Konpainiak: Anodino Teatroa eta Node. Lekuak: Azpeitiko Plaza Nagusia eta Sanagustin kulturgunea. Eguna: Azaroak 8.
Azpeitiko Antzerki Jardunaldietako programazioan mikroteatroaren arloko bi lan interesgarri ikusi ditugu. Lehena —Maita(ka)le borroka— Bilboko Anodino Teatroaren eskutik etorri da eta bigarrena —Cronopia xpress— Donostiako Node antzerki taldeak ekarri du.
Mikel Fernandinoren testuaren izenburuak adierazi bezala, zerbait arraro gertatzen da maita(ka)le borroka horretan. Hasiera batean badirudi hautsak harrotzera etorri dela arkupeetako mahaietan kafetxoak eta garagardoak hartzen gaudenon artean: eskuko bozgorailua darama eta handik animatzen gaitu inposizio-kutsua duen proiektu baten aurka borrokatzera. Ordea, ustezko patruila-auto bat datorrenean, gauzak sano korapilatuko dira eta egoerak hartuko dituen bihurguneek ezustez ezuste eramango dituzte ikusleak.
Tiro baten legez funtzionatzen duen pieza honen jatorrian orain dela urte batzuk ikusi genuen lan bat dago, Bilboko P6k antolatzen dituen Antzerki Laburra jardunaldietan hain zuzen. Orduko hura Amor breve, acto vandálico deitu zen, eta bi sari nagusi parekideetariko bat eskuratu zuen, aho batez gainera. Oraingo hau haren euskarazko bertsioa da, eta orduan bezala, Aitor Fernandino eta Ane Pikaza izan dira antzezleak Getari Etxegarairen zuzendaritzapean. Irreala dirudien egoerak badu bere egiazko puntu posible bat, eta ikusleek benetan eskertu dituzte elkarrizketen sinesgarritasuna, planteamenduaren kutsu sozial hurbila eta, beste ezeren gainetik, aktoreen jardun kementsua.
Jarraian, Sanagustin kulturguneko ataria gurutzatu eta han eskaini digute Cronopia xpress antzezlana Node taldeko kideek. Ion Estalak zuzendu duen obra honek zinema mutuaren aroa ekarri digu gogora, seguruenik elementu gutxiko eremu eszenikoaren estetikagatik, eta han aurkitu ditugun pertsonaiak —Ivan Aizpuruak, Iñaki Cidek eta Anuxka Etxeberriak gorpuztuta— inorako bidaia batean baleude bezala agertu zaizkigu.
Antza denez, Azpeitian ikusi duguna lan luzeago baten parte da, eta momentuz ez dakigu zer gehiago eman dezakeen argumentuak, baina Itziar Urretabizkaiaren testuan hainbat elementu enigmatiko eta misteriotsu azaldu dira. Haien artean aipamen berezia merezi dute treneko megafoniatik esandako mezu surrealistek —aurkikuntza ederra, benetan—, baina solasaldien estiloa hurbil ibili da garai bateko umore zuriaren eremu gozoegitik. Hala ere, ez dugu interesa inoiz galdu eta bai egoeren absurdoak bai antzezleen sendotasunak —presentzia, jantziak, deklamazioa, jarrerak, ahoskera...— portu onera eraman dute muntaia txukun bezain interesgarri hau.