Hitzaurrea izeneko soinu esperientzia bat prestatu dute Piszifaktoriak eta Fikzio Fabrikak. Loraldian aurkeztuko dute, astelehenean, eta edonoren eskura izango da gero; bakarka entzutekoa da proposamena, sakelakoa eta aurikularrak hartuta.
“Oraina ulertzea da etorkizun bat izateko modu bakarra. Izan ere, etorkizuna gaur ari da gertatzen”. Abiapuntu horri helduta hasi ziren duela urtebete inguru Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideak eta Fikzio Fabrikakoak etorkizuna gogoetagai izango zuen soinu esperientzia digital bat prestatzen, eta aurkeztear dute emaitza: Hitzaurrea, Internetera konexioa duen eskuko telefono bat eta aurikularrak hartuta, norbere erabakiek trazatuko duten banakako ibilbide bat. “Oinez gertatzen den jolas bat”.
Astelehen iluntzean estreinatuko dute, Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan —sarrera guztiak agortuta daude jada—, baina egun beretik aurrera edonoren esku izango da proposamena, hitzaurrea.eus webgunearen bidez. Entzuleak istorio baten berri izango du, zeinak etxetik atera eta bere herrian zehar —eta aldi berean soinu fikzioan zehar— ibiltzera gonbidatuko duen. Oinez hasteaz bat, hautuak egin beharko ditu entzuleak, etorkizunarekin berarekin gertatzen den bezalatsu, Mikel Ayllon Piszifaktoriako kidearen esanetan: “Etorkizuna nolakoa izango den ez dakigu, baina badakigu gaur hartzen ditugun erabakien mendekoa izango dela”.
Jolaserako eremu bat irekitzearekin batera, teknologiak erdiz erdi eraldatu duen bizimoduaren gaineko gogoeta ere eragin nahi du soinu esperientziak, Ayllonen esanetan: “Iraultza teknologiko bat bizi izan dugu, eta, horrekin batera, beharbada, baita iraultza ideologiko bat ere. Gauza asko pasatu dira denbora oso laburrean, eta etorkizunekotzat genituen hainbat gauza jada gertatzen ari dira”. Ziborgak jarri ditu horren adibidetzat, partez organiko eta partez mekaniko diren izakiak. “Gu guztiok ja aski ziborgak gara. Telefonoak esaten digu, adibidez, zein den bide batetik bestera joateko egin behar dugun biderik laburrena. Gure gorputzean integratuak ditugu gaitasun horiek”.
Lau lagun aritu dira, zehazki, Hitzaurrea lantzen: Ayllon eta Irati Agirreazkuenaga Piszifaktoriako kideak, eta Xabier Landabidea eta Eneko Olazabal Fikzio Fabrikako kideak. Haiekin aritu dira, halaber, Talaios kooperatibako kideak, garapen informatikoan; eta Ibon Agirre musikari eta soinu ekoizlea, soinu espazioari forma bilatzen. Astelehenean, proiektuko kideak egindako lana aurkezten eta parte hartzaileei harrera egiten arituko dira —19:30ean da hitzordua, Bilboko Azkuna zentroko atrioan—, eta ibilaldiaren ostean hara itzultzea proposatuko diete, elkarri kontatzeko zer iruditu zaien.
Azkenean, soinu mapa bat
M. izeneko pertsonaia nagusiaren hariari segika hasiko da ibilbidea. Hau izango da entzuleak jakingo duen lehen gauza: duela pare bat urte ama galdu zuen protagonistak, eta babes hura galduta, ostera “jaiotzea” tokatuko zaio berriz ere. Kalera aterako da orduan, eta haren atzetik aterako da entzulea ere. Hitzezko narrazioaz harago, baina, soinuek izango dute protagonismo berezia. “Entzumenari inportantzia gutxi ematen diogu, irudiaren munduan bizi garelako, baina soinuek gauza asko esaten digute”, defendatu du Ayllonek. “Askotan aditzen ez baditugu ere, soinuek asko diote gure inguruneaz, munduaz, sortzen ari garenaz eta sortzen ari ez garenaz. Arreta jarri nahi genuen horretan ere”.
Teknologiaren eta mundu digitalaren aurrerabideak atzera bueltarik izango ez duela uste izanda, posizio kritiko eta eraldatzaile baten aldeko jarrera ere hartu nahi izan dute proiektuko kideek. “Teknologiaren garapena ukatzea baino interesgarriagoa izan daiteke, ziurrenik, gauza eraikitzaileak eta kolektiboak egiteko baliatzea”, adierazi du Ayllonek. Hitzaurrea-n parte hartuko dutenek bakarka egingo dute ibilaldia, baina “hausnarketa kolektiboago baten parte” ere izango direla uste dute. Gainera, amaieran ariketa jakin bat egitea proposatuko diete: bakoitzak une jakin horretan entzuten dituen soinuak grabatzea. “Guri helduko zaizkigu gero grabaketa horiek eta ideia da halako soinu mapa bat osatzea, parte hartu duten guztiek Euskal Herriko hainbat txokotatik atera dituzten soinuekin. Gero denek entzuteko moduan egongo da mapa”.
Loraldia jaialdiaren bigarren Sormen Digitala beka irabazi zuten Piszifaktoriako eta Fikzio Fabrikako kideek Hitzaurrea proiektuari esker. Beren-beregi euskarazko sorkuntza digitala sustatzea da beka horren asmoa, eta balioa eman dio apustu horri Ayllonek. “Arte digitalak gero eta indar handiagoa dauka, eta euskararen presentzia oso txikia da hor; hor ere bai. Beka hau horregatik iruditzen zait oso interesgarria; izan ere, errealitate birtualen mundua, errealitate areagotuena eta antzeko munduak garatzen ari dira, gero eta pisu gehiago izango dute, eta euskarak bide oso bat dauka hor egiteko”.