Urte asko daramazu taula gainean. Zuri buruzko dokumentazioa biltzerakoan, ordea, elkarrizketa gutxi topatu dut. Komunikabideek antzerkiari arreta txikia eskaintzen diogun seinale?
Ez zait iruditzen arreta txikia eskaintzen diozuenik. Agian badago jende bat harreman handiagoa duena komunikabideekin: telebistan aritzen diren aktoreak, jendeak asko ezagutzen dituenak, zuzendariak, antzerki talde batzuk... Besteok, antzerkia bakarrik egiten dugunok, ez gara hain ezagunak eta gutxitan egiten dizkigute elkarrizketak.
Euskararen zazpi bekatu nagusiak lanarekin ari zarete orain jo eta ke. Gustura?
Bai, oso. Korrika Kulturalaren baitan hamar emanaldi egin ditugu eta beste hamabost-edo atera zaizkigu oraingoz. Ez da gutxi hori Euskal Herrian. Interes handia sortu du. Oso gustura nago, sortze prozesua ere oso polita izan zen, lasai ibili ginen baina lan asko egin genuen. Oso polita izan da aktoreekin eta zuzendariekin sortutako harremana. Pozik joaten naiz emanaldietara eta hori suerte handia da; ez da erraza hori lortzea.
Euskaraz bakarrik antzeztuko den lana da. Karteleran dauden antzezlanekiko salbuespena.
Diru-laguntza txikia baduzu, hemengo zirkuitua oso txikia denez, gaztelaniazko bertsioa ere egin behar duzu. Euskaraz muntatzea izaten da arraroa, alegia, bi bertsioak prestatzerakoan, euskarazkoa izatea lehena. Bai Euskararen zazpi bekatu nagusiak bai orain prestatzen ari garen Zeta (Hika) euskaraz muntatu ditugu.
Pokekin antzezten ari zaren obra Shakespeareren Romeo eta Julietaren pasarte batekin hasten da. Autore beraren makina bat lan antzeztu zenuen Ur taldearekin egindako hamalau urteetan. Zer oroitzapen duzu garai hartaz?
Urte asko eman nituen taldean eta asko ikasi nuen, asko dibertitu, asko sufritu... Intentsitate horrek bi muturretara eraman ninduen: asko maitatu nuen antzerkia eta nire lankideak eta era berean asko gorrotatu. Lan egiteko era bat eta antzerkia ulertzeko modu bat geratu zait urte haietatik. Gauza oso politak bizi izan genituen, jende asko ezagutu genuen, antzerkia egiteko modu hori... Gure emanaldietara jende asko etortzen zen eta hori zortea da, benetan.
Asko ikasi nuen Ur taldean antzerkiaren munduari buruz, ez bakarrik aktoreen arteko harremanez, baita antzerkiaren esparru guztien gainean ere: eszenografia, zuzendaritza, publikoa, kritikoak, ospea, frakasoa... Zorte handia izan nuen momentu hartan han izanda. Zaila izaten da, ordea, hainbeste urtetan eta hainbeste egoeratan ekipo bera mantentzea, intentsitate berarekin. Bakoitzak bere bizitza du, bere ikuspuntua... Oso talde gutxik irauten dute ekipo gisa lan egiten.
Hamalau urte taldean egindakoan, uztea erabaki zenuen.
Taldea utzi ondorengo bi urteetan oso haserre nengoen antzerkiarekin. Oso nekatua nengoen eta esaten nuen: “Hau baldin bada antzerkia, nik ez dut ezer jakin nahi”. Momentu hartan Lezoko Orratx antzerki talde amateurrekoek deitu zidaten haien lan bat zuzentzeko. Zalantzan egon nintzen, baina azkenean baiezkoa eman nien. Eta hor hasi nintzen antzerkia berriz maitatzen. Sentitu nuen zein ziren antzerkiarekiko harreman oinarrizko eta beharrezkoak. “Zergatik egiten dut antzerkia?” galderari Orratxi esker eman nion erantzuna.
Eta zein izan zen erantzun hori?
Antzerkia transmititzeko gogoa da, ez zara zu inportantea, transmisioa baizik. Transmisioa funtsezkotzat jotzen baduzu, gizaki bezala humanoagoa zara eta aktore bezala ere bai. Eta aurrean duzunari begietara begiratuko diozu beti, transmititzeko. Hori da esentzia, transmititzen duena zara, eramailea. Antzerkia egiten dugunok garena baino gehiago garen ustea dugu batzuetan, dikotomia hori dugu, batzuetan oso gaizki sentitzen gara, besteetan “jainko”... baina esentzia, oinarria, ahazten ez baduzu, alegia, antzerkia transmititzeko egiten duzula, bestearekin harremanetan jarri ahal izateko, zure buruarekin eta besteekin kontaktuan zaude. Eta amateurretan badago hori, egun osoa lanean aritu ondoren, euren bizitzako bi ordu hartzen dituzte hor egoteko, disfrutatu, barre egin, negar egin, jolastu ahal izateko. Eskuzabaltasun ekintza izugarria da.
