Liburua: Godoten esperoan
Egilea: Samuel Beckett
Euskaratzailea: Juan Garzia
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2000
Estrainako aldiz 1953ko urtarrilaren 5ean jokatu zen “En attendant Godot”, Parisen. Askoren ustez, Samuel Beckett-en antzezlana dugu teatro modernoak eman duen lanik inportantena. Kritikak ere ez zaizkio falta. Borgesek erran zuen ez zitzaiola batere interesatzen eta Sartrek adierazi zuen gaiak, itxaroteak, burgesei egiten ziela mesede.
Iritziak iritzi, liburua ez da irakurlea hotz uzten duten horietakoa. Egia da egungo irakurketa bestelakoa dela, nahitaez izan ere, baina, berrogeita hamar urte joan ondoren, oraindik galdetzen dugu gure artean Godot etorriko den. Garai batean absurdotzat jo zena (elkarrizketa absurdoak) gure eguneroko bizitzaren barruan dago. Nolabait esateko, identifikatu egiten dugu geure burua idazle irlandarraren pertsonaiekin.
Vladimir eta Estragon bi gizon marjinal dira. Arratsaldeak ematen dituzte Godoten zain. Ez dago argi nor den Godot. Batzuetan ematen du Vladimir-ek bakarrik dakiela nor den. Beste batzuetan, berriz, ez batak ez besteak ez dute hura ezagutzen. Vladimir eta Estragon zine mutuaren edozein bikote izan litezke. Laurel eta Hardy. Bata, ezkorra; bestea, baikorra. Godoten esperoan daudelarik, beti saiatzen dira behin eta berriz eteten den elkarrizketa bati ekiten. Jolasean eta borrokan ere aritzen dira asperraldiari aurre egiteko asmoz. Une horietan beste bikote bat azaltzen da taulara. Pozzok, zartailu bat eskuetan duela, txakur baten moduan darama Lucky. Zapaltzailea eta zapaldua.
Leo Hofler-ek, “Arte abstraktua eta absurdoaren literatura” liburuan, bere buruari galdetzen dio zer ulertu behar duen pertsona batek koadro abstraktu bat ikusten duenean. Baita ez duela zertan ezer ulertu erantzun ere. Baliteke irakurleak “Godoten esperoan-en” adierazten den guztia ez ulertzea. Hasteko, inork ez daki nor edo zer den Godot (gainera, Godot ez bide da inportantena, itxarotea bera baizik). Baina irakurri ahala (eta, batez ere, hasiera birritan irakurtzen bada), armiarma batek eulia harrapatzen duen moduan harrapatuko gaitu antzezlanak.
Bi lerro bakarrik geratzen zaizkit Juan Garziaren itzulpena goraipatzeko. Hobe, dena den, liburuan hark eginiko oharra irakurtzea.