Jokalariak: Altzaiko herrikoak. Zuzendaria: Jean Pierre Recalt. Urdinarben, urtarrilean.
Badira bederen 250 urte maskaradak Zuberoako herrietan plazaratzen direla. Haisera batetan ohitura hauek Europa osoan zehar izaten baziren ere, gaur egun, bakar-bakarrik Euskal Herriko herrialde txiki honetan gordetzen dira. Orain dela 8 urte joan nintzen lehendabizi Maskaradak ezagutzera eta benetan harritu nintzen honelako ikuskari bitxiaren aurrean. Joan zen igandean berriro ere xarmangarriak iruditu zitzaizkidan, lilura berbera sorraraziz.
Nire iritziz ez dago zalantzarik Zuberoako Maskaradak antzerkiaren hastapenak direnik, antzerkiaren ezaugarri “beltzak” izeneko taldearengan nabariak baitira. Beltzen arteko elkarrizketek eta harremanek zer ikusi handia dute edozein antzerki eszenarekin. Aurtengo “beltzak” oso indartsu dabiltza. Umore eta ironia ederto islatzen dute aurtengo kabanak, pitxu, poupouk eta toutouk. Urdinarben lau beltzak oso ondo aritu ziren. Hala ere guztien gainetik benetako maskaradaren protagonista pitxu dugu. Aurtengo pitxuk primeran betetzen du bere papera. Bakarrik gogoratu nola erantzun zion bere lehenengo deiari. Jo pitxu jo! Zaramaontzi handi bat eszenara sartu eta ikuslegoaren erdian zegoela barru barrutik pitxu atera zen saltoka. Barregarria oso. Lagun batek esaten zidan bezala pitxuren ekintzak eta Kataluniako La Fura Dels Baus taldearenak erraz pareka ditzakegu; kultur aldearen gainetik, jakina. Pitxua benetako bufoia da, akrobazia baldarren bidez barre eta algarada handiak piztu zituen joan zen igandeko ikuslegoarengan.
Beste aldetik “gorriek” folklorean oinarriturik maskaradaren istorioa dantzetan kondatzen digute. Aurtengo “gorriak” gazte samar direla esan beharko genuke.
Aurtengoan, herriko gaiak aztertuz gain maskaradaren gidoian salaketa ekologikoak aurki ditzakegu. Zuberoatik Nafarroara eraiki handi duten gaseadukto delakoaren aurka altxatzen da testua, ikuskari zahar honi gaurkotasuna ez zaiola falta nabarmenduz. Guk “Manexok” arazo handia aurkitzen dugu beti maskaradaren testua ulertzeko orduan. Hala ere ezin ulertu arren maskaradek interes handia sorrarazi eta batez ere goiz eta arratsalde eder eta desberdin bat eskaini ziguten.