Taldea: Xirrixti Mirrixti. Egilea: Pantzo Hirigarai. Aktoreak: Maite Dunat, Eliane Mendiboure, Helene Xarriton, Gilles Parot, Pantzo Hirigarai, Janbattit Duhalde, Andde Carrere, Patrick Salaberri, Beņat Bidegain, Philippe Maite. Zuzendaria: Edi Naudo. Lekua: Donibane Garaziko Vauban aretoa. Eguna: 01-09-30a (estreinaldia).
Zer gertatuko litzateke euskal kulturaren azken hamar ordezkariak banan-banan hiltzen joango balira? Galdera honetatik abiatzen den Pantzo Hirigarairen antzezlana taularatzen du Xirrixti Mirrixti taldeak. Etxe batean bilduak dauden azken ordezkariok banan-banan hiltzen joango dira, eta euskal kulturaren desagertzea izango da. Zergatik gertatu diren hilketa horiek eta hiltzailea nor den argitu beharko da. Irri antzerkia duzue hau, baina ez irri zuria, gure herri honen topiko eta uste usteletan lotsarik gabe sartuko dena, ordea; gure buruari barre egiten ote dakigun galdetuz.
Pantzoa Hirigarai azken urteetan euskal antzerki idazlerik ugarienetakoa da. Bere antzerki idazle lana erabat lotuta dago Xirrixti Mirrixti antzerki taldearekin. Hirigaraik Donostia Hiriaren antzerki saria jaso zuen obra honekin, aurretik beste bat ere jasoa zuela, hura ere Xirrixtik emana. Antzerkigile nafarraren esku onaz gain aipatzekoa da taldeak egiten duen lana, agertzen diren pertsonaien izaeraz jabetzea ez baita erraza nahiz eta gertukoak izan; are zailagoa eszena gainean pilatzen direnean. Dena dela Edi Naudo zuzendariak ederki mugiarazten ditu taula gainean eta nahas piloa izateko arriskua zegoen lekuan antolamendu txukuna egiten du. Lastima une batzuetan erritmoak behera egiten duela, baina hori estreinaldiko arazoa dela uste dut. Bestalde, Garaziko antzokira joan zen jende andanak erakusten du euskal antzerkiak baduela jarraitzailerik, eta Bidasoaz bestalde Xirrixti taldea ezinbesteko erreferentzia bihurtu da horretan. Ez da harritzekoa ordea, izan ere, egiten den antzerki lana ikusle horren arazoetatik hurbil badago eta zerbait esateko duenean antzerkia ez da inoiz hilen. Ezta euskalduna ere.