Loraldi kolektiboa
Kepa Matxain
Argia, 2015-06-28

      Zerbait gertatzen ari da. Instituzioetatik urte luzetan bultzatu den kultur ereduak ez diela balio ohartuta, gero eta gehiago dira periferiatik bestelako formulak probatzen ari diren antzerki konpainiak. Talde lanean ari dira, eredu horizontalagoa aldarrikatuz. Horietako hiru laguni —Itziar Eliasi, Eneko Sagardoyri eta Ainara Gurrutxagari— galdetu diegu egungo antzerki panoramaz, dituzten zailtasunez eta erronkez.

      2010ean estreinatu zen Errautsak antzezlanak Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théâtre de Pain taldeak elkartu zituen; hiru urte geroago Hamleten bildu ziren talde berdinak. Dena den, horrelako aliantzak ez dira ohikoenak euskal antzerkian.

      Mugimendua sumatzen da euskarazko antzerkian azken urteotan. “Jende asko ari da gauzak esan nahian, eta publikoa, berriz, hartzeko gogoz. Indar handiko unea da”, dio Dejabu Panpin Laborategiko Ainara Gurrutxagak. “Periferian lore asko daude eta, orain, agian, haiengan jarri dugu arreta”, dio Lauka Teatroko Eneko Sagardoyk. Ez da proposamen artistikoei buruz bakarrik ari. Lan moldeetan ere garai emankorra da euskarazko antzerkian. Lekua eta errekonozimendua irabazten ari da lan egiteko modu kolektiboa. Loraldi hori ez da hain bistakoa agian, baina bai funtsezkoa, Sagardoyren ustez. Itziar Eliasi, berriz, iruditzen zaio, urtetan kanpora begira egon ostean, “gureak direnak gure hizkuntzan sortzen” hasi dela berriro euskal antzerkia. “Dauden eskaintza gehienak taldean sortuak dira, edo euskal sortzaileren batek, literaturatik, musikatik, etxetik abiatuta”. Horretan ere aldaketa nabari du.

      Hiruretan gazteenak, Sagardoyk, duela bi urte sortu zuen Lauka Teatroa, beste hiru lagunekin batera. Taldearen filosofiaz hitz egitea zail egiten zaion arren, ideia batzuk garbi dituzte: taldeko behar artistiko eta pertsonalak entzun, eta horien arabera sortzen dituzte obrak, merkatuari asko erreparatu gabe —bai, ordea, publikoari—; sormen prozesua kolektiboa da; euskaraz egiten dute antzerkia, eta, aberastu ez, baina antzerkitik bizi nahi dute. Erreferente dituzte, besteak beste, Durangoko Karrika Antzerki Taldea, Artedrama, Kabia Laborategia, Dejabu Panpin Laborategia eta Metrokoadroka. Eliasek ere talde lana du oinarri, eta, une honetan, euskal antzerkian, Dejabukoek liluratzen dute gehien, “obrak sortzeko eta kontatzeko duten moduagatik”. Gurrutxagak azaldu du nolakoa den modu hori: “Antzerkia ulertzen dugu arte bizi bat bezala eta, beraz, laborategia behar genuen. Era berean, ohartu ginen antzerkia oholtzan sortu behar genuela. Euskal antzerkia oso intelektuala zen orduan, baina indarra falta zuen. Guk sentitzen genuen esperimentazioaren bidez sortu behar genuela. Azkenik, kolektiboki lan egin nahi genuenez, ezinbestekoa zen konpainia modu berezian antolatzea, ahalik eta era horizontalenean”. Horra Dejabukoen mezua: sortzaile izatea, ez soilik antzezlanetan, baita lan egiteko moduan eta konpainiaren egituran bertan ere. Eta horretarako, nagusi den profesionaltasun ereduari egin behar zaio aurre.

 

      Instituzioak, historiaurrean

      Gurrutxaga kritiko da instituzioetatik bultzatu den kultur ereduarekin, eta gainontzeko diziplinei bezala, antzerkiari ere izugarri eragin diola iruditzen zaio. “Hemen ez da jakin izan kudeatzen arteak eta kulturak gizartean behar duen tokia. Baldintza berdinak jartzen zaizkio torlojuak egiten dituen bati eta antzezle bati. Zure enpresa egin behar duzu, eta enpresak diruz bideragarria izan behar du. Irabaziak badituzu ondo, bestela agur. Hor geratu gara”.

      Oraindik enpresa egiturako konpainiek baino ez dituzte jasotzen diru-laguntzak Hego Euskal Herrian —Ipar Euskal Herrian bestelakoa da egoera—. Gurrutxagak uste du, ordea, antzerki enpresa gehienak sistema horren biktima bihurtu direla. “Diru-laguntzak eskuratzeko, sartu dituzte beren egituretan administrariak, banatzaileak… eta horrek ito egiten zaitu”. Hala ere, antzokietan inor nagusitzekotan, konpainia horiek nagusitzen dira. “Loraldia diogunean ari gara piztualdi kreatibo batez, egiteko modu desberdinez, baina, gutxi batzuk salbu, jende hori oraindik ez da antzokietako zirkuitu ofizialetan sartzen”. Horren aurrean, Dejabukoak beste konpainiekin elkartu izan dira urteotan. Artedramarekin eta Le Petit Théâtre de Pain-ekin elkarlanean sortu dituzte bi obra —Errautsak eta Hamlet—, eta antzokiak bete zituzten. Salbuespena dira, ordea.

