Bizilagunak
Jaime Valverde
Gara, 2015-07-14
“100 m2”

Antzoki Zaharra, 2015-07-28. Zuzendaria: Begoņa Bilbao Lejarzegi.

      Egungo bizimoduak, bere korapilo legal eta sozialekin, egoera izugarri dramatikoak eskaintzen ditu berez. Horretaz ohartuta egongo zen Juan Carlos Rubio idazlea, obra honen ideia begiz jo zuenean. Etxebizitza erosi nahi duenarentzat, higiezinen negozioak badu eskaintza berezi bat egun: aurreko jabea hil baino lehenago erostea. Horrek, eroslearentzat prezioa nabarmen jaisteaz gain, diru sarrera gehigarri bat ematen dio bere bizitzaren azken urteetan (omen) dagoen saltzaileari. Agi denez, erositako etxebizitzaz erosleak gozatzeko saltzailea hil beharrak teatrorako izugarri interesgarria den egoera bat sortzen du.

      Kuriosoa da planteamendu honek ekoiztetxe berak kartelean daukan eta hemen komentatu dugun “Erdibana” lanarekin duen antzekotasuna, bertan ere atsoa hil behar baita gazteek etxea banatu ahal izateko. Kasu honetan ordea, umorea ez da beltzera lerratzen eta tonu komikoa meheagoa da. Istorioak pertsonaien barneko sarraldi errealistagoa egiten du, eroslearen (Ana Elordi) eta saltzailearen (Iņake Irastortza) artean sortzen den harreman arazotsuan ikertuz. Gertaerei tonu xamur eta onbera ematearen alde egiten du dramagileak, Ramon Agirreren pertsonaia sekundarioarekin umore ukituak emanez eta, batez ere, pertsonon elkarrekiko behar naturalaz mintzatuz.

      Bi emakumeen arteko laguntasunaren garapenean hutsuneren bat nabaritzen den arren, melodrama txukun eta klasikoa lortzen da. Hiru aktoreak txukun aritzen dira, nahiz eta Irastortzari eta Agirreri beren pertsonaiek, atso xelebrea bata, ezdeus txoriburua bestea, komikoki aritzeko aukera gehiago ematen dizkien. Esan dezadan, bide batez, bereziki estimatu dudala elkarrizketak abiadura normalean ematea, azken boladan antzerkian ikusitakoaz bestela.