Konpainia: Hika. Egilea: Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturberen kolaborazioarekin. Musika: Fran Lasuen. Argiak: Xabier Lozano. Panpina: Javi Tirado. Eremu eszenikoa: Miren Intxaurraga. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Azaroak 24.
Gauza jakina da hitz gaiztoek min egiten dutela. Aizto, laban, sastakai bihurtzen dira hurkoaren kontra botatzen direnean, are gehiago bikote harremanetan, eta askotan ez gara beren suntsitze ahalmenaz ondo jabetzen.
Hitzak antzezlanean kontu samingarri horri ekin dio Agurtzane Intxaurragak, testua, zuzendaritza eta antzezleen arteko rol berezi bat bere gain hartuta, gaiari ematen dion garrantziaren seinale. Ohiko maitasun istorio bat izan da lanaren ardatza, baina senar-emazteen erabateko arruntasunak ez dio interesik kendu lanari, Intxaurragak trebetasun berezia erakutsi baitu beren arteko gatazka aztertzerakoan, gaiaren korapiloa emetasunetik emanez eta ondo baino hobeto konbinatuz kategoria horri dagozkion barne indarra eta eztitasuna.
Alde horretatik, esan beharra dago dramaturgia aurkikuntza polita baliatu duela zuzendariak egoeraren hiru aroak —arazoaren sorrera isila, haren garapena eta amaiera posible bat— aldi berean aurkeztuta. Horrela izanik, bizitzaren hiru garaitako ikuspuntutik aztertu da kontua, eta horrek nabarmen aberastu du diskurtsoa, batez ere kontuan izanda aro bakoitzeko emakumea beste biekin hizketan eta eztabaidan aritzen zela sarritan.
Kontrako platerean, jakina, senarraren rola egon da, eta horretan ere egin zait interesgarria emandako tratamendua, pertsonaia horrengan nahiko argi ikusi dugulako haren moduko kasuak heziketaren eta konbentzio sozial askoren ondorio logikoak direla, eragiten duten minaz jabetu ere ez direla, eta jabetzekotan, irtenbideak bilatzeko batere lanabesik edo prestakuntzarik ez dutela.
Eszenaratzeari dagokionez, egokiak eta lagungarriak izan dira antzezpenen inguruko elementuak —eremu eszeniko soila, argiztapena, musika, jantziak...—, eta dentsitate dramatiko nabarmena erakutsi dute Ane Pikazak, Ainhoa Aierbek eta Klara Badiolak, haietariko bakoitzari egokitu zaion adinaren arabera. Jabi Barandiaranek, berriz, bere baitan gordetzen duen aktore handia erakutsi du, hiruren kontrapuntua sinesgarritasun handiz emanez eta bere burua erraztasun osoz lekualdatuz garai batetik bestera. Azkenik, Agurtzanek berak maneiatu du bikotearen semearen panpina handia —umearen ekarpena ere handia izan da— eta, bere soineko beltzean bilduta, ederto sinbolizatu du gerizpeko emakume guztien isiltasuna.