Zenbaitetan garrantzia gehiegi ematen diogu egiten dugunari, eta seguraski ez da batere inportantea, edozein langilek guk baino gauza askoz garrantzitsuagoak egiten ditu eta ez da ikuspuntu hori galdu behar. Askotan badago sufrimendu puntu hori antzerkian, “hau arazo bat da”, “beste hura ez zait ateratzen”... baina beharrezkoa da barruak nahastea, sorkuntza ez baita beti erosoa, eta nahasmen horrek, gainera, galderak egitera bultzatzen zaitu. Baina hori ez da frustrazio, moduan bizi behar... Antzerkian gabiltzanok sufrimendu sentsazio horretara engantxatzen gara batzuetan.
Taldean aritzetik bakarka aritzera alde handia dago. Zein dira onurak eta zein kalteak?
Zeta muntatu eta gero, Chimeres taldearekin hasiko naiz lanean. Hura talde bat da, Ur taldearen estilokoa. Duela bi urte eskaini zidaten haiekin lan egitea, eta baietz esan nuen, berriz sentitu nahi nuelako talde batean lan egitea zer den eta nahiko ondo sentitu naiz. Talde lanak ematen dizuna aktore lanaren segida da, igeltseroek dutena. Entrenatzeko aukera ematen dizu eta konektatua jarraitzekoa. Alegia, lana ez izatea bi hilabetez aritzea eta kito. Lanaren jarraitutasun hori oso garrantzitsua da. Bestalde, bakarka aritzeak proiektu oso ezberdinetan aritzeko aukera ematen dizu, jende oso ezberdinarekin lan egitekoa... Talde batean zaudenean, onerako zein txarrerako, asko ezagutzen dituzu zure lankideak eta taula gainean zaudenean, begirada bat nahikoa da zer gertatzen den jakiteko. Alde ona da ondo elkar ulertzeak lana izugarri haztea ahalbidetu dezakeela eta txarra, elkar ulertze horrek tranpa egitera bultza diezazukeela eta tranpa horretan harrapatuta geratu eta ez gainditu. Eta askotan hori gertatzen da taldeetan, momentu batetik aurrera ez dagoela garapenik
Noizbehinka, faltan botatzen dut taldean aritzea eta, beste batzuetan, batere ez.
Komedia jorratu duzu batez ere azken urteetan: Oihanaren legea (Hika), Terralurtarrak (Tentazioak), Poken azkena... Komedia asko egiten da ala komedian aritzen zara erosoen?
Batetik, komedia asko egiten da, publikoak eta merkatuak hala eskatzen duelako. Nik uste aldaketa bat behar dela, hori oso pobrea baita eta beste proposamen batzuk ere egin behar dira. Bestetik, komedian ondo sentitzen naizen ospea dut. Eta hala da, baina tragedian oso ondo sentitu izan naiz, beti ere komedia puntu batekin. Nik tragedia horrela sentitzen dut, bizitza horrelakoa delako, momentu gogorrenetan beti dago komedia puntu bat, bestela ezingo genuke jasan.
“Egun egiten dugun antzerkia ez da batere irautzailea, ez gara asko bustitzen. Gizartearen pare goaz”, zenioen berriki Oarsoaldean hilabetekarian.
Gizarte light batean bizi gara, azaleko kontsumoa eskatzen digun gizartean. Ezin dugu gauza traszendenteez, garrantzitsuez hitz egin, ez dugulako distantziarik. Ni pertsona arrunta sentitzen naiz, ez dut ikuspegi kritiko hori. Bernard Koltesek hiesari eta Pariseko ghettoei buruz nola idazten duen ikusten dut, eta ni ez naiz gai hori hemen ikusteko. Gizarte nahiko light batean bizi naiz eta gizarte horren parte naiz gainera, eta gauzak ikusten ditut, baina ez dakit gauza horien gordintasuna nola transmititu; agian gordintasun asko bizi behar duzu, hori transmititu ahal izateko. Eta uste dut hori gertatzen ari dela euskal antzerkian, eta gauza bera Espainiakoan eta Mendebaldekoan oro har. Bustitzen den autore eta antzerki talde gutxi dago, zerbait gogorra eta kritikoa esaten dutenak gutxi dira. “Zer arraio pasatzen ari da”, galdetzen duen gutxi dago. Nik nire buruari egiten diot galdera hori eta bururatzen zaizkidan ideia guztiak urardotuak dira. Frustrazio handia da galdera horri sakon ezin erantzun ahal izatea.
