Liburua: Buhame-argiak
Egilea: Ramón María del Valle-Inclán
Euskaratzailea: Anastasio Esnaola
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2001
Gizarteko arazoak, diktadura, gosea eta historiaren halako zatiak ezagutzeko modu bikaina da Valle-Inclanen antzerki obra. Artaud edo Bretchek baino lehenago galiziarrak erabili zuen akzio dramatikoa gehiegitzearen teknika, bere kasuan “esperpento” deitu dena. Esperpentoarekin gertaerak era berean barrutik eta kanpotik aztertzea lortzen du, halako giro fantastiko batean ezarriz errealitate krudela baino ez dena. Modernismo garaiak alde batera utzi eta jarrera etikoarekin idatzi zuen antzezlan bikainena euskaraz irakurtzeko aukera daukagu orain. Espainia europar zibilizazioaren deformazio barregarria zela uste zuen idazle honek ezin zezakeen deformatu barik idatzi. Horregatik da bere absurduan hain irakurketa erreala. Askotan hitz handiegiak jartzen ditu pertsonaien ahotan, traje handiegiek legez itxura zarpaila ematen dietenak. Hala ere gertaera errealetaz ari dela ulertu behar du irakurleak. Behar bada ordenez aldatuta edo erdi ezkutatuta aurkezten dizkigu, baina diktadurapeko herrialde dekadente haren argazki fidela dira.
Itzultzaileak zehaztasun handiz moldatu ditu Valle-Inclanek hain gustukoak zituen arrunkeriak eta berbakune ez oso artezak. Lekuz kanpo dauden hiperboleak, pertsonaia erdi-apurtuak eta argiaren tratamentu bereziak artearen eta gozamenaren aurkako efektua lortu beharrean, biderkatu egiten dute lanaren balioa. Edertasuna bilatzea inmorala zen Valle-Inclanentzat, are gehiago testuinguru hartan, non ustelkeria baitzen agintariek herriari ematen zioten pagua. Orduko egoeraren esanahia —eta baita gaur eguneko hainbat egoerarena ere— ezin zitekeen, beraz, deformaziorik gabe azaldu. Oker dagoen zerbaiti ispilu oraindik okerrago bat jarriz lortzen du idazleak nolabaiteko arteztasuna, ordena.
Taula gainean aktoreen ahotan entzuteko testuak diren arren, teatrozaleek asko gozatuko dute liburu honekin. Eta baita irakurzale soilek ere. Eta klasikoenganako interesa duen orok. Ibaizabalen bilduman bere lekua dauka, dudarik gabe, gazteleraren 98ko belaunaldiko pertsonaia buhameenak. Orduko haietatik oraindik indartsu dabilen bakarrenetakoa izateaz aparte, atzerantz begiratu bat egiteko ezinbestekoa bihurtu da. Askotan egunkariek baino hobeto biltzen baitute kalean gertatzen dena benetan kalean —eta askotan kale gorrian— ibili direnek. Izan ere, Buhame-argiak honetako pertsonaiak orduko giro hura bezain egiazkoak dira.