Tragedia eta komediaren artean
Myriam Garzia
Argia, 2013-09-29
“Itzala”

Taldea: Kabia. Aktoreak: Florentino Badiola eta Joseba Uribarri. Argiak: Javier Garcia (Kandela Argiztapena). Soinua: Edu Zallio. Ekoizpena: Kabia. Zuzendaritza: Borja Ruiz. Estreinaldia: Irailaren 14an izan zen, Bilboko La Fundicion aretoan.

      Nor, istorio honetako protagonista, kaleko edozein pertsona izan daiteke. Bere emaztearengandik bananduta bizi da, bakarrik, etxe xume batean. Nor deitzen diogu, baina izatez Nor ez da inor. Ez du ezer inportanterik egin: ikasketak utzi zituen eta gaur egun taberna batean lan egiten du, bizitzeko lain ematen ez dion soldata baten truke. Hain da inor ez, izenik ere ez baitiogu jarri.

      Ezustean baina, Nork bisita berezia hartuko du: bera bezala, baina beltzez jantzita dagoen pertsona bat agertuko zaio. Berehala konturatuko da, ordea, bere itzalaren itxura hartzen duen pertsonaia berezi hori, Herioa dela eta bere bila datorrela.

      Hau da, Kabia antzerki taldearen Itzala antzezlanak kontatzen digun istorioa.

      Jokin Oregik —testuaren egilea— bi ipuin izan ditu abiapuntu istorio hau idazteko. Alde batetik, Joseba Sarrionandiak idatzitako Itzalarekin solasa ipuin laburra. Bertan, ipuinaren egilearen eta bere itzalaren arteko elkarrizketa surrealista eta poetikoa irakurri dezakegu. Beste alde batetik, Bernardo Atxagaren Bagdadeko morroia. Bertan Bagdadeko morroi batek herioak mehatxuzko keinua egiten diola ikusten du. Beldurrak jota morroia ihesean doa, azkenean Ispahanera heltzen den arte. Han, ordea, herioa aurkituko du berriro. Bukaeran jakingo dugunez, herioaren hasierako keinua ez zen mehatxuzkoa, harridurazkoa baizik, heriotzak bazekielako gau horretan bertan morroia eraman behar zuela, baina Bagdadetik urrun, Ispahanen.

      Kabia antzerki taldea 2006an sortu zen, Gaitzerdi antzerki taldearen teatro ikerketarako gela edota laborategi gisa. Halare, harreman estua dago antzerki talde bien artean. Horren adibide dugu, Itzala-ko pertsonaia Gaitzerdik Sarrionandiaren imaginarioan oinarritutako “Euria esan eta euria erortzea” antzezlanean agertzen zela, Kabiaren Itzala honen aurretik.

      Kabiaren antzezlan berri hau tragedia eta komediaren artean murgiltzen da, hain da tragikoa gure protagonistaren patua, publikoaren artean barrea eragiten duela, hasiera batean. Apurka-apurka, antzezlana iluntzen doa, soka gero eta gehiago tenkatzen da. Ezsenan, elementu gutxi badira ere —sofa, esekilekua eta mahaitxo bat telefono batekin—, Florentino Badiolak eta Joseba Uribarrik ezin hobeto betetzen dute espazioa. Oso testu teatrala idatzi du Oregik, bakarrizketa, pertsonaiak bere itzalarekin hitz egiten badu ere, itzalak ez baitu hitz erdirik egiten. Formato txikiko obra, pertsonaiekiko gertutasuna handia da, publikoarekiko solasa ere nabariagoa. Herioa eta bere hatsa hurbiletik ezagutu nahi dutenentzat.