Egilea eta zuzendaria: Antton Luku. Antzezleak: Donibane Garaziko Lizeoko ikasleak. Lekua: Izpurako Faustin Bentaberri gelan. Egunak: Apirilak 21 eta 22.
Oraingoan, erokeria dute landu Antton Lukuk eta bere ikasleek. Arrakasta itzela bildu dute berriz ere, ikusle kopurua ala gelan sumatu satisfakzio burbuilen agitazioa ikustea salbu. Aurten ere, bai egin sormen lana ekoitz prozesua diot, bai emaitza zoragarriak dira.
Esperimentazioaren bidetik mintzo berriak eta irudi freskoak arriskatuz, espazioa, mugimendua, irudia eta hitzaren arteko konbinazio efektiboak lortu dira. Lukuk berak ederki argitu zuen bezala Otsail Ostegunak mintzaldi zikloan, argi da tobera edo plaza antzerkiaren osagai diren giltzen berreskuratzean eta freskatzean dela kausitu. Publikoa biribilean izateak, pertsonaien nahiz jokolarien bekoan bekoko hitzartzeak, publikoari parte hartze zuzena bilatzeko ahaleginak edo jokoaren bizitasun orokorra bezalako osagaiek dute parte hartzen “antzerki bizia” bezala definitzen duen horretan. Dantzaren tokia berriz aurkitzeko entseguak ere ikusi ditugu, West Ibarre ikusgarrian horrek buruko min frango eman zigularik, hemen urrats kualitatibo bat eman da, antzerkiaren bidetik bilatuz dantzaren funtzioa eta estetika. Bide bat barnatzeko segurki. Gaiarekin ere ez ginen lokartu. Legeak zilegitzen du jendea eroetxean zerratzea auzo edo familiak galdeginez geroz. Honek sortzen dituen bidegabekeriak hiru kasuen istoriotatik harilkatu dira. Finezia handiz jokatu zuten dramatikoa izan zitekeen solasa eta delirio une batzuekin irriari bide eman, gaiaren grabetasuna nehoiz saihestu gabe, baina atmosfera gozoa sortuz. Ziria polliki sartu ziguten ere, izenpetze kanpaina bat dela medio, publikoaren baimenarekin burutu baitzuten zerratze bidegabeetarik bat. Bestalde, eriengan botiken efektuak mimatzen zituztelarik keinu bitxiz, ez zinakien gehiago saihetsekoak erremedioen ondorioez zuen irri egiten ala benetan pentsatzen zuen eroak zirela horrelakoak. Irudi frango geldituko zaizkigu antzerki honetatik. Elektrotxoke tratamenduarena eta Lili Marlenen aparizioa; depresioaren aurkezpena airezko bula barnetik; Abu Graibeko argazkien iduriko eroen haragi metak; errotekilako kaderetan zirurikan zihoazen politikoak (begi kliska Karruseri); depresiboen barne munduko marmutzeriaren desfilea; egiazko eroa, pareta pintatzen eta hizketaldi mistikoetan galdua, ero bat galdua izan badaiteke bederen; eta beste hainbat... Bukatzeko, eroak zein ote ziren bazindoan galdezka, barnekoak ala besteak. Baina, pentsamendu lasaigarri honetan ez uzteko edo, azken agerraldia legearen krudeltasuna agertzeko baliatu zuten, bat jin delarik bukatu balitz bezala mintzo, ezin hutseginezko “ostatua idekia izanen da nahi dutenentzat” errateko ber tonuan. Jakizue, ostatura joaten den bezala zerratu gaitzaketela. Beharrik, bidegabekeria horiek salatzen dituzten elkarteen helbideak eman zizkiguten.Antton Lukuk esku-orrian dioenaren haritik, antzerkiaren interesa bizian ezin erranen harrotzean da. Bai forman, bai edukian, erokeria hori ederki kausitu dute.