Ikusleek ondo erantzungo al liokete antzerki horri?
Urte asko daramatzagu komedia jorratzen, jendeak behar zuelako, baina beste antzerki motak ikusteko aukera galdu da; oso aukera gutxi dago. Beste antzerki hori beste ikuspuntu batetik ikusten erakutsi beharko litzaioke ikusleari. Heziketa kontua da eta alde horretatik, atzera egin dugu. Antzerkia asko instituzionalizatu da eta horrek ekarri du ikusleari eskatzen duena ematea. Hor faktore asko sartzen da jokoan: programatzaileak, takilla, telebistako izenak... Guzti hori oso arriskutsua da antzerkiarentzat, hala, esateko asko duten beste antzerki moduak ezabatzen dituzulako. Herrietan antzerkirako aurrekontuak asko txikitu dira eta horrela zaila da programazio egonkor bat eskaintzea eta antzezlan diferenteak ematea.
Zer du faltan Euskal Herriko antzerkiak?
Arriskua falta du, sorpresa, emozioa. Zu antzerkira joatea eta ustekabean harrapatzea. Eta ez du zertan izugarri ezohikoa izan. Orain asko ari gara apaintzen antzelanak, eszenografi handiak, produkzio handiak, jantzi eta argiztapen apartak... eta askotan oinarrizkoenean aurkituko ditugu gauzarik interesgarrienak. Oso zaila da oinarrian arriskatzea, horrek lan handia exijitzen baitu. Gaur egungo produkzioak oso azkar egiten dira, oso diru gutxi dagoelako. Lan prozesu luzeagoak behar dira, ikertzea eta arriskatzea ahalbidetuko dutenak, emaitza bilaketa lan baten ondorio izan dadin. Konpainiek ezin dute bi hilabetetik gora egin produkzio bat prestatzen. Aldaketarik ahalbidetzen ez duen gurpil zoroa da. Aldaketa ez baita berez etortzen, lanaren ondorioz gertatzen da eta horretarako denborarik ez badago, gauzak ez dira aldatuko. Zaila dago. Ez dut “ze polita” esan nahi teatro lan bat ikusi ondoren, ni interesatzea, bizarrak zutik jartzea baizik. Eta oso gutxitan sentitzen dut hori.
Proiektu andana duzu aurrera begira. Alessandro Bariccoren Zeta (Hika), Bertolt Brechten Kaukasoar klerazko biribila (Chimeres)...
Aurtengoa oso urte ona izan da niretzat, hiru antzezlanetan parte hartuko dut aktore gisa, Koldo Mitxelenan irakurketa batzuk egingo ditut eta Orratxekin monologo batzuk landuko ditugu. Ea Zeta ondo ateratzen den. Oso ilusionatuta nago, maitasun istorio oso polita da eta sortze prozesua ona izaten ari da. Ea emanaldiak ateratzen zaizkigun. Chimeresena proiektu berezia da. Kubako, Israeleko, Frantziako jendea dago... Hogeitik gora izango gara. Euskaraz izango da eta guztietatik bospasei bakarrik gara euskaldunak. Istorio oso berezia da, oso polita, kantua, dantza, interpretazioa uztartuko dugu, musikariak eszenatokian izango dira... Bi urte daramatzagu proiektu horretan eta urrian estreinatuko dugu. Itxaro Bordak itzulpen polita egin du eta talde polita osatu da. Bi urte horietan hainbat lan prozesu izan ditugu eta horietako bat heltzen den bakoitzean piztu egiten naiz, zorte handia da beraiekin lan egin ahal izatea.
Motzean
Antzezlan bat: Ricardo III.
Pertsonaia bat: Egindakoetatik Romeo eta Julietako inudea, Sueño de una noche de veranoko Elena, eta egin gabekoetatik Samuel Becketten All that falleko Maddy.
Autore bat: Samuel Beckett.
Antzoki bat: Klaustroak gustatzen zaizkio, aire librean izan arren, antzokietako isiltasuna dagoelako. Gogoan du bereziki Caceresekoa. Bertako jaialdian izan zenean, ilunabarrean, antzezlana hasi aurretik, zikoina pila bildu zen klaustroan. “Oso momentu magikoa izan zen”.