Taldea: Maskarada Antzerki Taldea. Antzokia: Zelaitxo. Azpeitia abenduko topaketen markoa.
Beharrezko zaio pertsonari barre egitea, zentzu onean iraun ahal izateko. Eguneroko bizitzak, ordea, gutxitan emarazten die gure ezpainei gizakia beste abereengandik bereizten duen zirkin bitxi hori. Antzerkilarien helburu nagusietan bat gizarte triste hau alaitsunera eramaten saiatzea da. Marx Anaiak zeritzaten komiko iparramerikarrak umorezko antzerkilarien prototipo bilakatu ziren.
“Maskarada” antzerki taldeari, sortu zeneko hamargarren urteurrena ospatzeko, ez zaio jostagarri egokiagorik bururatu, hain beharrezko zaigun irria hain oparo eragin diguten komiko gogoangarri haiei omen egitea baino. Zorionez guretzat: psikologoa baino mesedegarriago eta merkeago gertatuko baitzaigu “Marxkarada” ikustea, geure buruetatik larritasun gaiztoak uxatzeko (barka biezadate psikologoek); eta eurentzat ere bai, noski, emanaldi ostean nabari zaien irribarre tolesgabeak erakusten duen pozak adierazten digunez.
Testuari dagokionean, Marx Anaiek asmaturiko gertakizun absurdoen bilduma egokia burutu digu Patxo Telleriak, elkarrizketa bizia eta espresioz aberatsa lortuz, zenbait unetan gramatikaz ahaztu xamarra ibili zaigun arren.
Argi diseinua ongi planteatua iruditu zaigu, baina erabiltzerakoan, desajuste nabarmenak ikusi dizkiogu noizbehinka. Eszenografia, bere xinpletasunean, ongi datorkio antzezlanaren giroari piano multierabilgarria ardatz zaiola. Janzkeran eta makillajean artetsu diren norbaitzuen lana ageri zaigu.
Antzezlanari berari bagagozkio, berriz, Marx Anaien parodia eskainiko zigutelakoan joan ginenok ustegabeko altxorrarekin egin genuen topo: Marx Anaiak bizi-bizirik aurrean bagenitu bezalako sentsazio anbaitu baikenuen geure baitan, antzerkia hasi eta berehala. Esan beharrik ez dago, horen ondorioz, Maskarada taldearen eta bere zuzendariaren trebetasuna biziro txalogarri eta txalotua gertatu zela. Apustu zailari heldu dio, oraingoan ere Maskaradak, eta garaile irten.