Konpainia: Atx Teatroa. Eszenografia: Asier Sancho Senosiain. Musika: Zarzaparrilla. Jantziak: Ane Galera. Antzezleak: Miriam K. Martxante, Aiora Sedano, Estibaliz Villa. Lekua: Azpeitiko Soreasu antzokia. Eguna: Azaroak 2.
Zer hobea izenburu baterako Zazpiak bat bezalako leloa baino? Egia esan, 7ak bat deitu diote Atx Teatroko kideek Azpeitiko Antzerki Topaketetan estreinatu berri duten lanari, grafia zertxobait aldatuta eta, sakonean, guztiz aldenduta jatorrizko esanguratik.
Ordea, izenburuak daraman bigarren lerroari erreparatuz gero Gaiztoetan gaiztoenak, laster helduko gara sortzaileek nahi duten eremura, alegia, zazpi bekatu nagusien eremura. 7ak bat-en aurkezpena zela-eta Iņaki Ziarrustak zioen “Elizari gauza asko zituela esateko”, baina nik uste dut muntaia honekin gauza asko esaten dizkigula gu guztioi, ez bereziki gure bizimoduaz, baina bai gure izaeraz, portaerez eta besteekin ditugun harremanez. Azken finean, gizaki egiten gaituenaz egiten du berba antzezlan ausart, fresko, dibertigarri eta beharrezko honek. Eremu eszenikoaren biluztasun erabatekoa lazgarria eta guzti iruditu zaigu hasiera batean. Dena zegoen hutsik eta beltz, eta hori koloreko foku batzuek argiztatzen zuten lurralde desolatua, gizakioi moralki egokitu zaiguna bezain idorra. Baina behegainetik kable luze batzuk ikusten ziren, eta emanaldian zehar sinbolismo handia hartu dute axolagabe edo zabarkeriaz utzitako kable haiek, Unibertsoaren balizko sortzaileak ausaz lagatako gauza askoren antzera.
Zazpiak bat, beraz, eta 7ak bat gero. Horrek esan nahi du txikitatik ezagutzen ditugun gauzei buelta eman eta erreberentziarik gabeko prisma batetik plazaratzea. Esan nahi du gizonak protagonista izan beharrean, emakumeak izatea emanaldiaren funts eta gidari. Baina emakumeetan emakumeenak hiru atso ordainezin haiek izan dira, herri-jakituria beraiengan kondentsatuta eta ahoan bilorik gabe, beren bizkaieraren doinua lagun. Eta gero, bihotzean eramango dugu soiltasunaren alde —zer demontre, ageriko pobreziaren alde— egindako hautu garbia, borroka determinatua. Mila esker, benetan. Ez dakizue zelan asebetetzen gaituen zuen adoreak, soberako osagai guztiei egindako ukazioak, proposamenak hartu duen izaera aszetikoak. Eta gainera, emankorra izan da satira fina eta kutsu groteskoa elkartzea, eta giro horretan esangura berezia hartu dute Ziarrustaren estiloko makina eta objektu estrainioek —haien artean, tiragoma txapeldun—, deabruaren gaurkotze umoretsuak eta jatorri kolektiboko testu lotsabakoek.
Bukaerarako utzi dugu hiru aktoreen rola, haien arteko kohesioa, gaitasun eszenikoa eta jatorrizko ideiarekin izandako inplikazioa funtsezkoak izan direlako lan honek bere distira osoa har zezan, hasiera batean muturreraino soila zirudien arren. On egin dagigula gu guztioi Evaren sagarrak!