Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak “Hitzaurrea” estreinatuko dute Loraldian bihar: sakelako telefonoa eta aurikularrak aldean, kaleetan barna proposatutako oinezko ibilbidea. “Headphone theatre”-ren bidea hartu du konpainiak, eszenako antzerkigintza lantzeko dituzten zailtasunak ikusita.
“Inoiz pentsatu al duzu nolakoa izango den etorkizuna? Are, etorkizunik izango ote den? Guk ere bai. Baina, zuk bezala, guk ere ez daukagu erantzun argirik”. Horixe da “Hitzaurrea” lanaren abiapuntua, Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak Loraldian estreinakoz astelehenean eskainiko dutena.
Bien arteko elkarlanean, Loraldiaren Sormen Digitala Bekari esker ondu dute proiektua. “Mundu birtualean biziko den eta bertan geratuko den pieza bat egiteko dirulaguntza eskaintzen du Loraldia jaialdiak. Gero mundu errealera eraman daitekeena edo ez. Gure kasuan bi munduak batzen ditu”, argitu du Mikel Ayllonek (Laudio, 1980), Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideak.
Soinu-esperientzia da “Hitzaurrea”. Badu digitaletik, badu analogikotik. Egunero erabiltzen den mugikorra, Internet konexioduna, eta aurikularrak; ez da beste ezer behar. “Etxetik hasi eta kalera eramango du parte-hartzailea esperientziak, istorio eta jarraibide batzuen bidez”, kontatu du. Ibilbide erreala proposatzen du kaleetan barna Loraldiko egitasmoak.
Estreinako aldiz
Lehenengo saioa bihar izango da. Abiapuntua, Alondegiko atarian. 45-60 minutuko esperientzia izango da. Helduei zuzenduta, 70 pertsonarentzako tokia dago. Gonbidapenak aspaldi agortu ziren. “Lehen aldian, esperientzia honen hasiera eta bukaera jendeak elkarrekin bizi dezan nahi dugu”.
Norberaren erabakien mende dagoen banakako ibilaldia da. Abentura txiki bat. Momentu batzuetan parte-hartzaileak erabakiko du zein gunetara jo. “Ongi etorri orainaldira. Ongi etorri etorkizunaren hitzaurrera”, esanez luzatu dute gonbita.
Behin estreinatuta, bihartik aurrera webgunearen bidez (www.hitzaurrea.eus) norberak nahi duen herrian, nahi duenean, goza dezake esperientziaz. “Egokituta dago Euskal Herriko edozein herritan egiteko. Buelta asko eman dizkiogu. Herri guztietan dauden lekuak aztertu genituen: farmazia, taberna, eliza, udaletxea, zubia...”, esan du Ayllonek.
Jolasa
Oinez gertatzen den jolasa da “Hitzaurrea”. Rol jokoen arloan lanean ari den Fikzio Fabrikako kideengana jo zuten Ayllon-ek eta bere lagunek, “jolas ukitua emateko lanari. Gure lanak poetikoagoak dira eta bideo jokoen esperientzia txertatu nahi genuen oraingoan”.
Arlo teknologikoak eman dizkie buruhauste handienak. “Talaios Kooperatibako kideekin lanean ibili gara. Oso zaila da, mila buruhauste izan ditugu bidean, baina lortu dugu egin nahi genuen guztia ahalik eta modurik sinpleenean eta irisgarrienean egitea”, kontatu du antzerkigileak.
Itxura batean, proiektuak biharko egunari begirakoa dirudi. Ez da horrela. “Badu ukitu futurista, baina gure helburua ez da etorkizunari buruz hitz egitea, baizik orainaldiari buruz. Bihar zer gertatuko den ez dakigu eta bihar gertatuko den hori gaur erabakitzen ari gara. Gaur hartzen ditugun erabakien araberakoa izango da biharko mundua. Horregatik, esperientzia honen oinarrian erabakiak daude, ibilbidea egin ahala hartzen joan beharko duzun erabakiak”. Egungo teknologiak gure egunerokoan nola eragiten duen hausnartu du. “Mundua oso azkar doa eta gauza batzuk aldatu dira denbora laburrean. Beharbada ez gara horren kontziente, baina hala da, eskura dugun teknologiaren bidez. Istorioan hitz egiten da ziborg-en, gizatiarrak ez diren osagaiak dituzten pertsonen, inguruan. Gu denok ziborgak gara, egunero aldean daramagun mugikorretik hasita. Gero eta gehiago bizi dira gure partez. Haiek erabakitzen dute zein bide hartuko dugun, ze jatetxetan bazkalduko dugun balorazioen arabera, edo horrelako kontuak, hausnarketarako bide ematen dutenak. Momentuz kanpoan daramagu mugikorra, baina txip bat sartuko digute segur aski eskuan eta hori izango da mugikorra. Hala ere, ez da alde handirik izango gaur egungoarekin”, gaineratu du.
