Norabide aldaketa
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-11-09
Azpeitiko Antzerki Topaketak

 

      Duela aste pare bat-edo, Egunkariaren orri hauen bidez jakin genuen Azpeitiko Antzerki Topaketek aro berri bati ekingo ziotela. Antza denez, Zelaitxo antzokia ezin da honezkero erabili, eta horrek bultzatu omen ditu antolatzaileak beste norabide batean jartzeko orain arte ezagutu dugun jaialdia.

      Horrek, ezinbestean, geure buruari zenbait galdera egitera behartzen gaitu, eta horien artean nagusia zera da, nola da posible urte hauetan guztietan ezaugarri bereko beste jaialdirik sortu ez izana? Antzezlan gutxi ote zegoen? Bai, hala da, baina azken urteotako produkzioa jaialdiak, topaketak, jardunaldiak edota izenbako ekitaldi multzo xumeak antolatzeko beste izan da.

      Beharbada hasieran aipaturiko artikuluan aurkitu ahal dugu erantzun baterako argi zirrikitua. Izan ere, Azpeitiko Kultura zinegotziak bertan zioenez, aukera zabala programatu arren ikusleek antzezlan onenetara edota komikoetara besterik ez ziren joaten (masiboki, suposatzen da). Aipaturiko baieztapenak hurrengo gogoetara eramaten gaitu, hau da, ikusleei joera hori nondik datorkien argitzera.

      Ikusle moduan, guztiz ulergarritzat jotzen dut Azpeitiko zein edonongo publikoaren joera, zeren urteko antzerki guztia egun kontzentratu batzuetan ikusi beharko banu, ezin izango nukeen, ez poltsiko aldetik ez denbora aldetik, gizaki guztiok ditugulako antzerkiaz kanpoko beste konpromiso batzuk. Beraz, zer egin? Aukeratu, eta itzal handieneko obretara jo, edo, besterik gabe, ondo pasatzearen aukerari lehentasuna eman.

      Kritikari moduan, ordea, oso argi daukat aurre egin behar diogula egoerari, erraztasunaren eta komertzialtasunaren bidetik zulo beltzera zuzenean goazelako. Eta horretarako hainbat gauza egin daitezke irudimena eta ekimena elkartuz. Esaterako, antzokirik izan ezean, antzerki formatu eta gune ez ohikoak erabiltzea (kaleak, tabernak, kiroldegiak...). Eta, bestetik, euskaraz egindako antzerkia urte osoan programatzea, ez egun jakin batzuetan bakarrik. Horrez gain, ikusleen heziketa behar-beharrezkoa da, eta ez da egun batetik bestera lortuko. Pazientzia behar da, urte askotako lana da eta. Antzezlan eta promozio egokiak behar dira uneoro, eta horretan kultur erakundeek, hedabideek —eta bereziki telebistak— erantzukizun nagusia dute.