Ikusleak ikuslea epaituko du “Epaiketa arrotzari” antzezlan interaktiboan
Urko Iridoy Alzelai
Berria, 2025-02-13

Iñigo Santacanak zuzendu du lana, eta gaur eta bihar aurkeztuko dute lehen aldiz euskaraz, Donostiako Viktoria Eugenia Klub aretoan. Bertan, epaiketa bat irudikatuko dute, eta ikusleak ere obraren parte izango dira.

      Hondartzan zebilen Mersol jauna, eta halako batean, hilketa bat leporatuta, epaiketa batean ikusiko du bere burua. Ustekabeko hilketa izan da, ala nahita egindakoa? Horixe erabaki beharko du epaimahaiak. Baina Mersol jaunaren epaiketa berezia da, Epaiketa arrotzari antzezlana ikustera joango diren ikusleek osatuko baitute epaimahaia. Are gehiago: ikusleetako bat izango da akusatua ere, eta epailea, eta fiskala... Antzezlan interaktibo bat sortu du Iñigo Santacana zuzendariak, Indubio konpainiaren eskutik. Gazteleraz estreinatu zuten lana, duela urte batzuk, eta hamaika emanaldi egin ostean, orain euskaraz estreinatuko dute. Gaur eta bihar izango dira emanaldiak, Donostiako Viktoria Eugenia Club aretoan, 19:30ean.

      Albert Camus idazlearen Arrotza liburua hartu zuen oinarri Santacanak. 2021eko apirilean estreinatu zuen Epaiketa arrotzari, eta, harrezkeroztik, 70 epaiketa egin dituzte gaztelaniaz. Antzezlanean bezala, liburuan ere hilketa bat leporatzen diote pertsonaia nagusiari, eta, horrenbestez, epaiketa baten protagonista bihurtuko da. “Eleberrian pertsonaia apatikoa da, eta normalki ez da irakurlearen gustukoa izaten”, azaldu du Santacanak. “Horregatik, neure buruari galdetu nion ea zer gertatuko litzatekeen Mersol izan beharrean beste pertsona bat izango balitz protagonista, pertsona alaiago edo karismatikoago bat adibidez”. Eta, zuzendariaren ustez, garrantzi handia du pertsonaiaren izaera horrek. Epaiketan hark egindako ekintzak ez ezik haren nortasuna ere badago-eta epaiketaren erdigunean. “Norbaiti buruz ditugun aurreiritziak erabaki bat hartzeko giltza izaten dira; beraz, pertsona aldatuz gero, erabakiak ere aldatu daitezke, ekintzak berdinak izan arren”.

      Antzezlana hasi baino lehen, konpainiako kideek galdera bat egiten diete ikusleei: “Nork izan nahi du pertsonaia aktiboa, eta nork pasiboa?”. Erantzunen arabera betetzen dituzte antzezlaneko pertsonaiak. Santacana: “Pertsonaia aktiboak izan nahi dutenen artean, zozketa egiten da, eta pasiboek, epaimahaiaren parte izango diren arren, ez dute hitz egin beharko”. Zuzendariak adierazi du normalki jendeak pertsonaia aktiboaren papera aukeratzen duela, eta beraientzat “pozgarria” dela jendearen parte hartzea handia izatea. “Askotan beldurra izaten da horrelako gauzetan parte hartzeko, baina gurean desberdina da. Ikusleak ez du aktore baten aurrean jarri behar: beste ikusle baten aurrean dago, hau da, maila berean. Denek dute informazio bera, denak hasten dira puntu beretik”.

      70 epaiketa egin dituzte oraingoz, eta, antzezlan bakoitzean pertsonaiak desberdinak direnez, epaimahaiaren erabakia aldatu egiten da. “Oraingoz, 36 aldiz ebatzi dute Mersolek hilketa nahita egin zuela, eta 34 aldiz adierazi dute nahi gabe egin zuela. Epaiketa bakoitzean dena da ezberdina. Mersol bakoitzak bere aurrekariak edota bere ekintzak aukeratu ditzake, eta, noski, akusatuak kontatzen duenaren arabera hartzen du epaimahaiak erabakia”. Konpainiako kideek argibide batzuk ematen dizkiote pertsonaia bakoitzari, bete beharrekoekin, baina, hori errespetatuz, bakoitzak askatasuna dauka nahi duena esateko. “Edozeinek har dezake pertsonaien papera. Pertsona lotsatientzat ere erraza izaten da, guk gidoia eta jarraibideak ematen ditugulako”. Gaur eta bihar, Silvia Larrauri, Luis Mitxelena eta Ziggy Doherty egongo dira bertan, ikusleak gidatzeko.

 

      Orain, euskaraz

      Madrilen murgildu zen Santacana antzerki munduan, baina Donostian jaio zen, eta, horregatik, ilusio berezia eragiten dio jaioterrira itzultzeak. “Gogo handia daukat Euskal Herrian honelako antzezlanak egiteko. Uste dut formatu interaktiboak bakarrizketetan oso hedatuak daudela, baina gauza serioagoetan zailagoa izaten da. Epaiketa arrotzari Euskal Herri osoan aurkeztu nahi nuke, bira handi bat egin”. Hala ere, kezka “txiki batzuk” pizten dizkio zuzendariari antzezlana euskaraz egiteak: “Beldur pixka bat dut testuetako gauza asko oso teknikoak direlako, legeak zehazki. Badakit batzuek gazteleraz kudeatzen dituztela horrelako gauzak, baina bueno, ikusiko dugu”. Oraingoz, Donostian bezala Getxoko Muxikaberrin ere (Bizkaia) egongo dira, otsailaren 28an.

      Antzokietan ez ezik, institutuetan ere egin izan dute antzezlana. “Gazteekin oso-oso ongi funtzionatzen du formatuak. Asko gustatzen zaie pieza interaktiboa izatea. Gainera, erabilera anitzeko obra da, ez dugu antzoki baten beharrik, edozein lekutan egin daiteke, erraz moldatzen gara”. Horren harira, zuzendariak iragarri du Euskal Herriko hainbat eskolarekin elkarrizketetan dabilela Epaiketa arrotzari bertara eramateko.

      Obraren amaieran, eztabaidatzeko tartea irekitzen dute konpainiako kideek, eta horretan lortutako emaitzak oso “pozgarriak” izan dira haientzat. “Zaila da gaur egun ezagutzen ez dugun norbaitekin iritziak trukatzea, baina horixe lortu dugu antzezlan honekin eta zehazki geroko eztabaidarekin”. Horrez gain, Santacanak gehitu du jendeak esaten diela arreta ez galtzea lortzen dutela, eta hori ere gaur egun “konplimendu handia” dela.