Egilea: Paco Mir. Itzulpena: Eneko Olasagasti Konpainia: Tentazioa & Tricicle. Zuzendaritza: Fernando Bernues, Carlos Zabala. Aktoreak: Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti. Eszenografia: Jose Ibarrola. Non: Donostiako Antzoki Zaharrean. Noiz: Uztailak 14.
Bikote harremanen bat izan duenak jakingo du zer den krisiak pasatzea. Errutina dela, elkarrekin bizitzeak bestearen bitxikeriak erakustea, uda giroarekin besteak eder eta lirain ikustea... Bikotearen gorabeherek askotan banaketa eragiten dute. Banatzea gogorra izan daiteke edo arintasun bidea. Baina nola esan? Nola adierazi besteari banatu nahi duzula? Zein da unerik egokiena? Zein hitz erabili? Nola prestatu giroa? Eta eszena bat egiten badit? Eta aurreiritziekin ari banaiz? Ez da hain erreza, ez, harremana etetea.
Egoera hau ardatz hartuta ikusleari barreak ateratzeko moduko ikuskaria aurkeztu du Tentazioa euskal konpainiak Tricicle katalanekin batera. Testua, azken talde horretako partaide Paco Mirrek idatzi du; testu bizia, ironikoa, errealitatetik oso hurbil, nahiz eta irribarrearen erealitate distortsionatua izan. Hitzik gabeko antzezlea izan arren, Paco Mirrek idazten badu zer esanik. Bere idazkeran Tricicleren estiloa nabarmentzen da eta oholtza gainean keinuekin egiten dituen jokoak hitzekin burutzen ditu oraingoan.
Aktoreak ederki
Baina hori hutsaren parekoa litzateke hitzaren esatariek, hau da, aktoreek, beren lana egoki burutu ezean, eta ez da horrelakorik gertatzen ekoizpen honetan. Izan ere, antzezlanean parte hartzen duten hiru aktoreek ederki osatzen dituzte euren pertsonaiak. Aipatzekoa da Joseba Apaolazak burutzen duena. Aktore honek bere dohain guztiak azaltzen ditu eta aurretik ezagutzen bagenituen ere, oraingoan maila ederra erakusten du taularen gainean.
Beste biak ere, Eneko Olasagasti eta Mireia Gabilondo, ez dira atzean gelditzen. Sorpresa izan da niretzat Enekoren lana, urteak baitziren aktore lanetan aritzen ez zela eta zalantzak nituen itzulera honekin, baina txukun moldatu da, ikusirik gainera bere pertsonaiak ez duela askorik hitz egiten, nahiz eta eszenatokitik ez aldendu, eta hori beti zaila izaten da. Mireia Gabilondoren sartu-irten etengabeetan Josebaren kontrako pertsonaia ikus dezakegu. Azken honek geldi ezinik dabilen bitartean, bestea patxadaren adierazle da. Ironiaz betetako pertsonaia eraikitzen jakin izan du aktoreak.
Istorioa oso ezaguna da, tabernazaleak bazarete behintzat. Tabernaria askotan psikologoa izaten da, edari banatzailea izateaz aparte. Antzezlan honetan halako egoera aurkezten zaigu, non taberna bateko bezero batek tabernariari burua jaten dion bere emazteari banatu nahi duela nola esan ez dakielako. Egoera hau izanik, Kike izeneko bezeroak hamaika trikimailu eta estrategia entseiatuko du tabernariaren iritziaren zain. Tabernariak hasieran distantzia uzten badu ere, pixkanaka bezeroaren jokoan sartuko da, ia-ia bere konplize bihurtu arte.
Baliabide eszeniko bitxiei esker emaztea burutazio horietan agertuko da. Imajinazioa eta errealitatea elkarren ondoan doaz, eta erakusten diren egoeratan ikusleak bere burua islatua ikusiko du behin baino gehiagotan, horrek nor bere buruaz irribarrea eraginez.
Beraz, ikuskari dotorearen aurrean gaude. Ikusleak ondo pasatzeko egina, baina kontzesio errazak egin gabe. Lan txukuna, antzerkiarekin disfrutatzeko egina. Behintzat nik disfrutatu nuen. Eta hori antzerkiarekin, askotan, ez da hain erreza.