Apustu arriskatua
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-09-16
“Bambulo”

Konpainia: Txalo. Egilea: Bernardo Atxaga. Lekua: Barakaldo antzokia. Data: Irailak 12.

      Apustu arriskatu baten alde egin du Txalok Bambulo txakurraren pasadizoak antzerkira eramatean, eta horrelako kasuetan gertatu ohi den legez, ikusmin dezente sortu da antzerki zaleen artean. Hasteko eta behin, Txalok ondotxo daki obra hau aukeratzeak liburuaren irakurleak poltsikoan izatea esan nahi duela. Eta kasu honetan are errazagoa da, bilbotar txakurrarengan gure gozamenerako batzen baitira egilearen umore subliminala eta heroi handien bertuteak zein koldarron ahuldadeak.

      Bestalde, ezaguna da liburu maitatuak taulara eramateak ekarri ohi dien kaltea, eta horretan datza —nik uste— egindako apustuaren arrisku nagusia. Izan ere, txakur abenturazaleak amestutako istorioek hainbat kokapen eskatzen dute eta, esandako zailtasunak gaindituz gero, Bambuloren irudikapenaren oztopoa agertzen zaigu. Kontakizunak eskatutako girotze ugariei erantzuteko, bideo irudien proiekzioa aukeratu da eszenako elementu nagusitzat. Aukera ausart horri esker errazerraz gauzatzen dira protagonistak bizi izandako lekuak eta egoerak, eta elkarreragin polita sortzen da hezur eta haragizko antzezle eta pantailako irudien artean.

 

      Bideo proiekzio gehiegi

      Dena den, eta harrigarria bada ere, inork ere ez du sinatzen ez bideo irudien errealizazioa ez eremu eszenikoaren sorkuntza. Beraz, Jose Ibarrola arte zuzendariarengana jo behar dugu zera esateko: teatroak betidanik izan dituen baliabide eszenikoen falta gorria nabarmentzen dela eta zenbait unetan jatorrizko testuari darion poesia itota geratzen dela bideo proiekzioen larregizko erabileragatik.

      Ramon Bareak egin duen testu moldaketari dagokionez, Atxagak berak aldarrikatu du hauxe dela orain arte egin den “moldaketarik biribilenetakoa”, eta ni ados nago, nahiz eta ikusle moduan askoz hobeto gogoratu Henry Bengoa inventarium-ena. Bareak zuzendutako aktore-lanaz, ordea, zalantza batzuk ditut.

      Ezin hobea deritzot Virginia Imazen aukeraketari Bambuloren pertsonaia gorpuzteko. Era berean, nik uste dut antzezle egokiak aukeratu direla idazkaria, ama nahiz hiru seme-alabena egiteko, are gehiago kontuan hartzen badugu haietariko bakoitzak rol osagarriren bat jokatzen duela. Osterantzean, Loli Astoreka ondo ikusten dut betetzen duen pertsonaia nagusian, baina —duen ahots berezia dela eta— ezin ditu gero sinesgarri bihurtu ez Baratxuri Bururen ez bigarren mailako beste edozein pertsonaiaren papera.

      Hala eta guztiz ere, eta antzezleen aukeraketa egokiaren gainetik, nabaria da era zapalean esaten dela testua, erraietatik irtengo ez balitz bezala, narrazioaren gatz eta piperra diren esamoldeen bizitasuna indargabetuz eta hitzen indar poetikoa apalduz. Amaitzeko, oraingo produktuak beste akats batzuk dauzka, aipatzekoak dira argiztapen okerra eta erritmo falta itzela, nahiz eta hori arintzen asko laguntzen duen Pascal Gaigneren soinu-banda alaiak.