duenean... emakumeek ahal dutenean) izenburu matxistaren gerizpean. Gurera etorritako bertsioan, ordea, nahiko ondo saihestu da balizko joera tamalgarri hori, eta gehienbat zentratu da hiru emakumeren amets eta bizi-proiektu pertsonaletan, hiruren arteko diferentziak adiskidetasunaren izenean gaindituz eta mekanikoa zirudien gizon baten laguntza beste plano batera eramanez.

      Taula gainean Loli Astoreka, Ana Elordi eta Miren Gojenola ikusi ditugu, zein baino zein erosoago egokitu zaien pertsonaien roletan, eta hiruren kontrapuntu Zuhaitz Gurrutxaga egon da, txukun bera ere zuzendariak ezarritako ereduan. Martin Agirreren euskaratzeak, berriz, batuera estandarrera jo du, eta erregistro neutroan igaro dira argumentuko solasaldi mamitsuak, lagunen arteko naturaltasuna aktore bakoitzaren ahoskera bereziaren menpe geratu delarik. Betiere aktore lanaren arlo horretan, makala egin zait ahotsen proiekzioa, baina, kontrako platerean, eskertzekoa izan da esaldiak esateko erritmo pausatua hartu izana, zuzendariak hain modan dagoen abiadura bizia beldurrik gabe baztertu baitu.

      Azkenik, eskematikotzat jo dezakegu eremu eszenikoaren diseinua, eta aukeran, nik nahiago dut horrelakoa izatea naturalismo zamatukoa baino, era horretan areagotu egiten baita antzezleen presentzia eszenikoa. Horrek, ordea, ahalegin handiagoa eskatzen du haien aldetik, ikuskizunaren emaitza testuaren eta aktoreen barne-indarraren esku geratzen delako. Izan ere, egileak jostailu komikotzat jotzen du bere testua, eta seguruenik arrakasta handiz jokatuko da Euskal Herriko antzokietan, lau protagonistek beren roletan konfiantza hartu ostean eta nork bere pertsonaiari dentsitate handiagoa emanez gero.