Zuzendaria: Itziar Elias. Antzezleak: Itziar Elias, Maddi Irazoki. Marrazkilaria: Maddi Irazoki. Musikaria: Dani Irazoki. Lekua: Ugaoko (Bizkaia) Jane jauregia. Eguna: Azaroak 9.
Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak, jendarme auto bat bidean...”, zioen Ruper Ordorikak bere kanta ezagunean, Sarrionandiaren Martin Larralde olerki bikainari musika emanez. Nire gogoan dut ETAren su-eten handi baten garaian ezagutu nuela abestia, eta horregatik geratu zitzaizkidan hitz batzuk iltzatuta, bereziki : “Inork ere ez du (dena ohitura, dena errua, dena barkamena) oroimenaren korapiloa deslotzen”, zioen pasarte hura.
Seguruenik, horregatik egin zait hain interesgarria, hain hunkigarria, Ugaon ikusi berri dudan Bizimiņak hau. Aspaldi zen ordua, baina orain inoiz baino orduago delako gure herriak bizi izan duen gatazka armatuaren zauriez hitz egiteko. Gatazka politikoak bere horretan dirau, bistan da, baina beharbada hobeto ekingo diogu beste bide batzuetatik gure herriaren eskubideen defentsari, eta, edozein kasutan, herri bezala irautekotan, gure arteko zauriak itxi behar ditugu lehenago, eta ez zurikerietan oinarrituta, baizik eta egia osoaren gainean eta elkarri entzunda. Hori berori da Itziar Eliasek Maddi Irazokiren eta Dani Irazokiren ezinbesteko laguntzarekin plazaratutako lanaren funtsa, eta horregatik ari da bihotzak eta borondateak herriz herri konkistatzen.
Ugaoko Jane jauregiko ganbara ederrean bildutako ikusleek bizkaiera polita erabili dute beren artean, eta berbalditxoren bat eta guzti gurutzatu dute bazter bateko eszenatokian itxaroten zeuden hiru antzezleekin, hain izan da gertukoa eta zintzoa bertan geundenon arteko giroa. Eremu eszenikoaren diseinua apala baina esanguratsua izan da, eta bertako elementu soilek bereziki kutxa berdeak eta dena inguratu duen soka gorriak sinbolismo nabarmena hartu dute. Haiekin batera, rol zehatza eta oso estimagarria jokatu dute argiek musikariarenak izaera erdi kliniko erdi onirikoa hartu du eta Eliasen esku hartze zuzenetik proiektatu diren irudi dokumentalek.
Dramaturgiari dagokionez, atal antzeztu laburrak konbinatu dira beren bizitzetan min sendaezina pairatu dutenen testigantza batzuekin atentatuen erruz, torturaren erruz, jardun armatuaren erruz, sakabanaketaren erruz.... Bitartean, Maddi Irazoki zuri-beltzeko irudi bat joan da margotzen atzeko atril batean, eta Dani Irazokik era egokian girotu ditu koadroak eta eszenak bere ahots eta gitarrarekin. Azkenik, hiru kontu nabarmendu behar dira: testigantza guztiak euskara ederrean jaso izana, ikusleei helarazteko sistema analogikoa eskertzeko modukoa, benetan eta bideo proiekzioek antzezlearen gorputzarekin bat egin zezaten egindako ahalegina. Hori guztia zertan datzan jakin gura duenak, Bizimiņak ikustera joan beharko du.