Bost ipuin eder
Agus Perez
Berria, 2005-04-23
“Nasdrovia Txekhov!”

Zuzendaritza: Fernando Bernues. Dramaturgia: Alberto Iglesias. Eszenografia: Fernando Bernues, Gonzalo Buznego, Pablo Almeida. Jatorrizko musika: Iñaki Salvador. Argiztapena: Xabier Lozano. Jantziak: Gabriela Salaverri. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Apirilak 21.

      Txekhoven bost ipuin ederrek osatzen dute Nasdrovia Txekhov! izeneko antzezlana. Bost ipuin eder eta ondo josiak, ipuinen arteko elkarketa delako lan berri honetako alderik sendoenetariko bat. Lehen osagai sendoa, dena den, Txekhov bera aukeratzea izan da, eta ez Antxeta, Osaba Vania edota Gereziondoen lursaila bezalako obra famatuengatik, baizik eta hain maisuki jorratu zuen narrazio labur hauengatik.

      Audizioa izenburukoa da gainontzekoei aitzakia emango dien lehen ipuina, baina egia esan oso era naturalean elkartzen dira bostak, dramaturgiari esker benetako osotasuna lortu arte. Izan ere, nolabaiteko ahalegina egin behar dugu ipuin baten amaiera eta hurrengoaren hasiera non dauden jakiteko, baina hala ere alferrikako ahalegina da, Nasdrovia Txekhov!—en helburua Txekhoven mundua agertzea baita, eta horretarako interesgarriagoa da kontakizunen arteko mugak ezabatzea, ikuslea egilearen unibertso berezian zeharo murgildu dadin.

      Dena dela, nik uste dut polita dela jakitea ipuinetariko batzuk, edo kontakizunetako egoera batzuk, egilearen bizipenetan oinarritzen direla. Esate baterako, obra ikusi eta gero interesgarria da jakitea Txekhovek eskola partikularrak eman zituela garai batean, eta baita ere arazo sentimental handiak izan zituela oso maiteminduta egon zelako emakume ezkondu batekin. Bizipen horiek markatu egingo zuten bere estiloa, adierazkorra eta umoretsua dena, nahiz eta umorea beti malenkonia tanta batzuekin nahasten duen. Testuarekin lotutako beste gai bat da Ritxi Lizartzaren euskaratzea, eta hor beste behin nabarmendu behar ditugu hizkuntzaren ulergarritasuna eta kalitatea.

      Argiztapena eta eszenografia ere aipatzeko modukoak dira, nahiz eta beharbada hari-instrumentu gehiegi ikusten den. Eta azkenik, aktore-lan bikaina dugu, besterik gabe. Berez, beti da gozagarria Isidoro Fernandez eta Jose Ramon Soroiz ikustea, baina Fernandez benetan Txekhoven izpirituan sartu da eta Soroizek antzeztutako rolen artean batzuk —doministikuena, atsoarena...— antologiakoak izan dira. Bestetik, ezaguna da Teresa Caloren sendotasuna, baina sorpresa ederra eman digute haiekin batera ederto aritu diren Eriz Alberdi, Naiara Arnedo eta Dorleta Urretabizkaia aktore gazteek.