Kontua orain dela urte pare bat hasi zen loratzen. Ordura arte ezinezkoa zirudien kirol jarduerak eszenara eramateak, eta aurretiaz plazaratutako lanak bakanak eta hala-moduzkoak izan ziren: Txalo ekoizpen etxearen Bota patsa!, Eneko Balerdiren Dantzan banaka... Badirudi kirola eta arte eszenikoak txarto doazela elkarrekin eta elkarri bizkar emanda bizi direla. Izan ere, Mendebaldeko pentsamendu nagusian ondo errotuta dago gorputzaren eta arimaren arteko dikotomia, eta oinarrizko ideia hori muturreraino eramanez gero, estereotipo arriskutsuak sortu ahal dira, Mens sana in corpore sano aforismo famatuaren kontrako bidetik joanda.
Hala ere, estereotipo errazek beti daukate egiazkotik zer edo zer, eta argi dago botere ezarriak gogoz bultzatzen dituela herriaren energia kontrolagaitzari ihesbide erraza ematen dioten kirol-ikuskizunak. Arte eszenikoek, aldiz, aspalditik daukate ideia askeen babeslekua izatearen ospea, eta batzuetan hala izan da, antzinako greziar antzerkitik gaur arte. Ez beti, ordea, eta XXI. mendearen hastapenetan gaudela tropelka ugaritu dira ezerezari eta norberaren zilborrari kantu egiten dieten lanak, batez ere dantza eta performancearen arloetan.
Baina, gauzak zer diren, betiko printzipioak urtzen ari diren eta bide berriak etengabe bilatzen ari garen mundu lausotu honetan badirudi kirolak sortzaile batzuen interesa piztu duela. Zergatik ote? Beharbada, ikusleak erakartzearren edo arlo ezezagun bat ikertzearren, baina seguruenik, kirolak presentzia ikaragarria hartu duelako gure gizartean eta arte eszenikoen betebehar nagusia aroan aroko interpretazioa delako. Arrazoiak batzuk ala besteak izan, kontua da igaro den ekain honetan kirolarekin lotutako lau proposamen ikusi ditudala. Arte motari dagokionez, dantza, antzerki edo antzerki-dantza bezala etiketatu ahal ditugu, eta bat ala bestea izan, gurean nagusi diren bi kirolei egin diete kasu.
Natalia Mongek sortutako Txapeldun lanak pilotari baten bizipenak ditu oinarritzat, eta gogoeta egiten du irabaztearen zein galtzearen ondorioez. Sorkuntza-prozesuan hiru izen berezi elkartu dira: Eneko Balerdi interprete gisa, Kepa Junkera musikan eta El pont flotant dramaturgian. Balerdik bere prestakuntza tekniko eta forma fisiko bikaina erakutsi ditu, baina El pont flotant-engandik (Valencia, Herrialde Katalanak) ez da beste munduko ekarpenik etorri. Bestetik, gehiegizko pisua eman nahi izan diete Enekoren bizipen pertsonalei, baina dantzariak ahuldade nabarmenak ditu ahotsaren modulazioan eta proiekzioan, eta horrek asko makaldu du proposamenaren balioa, kontuan izan gabe ulertezina egin zaigula Junkerak zuzenean jotzea eta beraren musika grabatua osagarri legez jartzea.
Osterantzean, Jokoz kanpo antzerki hutsa da, eta futbola hartzen du aitzakiatzat gaurko gai batzuei buruz hausnartzeko: lehiakortasuna, umeak kiroletan neurrigabe xaxatzea, norberaren porrotak ezkutatzeko nahia... Ikusten denez, gai potoloak plazaratu ditu Borobil teatroak, baina sormen kolektiboaren eraginez eta Anartz Zuazuaren zuzendaritzapean, era aberasgarrian eta umore finez tratatu dira, berez komedia zena gogoetarako abagune bihurtuta. Planteamendu horretan rol nagusia jokatu du Joseba Apaolazaren, Asier Hormazaren eta Asier Sotaren clown/antzezle senak, batez ere pertsonaien aldaketa azkarretan eta bat-bateko barne-karakterizazioetan. Bestetik, ezinbestekoak izan dira, antzezleen ibilbide ia koreografikoak, eszenografia elastiko sormentsua eta musikak soinu-efektuekin sortutako giroa.
Gipuzkoako Sortutakoak programan aukeratua izan ostean, bere bigarren pieza aurkeztu zuen Lasala konpainiak dFerian —Lauesku 22— eta ostera ere ikusi dut Bilboko Lekuz leku jaialdian. Judith Argomanizen koreografiak pilotaren gaia jorratzen du bere estilo aratz eta ederrean, eta bigarren lan honetan aurrekoaren ezaugarriak baieztatu dira, konpainiako bikote sortzaileari —Judith bera eta Jaiotz Osa— Itxasai Mediavilla gehituta eta hiruren arteko koordinazio matematikoa ezarrita. Aurrekoan bezala, mugimenduen zehaztasun itzela —batez ere beso eta eskuei begira—, gorputz-lengoaia aberatsa, diziplina fisiko itzela eta estetika oso landua izan dira lan bikain honen bereizgarriak, baina esandakoaz gain, proposamenaren balio nagusia izan da pilotako keinu ezagunetatik beste eremu batera igarotzeko ahalmena, eta mugimendu zein jarrera ia mekanikoei beste esangura bat eman izana.
Azkenik, Dantzaz konpainia bete-betean sartu da futbolean Lau mila pauso lanarekin, Eibarko futbol taldearen enpresa babesleak kultur ekitaldi bat enkargatu zionetik. Josu Mujikaren koreografian hamabi jokalari agertu dira hasiera batean, agertokiko espazio mugatuan ariketa fisiko ikusgarriak egiten baloi banarekin. Lehen fase horrek futbolarien ohiko luzaketak eta prestaketak baliatu ditu, entrenamenduei zentzu koreografikoa emanez eta dantzaren eremura eramanez, eta ikuskizuna garatu ahala, ariketa dantzatuen erakustaldi oparoa eman dute Dantzaz-eko dantzari gazteek, beren teknika trebean eta maila fisiko bikainean bermatuta. Estilo askotariko soinu-banda izan da emanaldiaren gidaria, baina musika hautaketa zatikatuegiak emozioen bideratze egokia zaildu du. Dena den, Iñaki Salvadorren Lua, lua sehaska-kantaren bertsio bikainak duo erromantiko labur baterako aukera sortu du, eta koreografiak ondo erakutsi ditu kirolak dituen baliorik onenak: talde-lana, laguntasuna, eta kolektibitateak ekipoaren inguruan batzeko gaitasuna.