Antzezlana: Arima eta bihotza. Egilea eta zuzendaria: Jokin Oregi. Antzezleak: Mikel Losada, Anje Oregi. Antzezlana: Heroiaren mina. Testua eta interpretea: Gaizka Chamizo. Zuzendaritza: Pablo Ibarluzea. Lekuak: Bilboko Kalderapeko taberna eta 7katu gaztetxea. Eguna: Otsailak 27.
Otsailaren azken ostegunean amaitu da Bilboko alde zaharreko Lautan Hiru festibala, Kalderapeko tabernan eta 7katu gaztetxean izandako emanaldi labur banarekin.
Arima eta bihotza izeneko antzezlanean eldarniozko egoera bat planteatu digu Jokin Oregi idazle eta zuzendariak baina, etikak aginduta, ikusleon arteko sekretu profesionalak hertsatuta gertuko gara, zeren eta argumentuaz zerbait esatekotan, emanaldiari darion misterioa hautsiko litzateke.
Bakarrik esan dezakegu, robot baten eta bere jabearen inguruko tirabirak direla emanaldiaren hezur eta mamia, eta, Oregiren jakinduria dramatikoari esker, ikusleak lanak izango dituela Pandoraren kutxa horretan dagoena askatzeko. Bitartean, bi antzezle arduratuko dira bata zein bestearen rolak gorpuzteaz, eta antzezleok Mikel Losada eta Anje Oregi izan dira. Anje Oregik ganoraz bete du zegokion rola, eta hori asko da, kontuan izanda parean nor eta Mikel Losada zeukala.
Ikusleekin izandako geroko Ikusle Klubean aurkezle batek esan du bere ustetan Losada Midas erregea bezalakoa dela, hau da, ukitzen duen guztia urre bihurtzen duela, eta oraingo honetan ere gauza bera gertatu da. Ordea, kontuan hartzekoa da Anje Oregi antzezle gazteak duelu eszeniko bikaina eratu duela bere arerio eszenikoarekin, eta promesa sendo baten aurrean egotearen irudipena utzi digula gu-guztioi.
Amaitutakoan, Ikusle Kluba animatu dute Jaime Valverdek eta lerro hauek sinatzen dituenak. Hogeita hamar bat ikusle geratu dira zuzendari-egilearekin eta bi antzezleekin, eta nik esango nuke solasaldi animatua izan dela, Mikel Martinezen eta Imanol Agirreren parte hartze esanguratsuekin.
Hurrengo emanaldia —eta azkena Lautan Hiru-ren edizio honetan— 7katu gaztetxean izan da Pablo Ibarluzeak zuzendu duen Heroiaren mina lanarekin. Disney etxeko printzesa piurarekin agertu zaigu Gaizka Chamizo ordainezina, arrosa koloreko soineko batez jantzita eta arrosa koloreko edari susmagarri batek betetzen zuela eskuan zeraman kopatzarra.
Gorriz forratutako tronu txiki batetik hitz egin digu, kopatik zurrupaka edanez noizean behin, eta bere hitzetan maitemintzeak dakartzan minez ohartarazi digu eta baita ere maitemintze ezak dakartzanez, ikusle bati ere kontu horietaz galdetuta. Horren osagarri plastikoa haga bertikalean egindako ariketa atletikoak izan dira, aktorea praka laburretan geratuta eta lurrean izandako etenaldi laburretan ikusleengana hurbilduta. Ikusle askok txalotu dituzte balentria bakoitzaren osteko geldiuneak, baina nik nahiago nukeen dena tarteko txalorik gabe gertatu izana, hasierako diskurtsoaren luzapen poetiko benetan miresgarria izan delako. Baina, tira!, dena ezin da nik nahiago nukeen erara gauzatu, eta argi dago benetako atleta eta artistaren esku utzi behar ditudala horrelako zereginak.