Durangoko Szenatokia
Agus Perez
Berria, 2012-12-11

 

      Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren baitan, eta EHAZEren ezinbesteko laguntzaz, bigarren aldiz gauzatu da Szenatokia izeneko ekimena, bertako San Agustin kultur gunean. Iazkoarekin konparatuta, askoz anbiziotsuagoa izan da aurtengo egitaraua, eta izandako zabalkundeak gogoetarako gai batzuk sortu ditu.

      Oker ez banago, iazko Szenatokiaren egitarauan lau antzezlan labur eszenaratu ziren arratsalde bakar batean, maratoi modura, eta gogoan dut era berean galiziar aktore batekin izandako mahai-inguru interesgarria Galizia izan baitzen iazko herri gonbidatua. Hala ere, maratoian emandako piezak ez ziren berez laburrak, hamabost bat minutura laburtuak baizik, ekimenaren asmoa delako pieza hautatuen laginak erakustea eta ikusleengan piztea antzezlan osoa nork bere herrian ikusteko gogoa.

      Aurtengo egitarauak azokako lau egunak hartu ditu, hamalau taldek aurkeztu dituzte beren lanak, eta nolabaiteko izaera eman zaio egun bakoitzari: lehendabiziko goiza ume-antzerkirako izan zen, hurrengo bi egunetan helduentzako piezak antzeztu ziren, goiz bakoitzeko egitaraua arratsaldez errepikatuta, eta igandean osorik taularatu da Metrokoadroka kolektiboaren Hura ez da lekua zoragarria. Haurrentzako emanaldietan ez dakit zelakoa izan zen azokara bertaratutakoen erantzuna, baina hurrengo egunetan mutur batetik bestera joan da ikusle kopurua: ostiralean ikusle gutxi batzuk egon ziren goizeko zein arratsaldeko emanaldietan, baina larunbatean ia goraino bete zen aretoa, eta gorabehera horrek azterketa sakona eskatzen du datozen urteetarako.

      Era berean, badira azterketarako beste kontu batzuk, eta haien artean ez dira nolanahikoak antzezlanak hautatzeko irizpideak, eta piezak laburtzeak dakartzan alde onak eta txarrak —nik, behintzat, ez diot laburtzeari alde onik ikusten—. Azkenik, egun bakoitzeko egitarauaren barne-koherentziaren arazoa dugu, benetan handiak izan direlako proposamen batzuen eta besteen arteko desorekak.

      Egunotan ikusi ditudan lan batzuen kritikak orriotan argitaratu dira une batean edo bestean ——Horman Poster-en Iragan perfektua (erdaraz aurkeztua iazko BAD jaialdian), Aldatzen laguntzen-en Ispilua (Aulestiko ADEL topaketak), Tanttaka-ren Bejondaigula! (Donostiako Viktoria Eugenia Kluben estreinatua) eta Metrokoadroka-ren Hura ez da lekua (Larrabetzuko Literaturia jardunaldiak)—, eta besteen artean denetarik egon da. Bederen 1eko Patxi Santamariak Aktibo toxikoa antzeztu zuen Inazio Tolosaren zuzendaritzapean, gaurko ekonomiaren azterketa, ekintza fisikoa eta ikusleen parte hartzea kemen handiz konbinatuz, eta Kukubiltxoren Mortimer laneko protagonistak, berriz, bere suizidioa diseinatzera gonbidatu gintuen, Josu Camarak zuzendutako umore beltzeko bakarrizketa mamitsuan.

      Talde amateurren alorrean sartuta, Joserra Fatxadok gidatzen duen Zurriola ikastolako ikasle ohiek naturaltasun handiz aurkeztu zizkiguten gazte jendearen nahiak eta gorabeherak 7tik 3 izeneko piezan. Koldarrak antzerki taldeak, aldiz, paradisuaren inaugurazio egunean Adanek dituen arazoen parodia antzeztu zuen Izan bedi emakumea izenburupean eta antzerki konbentzionaleko parametroetan sartuta. Azkenik, Biba zorrien izurritea ekarri zuen Markina-Xemeingo herritar talde batek, Sarrionandiaren mikroipuinak oinarritzat hartuta —Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako—, eskualdeko euskara paregabea ohorezko lekuan jarriz eta, Ander Lipusen gidaritzapean, dramaturgia eta estetika aurreratuak lagunduta.

      Amaitzeko, eta Szenatokia ekimenarekin zerikusi zuzena ez badu ere, esan beharra dago Azokako egunetan eta Durangoko San Agustin aretoan erabaki dela Eneritz Artetxek aurkeztutako proiektuari laguntza ematea. Zu-Bi izeneko ekimena orain hilabete batzuk sortu zuten Iparraldeko nahiz Hegoaldeko zazpi antzoki eta jaialdik, eta ekimenaren izaerari jarraiki, gernikar antzezleak jasoko duen laguntza ez da ohiko bide ekonomiko eta burokratikoetatik ibiliko. Aitzitik, bere proiektua gauzatzeko beharko duena bere lanaren truke eskuratuko du zazpi sustatzaileengandik: zuzendaritza, aholkulariak, ekipo teknikoak, lokalak, emanaldietarako erraztasunak... Horri guztiari auzolana deitzen diogu Euskal Herrian. Ondo etorria izan dadila geure erara egiteko aspaldiko bide hau!