Lagunarteko istorioak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2002-01-20
“Kontenedore baten istorioak”

Taldea: Maskarada. Zuzendarla: Patxo Telleria. Aktoreak: Patxo Telleria, Mikel Martinez. Aktoreen zuzendaritza: Aitor Mazo. Lekua: Basauriko Social antzokia. Data: urtarrilak 16.

      Ruper Ordorikaren ahotsa entzuten da iluntasunean, Atxagaren Berandu dabiltza poemaren berba psikodelikoei musika jarriz. “Ondo hasi gara” pentsatzen dut neure artean. Besaulki patioa erditik gora beteta dago —ia-ia estreinaldi komertzial batean egongo bagina bezala— eta Patxo Telleria eta Mikel Martinezen azken asmakuntzak itxura ezin hobea dauka.

      Argia datorrenean zaborra batzeko edukiontzi pare bat ikusten dugu. Eta besterik ez. Haietariko bati kea dario, eta barrutik entzuten den ahots batek laguntza eskatzen dio alboko euskailuari. Antzezle biak metalezko sabeletatik irteten direnean eta hasierako solasaldiak entzutean saihetsezina da Becketten Godoten zain lanarekin gogoratzea, beharbada ideia-elkarketa horretan zerikusia daukatela eszenaren bakartasunak eta jantzien dotorezia zimelduak.

 

      Testuaren argiak eta ilunak

      Betiko moduan, primeran jokatzen dute aktore biek argumentuak eskatutako pertsonaia guztietan, nahiz eta haririk gabeko mikroek antzezleen eta ikusleen arteko komunikazio zuzena apurtzen duten, baina hasierako egoerak laster galtzen du bere distira, testuaren beraren gorabeherak hala behartuta. Izan ere, Telleriak idatzitakoak hezurmamitzen du antzezlanaren xedea, eta saioan nabaria da testuaren alde makal eta indartsuen arteko kontrastea.

      Lehenengoen artean lagunarteko kutsua duten txantxa errazak kokatuko nituzke, esate baterako zaborrari buruzko komentario sasijakintsuak, udaltzainei zuzendutako kritikak (gai horretan ni neu guztiz ados nagoen arren) eta Guggenheimeko txakurtxo jasanezinaren gaineko txiste ezagunak.

      Hala eta guztiz ere, egon badaude pasarte interesgarriago batzuk: Bilboko zenbait morroiri buruzkoak, historia ofizialak ahaztutakoak baina benetako bilbotarrok beti maitatuko ditugunak, hala nola uholdeetan ito zen Madriles hura, Viņaspre manifestari tematia eta Arrikibarreko andere zoroa, maitasun ukatu batengatik erotu ei zena.

      Betiere Bilboko pertsonaia ahaztu baina maitatuen atalean aipatzeko modukoa Gabriel Arestiren inguruko alegoria ironiko-poetikoa. Hain zuzen ere, lerroalde horietan eta amaiera heroikoan hartzen du antzezlanak bere mailarik jasoena, esandako gabeziak gaindituz eta atzean utziz ekoizpenaren zorroztasun estetiko eskasa.