Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: Abenduak 26.
Askotan esaten da politika antzerki hutsa dela, eta behin baino gehiagotan aipatu da sukalde lanaren balioa akordioak eta elkarren arteko proiektuak publiko zabalari aurkezterakoan. Gurean, gainera, gatazka armatua gehitu zaio aspaldikoa eta sakona zen auzi politikoari, eta Glu-Glu konpainiak ekimen handiz heldu dio gaiari, denon buruan dauden kontuak aipatuz eta azken hamar urteotako gertaera nagusien errepasoa eginez.
Batzuetan, gauzak ez aurrera ez atzera daudenean, espero ez dugun lekutik dator aldaketa, eta, mendearen hasierarekin bat, Txillarre baserriko gizonaren ekimenez hasi omen zen egoera mugitzen eta esku artean dugun panorama politikoa hezurmamitzen. Gainera, eta beste plano batera jauzi eginda, nik espero ez nuen lekutik ere etorri da gure historia hurbilaren gaineko antzezlan hau, orain arte komedia arinaren arloan jardundako Galder Perez izan baita antzerki dokumental honen egile eta zuzendaria. Haren eskutik etorri zaigun lan estimagarri honek aurrekariak izan ditu azken urteetako hainbat film dokumentaletan —La pelota vasca, Itsasoaren alaba, Sagarren denbora, Barrura begirako leihoak, Gazta zati bat...—, baina, kasu honetan, antzezpenak emandako egiazkotasunaz hornitua heldu zaigu.
Eszenaratzearen planteamendua aztertzen hasita, dekoratu erabat eskematikoa aukeratu dute, gogorregia eta neutroegia aukeran, baina aldi berean lagungarria lanaren erritmorako eta egokia negoziazio-mahaiak irudikatzeko. Horrekin batera, aipatzekoa da dramaturgia arloan izandako sormena: atzeko pantailako proiekzioek beharrezko informazio osagarriak eman dituzte, eta objektu txiki eta esanguratsuak erabiliz dinamismoa eta gozotasuna eman zaio berez zeharo diskurtsiboa zen kontakizunari. Alde horretatik ere, erraz igartzen da lan handia egin duela Galderrek jatorrizko liburuetatik antzerkirako testua atontzeko.
Antzezpenei dagokienez, bitxia izan da ikustea nolako antzkotasunak bilatu diren antzezleen eta politikarien artean. Baina, azaleko kontu hori alde batera utzita, argi dago barne lana egin dutela haiek guztiek politikarien irudietatik jasotako apurrekin rol sinesgarriak eraikitzeko, batez ere kontuan izanda haietariko gehienek bigarren mailako pertsonaia batzuk ere gorpuzten dituztela. Rol nagusien artean, ordea, bereziki aipagarriak izan dira Joxe Mari Carrere eta Gabriel Ocinaren antzezpenak, diskurtso politikoaz gain, atzean dagoen pertsonaren irudikapena eman dutelako. Azkenik, polita izan da Patxi Gonzalez zornotzarraren rola (Txillarre baserriko anfitrioia), herri xehearen sena irudikatzeaz gain, gugana zuzendu delako amaieran, geu ere prozesu honen parte izan gaitezen.