      Instituzioen hautaketa irizpideek ere eredu bakar bat indartzen dute, Gurrutxagaren irudiko: “Normalean konpainia handienak laguntzen dira, kanpora begira saltzen dutenak, guztientzako antzezlanak egin ditzaketenak. Era berean, emanaldia bultzatu da, sormena beharrean. Hemen funtzionatzeko modua izan da: zure produktua erosten dizut antzoki batean egiteko. Baina, aldiz, ez dute utzi guk kudea ditzagun espazioak”. Hala ere, bururatzen zaio azkenaldiko eredu egoki bat: Zubi deialdia. 2012an hasita, hainbat udaletako kultur kudeatzaileak euskal antzerkia bultzatzen ari dira, urtero sortzaile berriak lagunduz. Iaz Lauka Teatroari eman zioten diru-laguntza, eta horri esker ari dira orain Amodioaren ziega obra eskaintzen. “Zubi bezalako laguntzak behar ditugu”, dio Sagardoyk. “Instituzioek sorkuntza bera ezagutu behar dute. Hitz egin behar dugu. Guretzat haiek zementuzko mamotreto itxiak diren bitartean, gu haientzat produktu hutsak izango gara. Gauza asko ditugu apurtzeko, eta batez ere sortzeko”.

 

      Egiturak baldintzatuta

      Eliasen kasua berezia da: ez da antzerkia egiteko sortu den talde bateko kide. Alderantziz, antzezlan baten bueltan bildu den talde bat da beraiena. Berak istorio bat kontatu nahi zuen, eta zinemara jo zuen hasieran. Horrela ezagutu zuen Izaskun Arandia produktore eta gidoilaria. Gero, zinemako gidoia oinarritzat hartuta, istorioa antzerkirako moldatzen hasi zen. Antzokietan dabil orain, baina administrazio kontuak Arandiaren IZAR Films enpresak egiten dizkio, eta zortekotzat du bere burua.

      Gurrutxagaren Dejabu eta Sagardoyren Lauka berriz, kultur elkarte dira egituraz. Diru gutxien eskatzen zien egitura dela azaldu du Sagardoyk. “Enpresa izateko diru-sarrera jakin batzuk beharko genituzke, diru asko. Ezingo genuke mantendu. Ez da hautu pertsonala izan, nahiko behartuta sentitu gara”. Gurrutxagak antzera uste du: “Enpresa sortzeak eskatzen du lantaldean administrazio lanetarako norbait finko edukitzea. Paperak egin, diru-laguntzak eskatu… Guk ez genuen gure burua horretara lotuta ikusi nahi”. Kultur elkarte izateak baditu abantailak: diru sarrera gutxirekin eta ezegonkorrekin aurrera egin daiteke nola edo hala. Aldiz, egitura hori edukitze hutsagatik ezin dituzte diru-laguntza asko eskatu: Eusko Jaurlaritzak ekoizpenerako ematen duena edota antzerki konpainien bi urteko jarduna sustatzen duena, kasurako. Gainera, Jaurlaritzak antzokiekin hitzartutako zirkuitutik kanpo gelditzen dira, arrazoi berberagatik. Frantziako legedia bestelakoa denez, Ipar Euskal Herrian laguntzen dituzte kultur elkarteak, eta horri esker jaso zuten Dejabukoek diru-laguntza txiki bat Arrastoak lanerako.

 

      Esperimentaziorako unea

      Euskarazko antzerkia une gozoan bada ere, asko dira aurrera begirako erronkak. Eliasi bururatzen zaizkio batzuk: lana euskaraz egiteko duten eskubidea, aurretik egindako guztiaren memoria berreskuratzea, eta, batez ere, ikusleak heztea. Sagardoyk, ostera, sare baten falta sumatzen du: “Ez gaude ondo lotuta. Soltean ibiltzen gara, han eta hemen indarrak metatuz. Nazio mailan ez daukagu proiektu solidorik gure kezkez, lan egiteko moduez edo proiektu bateratuez hitz egiteko”. Komunitate emankorra baina oso disolbatua da euskarazko antzerkiarena, bere ustean.

      Hizpidera ekarri du Dantzerti, datorren ikasturtean zabaltzekoa den antzerki eta dantza “unibertsitatea”. Urtetan antzerki eta dantza profesionalean euskaraz formatzeko hutsune handia egon dela iruditzen zaio, eta garaia dela euskara erdi-erdian jartzeko. “Berri ona da eskolarena, baina hor ere borrokatu beharko dugu euskaraz jarduteko, euskal aktore eta dantzari profesionalak hezteko”.

      Gurrutxagak ere ikusten ditu aldatu beharreko kontuak. “Kultur sistema burokratizatuta dago, oso eskema zaharretan funtzionatzen du eta eskema horren hormak hormigoi lodikoak dira. Dinamita dezente beharko dugu hori zartatzeko. Baina hau da unea esperimentaziorako, asmatzen saiatzeko nola nahi dugun bizi kultura, artea eta gizartea”. Aldatu nahi luke, orobat, espazio publikoekin gertatu ohi dena: “Ohitu gara espazio publikoak pribatuak balira bezala kudeatuak izatera. Udal batek izan dezake antzoki bat, baina hor sartzeko bost orrialdeko eskaera bete behar da, ordu jakin batzuetan soilik erabili daiteke… Zergatik ez utzi herritar talde baten esku?”. Badu azken erronka ere: “Kulturan gabiltzanok ere gure ekonomiak sortu behar ditugu. Beti izan gara estatuaren menpeko. Diru-laguntzak jasoz gero ongi, eta bestela ez gara existitzen. Bada ez. Pentsa dezagun ea nola arraio bizirauten dugun antzerkitik, kulturatik. Eralda dezagun ekonomiatik ere”.