“Headphone theatre”
Aurrez ere audio bidez murgiltze esperientziak landu dituen konpainia da Piszifaktoria Ideien Laborategia. “Gero eta gehiago interesatzen zaigu formula hori. Antzerkian headphone theatre izenekoa egiten dugu. Ohartu behar gara mundua ze azkar doan, zertara ohituta dagoen. Tramankulu teknologikoz inguratuta bizi gara eta interesgarria iruditzen zaigu antzerkira ekartzea, lengoaia eta modu berriekin”, kontatu du Ayllonek.
Publikoa beste toki batean kokatzea dute helburu konpainiako kideek. “Urte luzez ikusle hutsa izan da eta gero eta interesgarria iruditzen zaigu hori bakarrik ez ematea eta erdigunean kokatzea, hausnarketa sakonagoak egiteko aukera emango diolako. Kasu honetan publikoa bera da istorioa osatuko duena. Zure ibilbidea zuk aukeratuko duzu eta istorio zabal horren parte batzuk bakarrik ikusiko dituzu eta zuretzako eta zuk egindako esperientzia biziko duzu. Eta konbinatuz mundu fisikoarekin”.
“Antzokien eredua, zaharkitua”
Antzerki tradizionalaren zirkuituan muturra sartzea ez da erraza. Hala dio Ayllonek. “Dagoen zirkuitua dago, dauden konpainiak, eta dauden ohiturak. Horrez gain, saiatzen gara eszenatokitik kanpo ere zerbait gerta dadin, eta antzokietan zaila da. Dena dira arazoak, ematen du molestatu egiten duzula. Antzokien eredua zaharkituta geratzen ari zaigu denoi, antzerkia egiteko beste modu batzuk badaude, eta etorriko dira. Eta zaila da orain arteko ereduan enkajatzea, ez gara eroso sentitzen”.
Antzerki sektoreari erreparatuz, hau dio: “Noizean behin kexatzen gara, baina ez dugu ezer egiten; beraz, zer espero dugu? Ez dakit zeinek hartu behar duen iniziatiba...”. Urrunago doa: “Kultura, oro har, hondoratzen ari zaigu; pentsamendu bakarra bultzatu nahi da. Prekaritatea ere izugarria dago sektore honetan, eta pixka bat mugitzen bazara, agian bihar ez duzu jango. Dena da oso konplikatua”.
Erakunde publikoek duten arduraz, hau dio: “Argi eta garbi, erakunde publikoek badute ardura eta zerbait egin beharra. Artista dago katearen katebegi ahulenean. Jateko dirua gogoan etengabe; oso gogorra da. Eta kultura oso oinarrizkoa iruditzen zait, are gehiago ze mundu datorkigun ikusita. Trintxera hau galtzen badugu, ez dakit zer geratuko zaigun, datorkigunari aurre egiteko”.
“Giharra galtzen”
Gero eta ikuskizun “sinpleagoak” programatzen dira, bere esanetan. Bilboko Alondegian gertatu dena jarri du mahai gainean. “La Caixari areto bat eman diote. Kudeatzaileei esaten zieten erakusketa errazagoak antolatu behar zituztela jendeak ez zituelako ulertzen. Hori astakeria da. Pentsamendu oso sinpleko lanak ikusten bukatuko dugu. Botereak hori nahi du, pentsa dezagun ahalik eta sakontasun gutxienarekin, izan dadila dena su artifizialak. Giharra oso azkar galtzen ari gara. Bat-batean konturatuko gara dena pikutara joan dela. Bankuek antolatutako erakusketak bakarrik izango ditugu. Edo Guggenheim-ak. Jaurlaritzari inporta zaion gauza bakarra turistak erakartzea da”, hausnartu du Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideak.