Antzezlan propio bat aurkeztuko du Arriaga antzokiak martxoaren 21etik 23ra, Tennessee Williamsen obra bat. Natalia Menendezek zuzenduko du, eta Kepa Errastik itzuli du.
Etxegabetze arriskuan dagoen familia bateko kideen arteko harremanei buruzko antzezlan berri bat izango du Bilboko Arriaga antzokiak: Kristalezko zooa. Natalia Menendez madrildarrak egokitu du, eta hark zuzenduko du, Getari Etxegarai aktore eta zuzendariaren laguntzarekin, Kepa Errastik euskarara ekarritako bertsioa. Estreinaldia martxoaren 21etik 23ra izango da.
Istorioa taularatuko duten aktoreak Mikel Losada, Ione Irazabal, Miren Gaztañaga eta Arnatz Puertas izango dira. Haiek ohartarazi dutenez, antzezlana ez da errealista, baizik eta surrealista eta espresionista.
Tennessee Williams antzerkigile estatubatuarrak 1944an idatzitako antzezlana da Kristalezko zooa, baina aktoreek, eszenografiarekin eta antzezlanaren gainontzeko elementuekin batera, 1937ko Ameriketako Estatu Batuetara eramango dituzte ikusleak.
Zuzendariak azaldu duenez, antzezlana girotuta dagoen gerren arteko egoera hartako burgesia gero eta txiroagoa zen, eta gizartea ez zen erreakzionatzen ari. “Garai hartan, Ameriketako Estatu Batuetako klase ertaineko kideak tabernekin, zinemarekin, alkoholarekin lokartzen zituzten, baina pertsonaia bakoitzak, lo egon arren, badu bere bere guda barruan”, azaldu du Mikel Losada aktoreak. “Testuinguru hori orainarekin lotu dezakegu oso erraz”, gehitu du zuzendariak.
Zehazki, antzezlanak gainbehera ekonomiko bortitzean dagoen familia burges bateko kideen arteko harremanak lantzen ditu. Itotzen ari diren sentsazioa dute pertsonaiek, eta euren ametsek batak bestearekin talka egiten dutela azaldu du Miren Gaztañaga aktoreak.
Pertsonaiak goratu dituzte aktoreek. “Oso aberatsak dira: geruzaka daude eraikita”, argudiatu du Ione Irazabalek. Arnatz Puertasek pertsonaien arteko harremanak “interesgarri” eta “oso unibertsal” gisa deskribatu ditu. “Duela laurogei urte idatzitako obra bat gaur egun etxeko saloian edo sukaldean ikustea izugarria iruditzen zait”, gaineratu du.
Zuzendariaren iritziz, baina, Kristalezko zooa ez da familia bati buruz hitz egiteko lan bat, baizik eta “gure hauskortasunen eta gure ahultasunaren inguruan hausnartzekoa”. Mina ironiaren bidez kontatzen duen obra bat dela ere esan du. Zuzendariak azaldu duenez, jatorrizko idazleak, Tennessee Williamsek, zera kontatu nahi zuen bere obrarekin: baldintza politiko eta sozialek eragin handia dutela familiengan.
Drama komediaduna
Erronka bat da antzezlan garaikide baina klasiko hau aktoreentzat. “Klasikoei beldurra izaten diegu aktoreek, publikoak obra aurretik ikusi edota irakurri duelako, eta aurreiritzi batekin joaten delako antzezlana ikustera”, adierazi du Losadak. Hala ere, antzeztalde osoak laudatu du Natalia Menenedez zuzendariak egin duen egokitzapena. Jatorriz drama generoko antzezlana denari komediarik falta ez zaiola azpimarratu dute aktoreek. “Ez nion komediarik aurkitu lehenengo irakurketan obra honi, baina Nataliak komedia pila bat aurkitu dio”, azaldu du Losadak.
Ikus-entzunezko elementuekin osatuko dute antzezlana. Tennessee Williamsek, bere garaian, teknika berritzaileak erabiltzen zituen: esate baterako, barne narratzaileak, proiekzioak, efektu bisualak, ordena kronologiko ez-linealak eta abar. Menendezek ere proiekzioak txertatu ditu, Gheada estudioaren eskutik. Musika zuzendaritzan Luis Miguel Cobo izango da; eszenografian, Monica Boromello; eta argiztapenean, berriz, Juan Gomez Cornejo. Esan dutenez, arropa probak egin dituzte jada, Tania Tajadura jantzigintzako profesionalarekin.
Antzezlana ikusteko sarrerak hamahiru eta 21 euro bitarteko prezioan eskuratu ahal izango dira Arriaga antzokiko txarteldegian bertan eta haren webgunean. Gaztelerazko bertsioa, El zoo de cristal izenekoa, apirilaren 3tik 6ra ikusi ahalko da, antzeztalde eta zuzendari beraren esku.