Taldea: Antxieta taldea. Tokia: Azpeitiko antzerki topaketetan. Obra: “Komedi zaharrak”.
Gainezka bete zuten azpeitiarrek “Zelaitxo” antzokia, etxekoak ikusteko.
Antzerki on bat ateratzeko ezin inori opa aurre baldintza hoberik: antzerki taldea urduri bezain pozik eszenatokian, daukaten guztia emateko gertu, eta, publiko inkondizionala, berea duen talde hau, hasieratik bukaeraraino aupatzeko irrikitan. Giro itsaskor honetan gozoro murgildurik geundela, anfiteatrotik behe solairuko lehen lerroetako une jakin batera zuzendurik zegoen foku mobila, astiro pizten joan zen, tartean, zain zegoen antzezlaria, agerkari magiko baten gisan, ikuslegoari aurkeztu zitzaion.
Antxieta taldeak konplikaziorik gabeko lana aukeratu du zuzendari berria estreinatzeko. Gerra aurreko antzerkiaren mostratxo bat eskaini digu “Komedi zaharrak” izenburupean: Joxe Artolaren “Motxa erriyan” (monologoa), Luzear-en “Neskamearen marmarrak” (monologoa), T. Alzagaren “Txingurri” (monologoa) eta A.M. Labaienen “Ostegun gizena” (haur antzerkia). Aukeraketa honetan Antxieta taldeak atzera pauso bat eman duela deritzot; aurreko urteetan eskaini izan dizkiguten Imanol Eliasen antzerkiek, Imanol beraren zuzendaritzapean hain zuzen ere, ahalegin sendoagoa eskatu diote taldeari. Hala ere, asmatu egin dutela uste dut, horrela jokatuz; zuzendaria eta taldea elkarrekin ondo konpenetratuak ez dauden bitartean, lan zail bati heltzea porrotaren atarian euren buruak jartzea bailitzateke, eta benetan ondorio kaltegarria lekarkieke. Hobe da lehenbizi ariketa errazak zehazki landuz garaile irtetea, eta hori egin dute. Izango du Inaxio Tolosak egokierarik lan zailetan bere ahalmena erakusteko.
Artolaren monologoak haserre utzi gintuen, garaiz heldu ginen arren, anfiteatroko aulkietan eseri behar izan genuenoi. Behe solairuko jende artean jardun zelarik, ez baikenuen ikusi ahal izan antzezlaria. Zuzendari berriak ez zuen horretan asmatu; izan ere ez da zilegi berrehun eta gehiago ikusleri ikuskizun osoaren laurden bat lapurtzea (barka espresioa). Nolanahi ere, Pello Otaegiren saioa, komiko lanean beti erakutsi izan digun, iaiotasunez jantzia irten bide zen, txaloek adierazi zigutenez. Luzearena, motel samarra; monologoaren arruntasunarengatik agian, Pilarrek ongi eman baitzuen bere neurria. Joxe Aranburuk, ziur eta bizi, inoren inbidiarik gabe jokatuz, aise atera zizkion bereak T. Altzagarenari. Azkenik, borobila irten zitzaion Antxietari osteguna gizena, komediatxoaren akotazioak zehazki jarraituz.
Ikuskizun entretenigarria eskaini zigun, oro har, Antxieta Taldeak, tarteen betegarritarako txaranga saioak beste aipagarri berezirik gabe. Aukeran motzegia, ordubete baino lehen eman baitzizkigun ematekoak.