Alferrak eta gaizkileak
Agus Perez
ehaze.eus, 2025-02-18
Alferrak, tunanteak eta maleanteak

Antzezlana: Alferrak, tunanteak eta maleanteak. Konpainia: Gilkitxaro. Antzezleak: Aitor Garcia de Vicuña, Galder Perez, Ane Zabala. Lekua: Bilboko Bira! kultur gunea. Eguna: Otsailak 13.

Bilboko Lautan Hiru festibalaren bigarren ostegunean aurkeztu dute Gilkitxaro taldekoek beren azken sorkuntza, Bira! kultur gunea azken lerroraino beteta zegoela eta lerro hauek idazten dituena barrako sarreratxoan eserita zegoela.

Lautan Hiruko ezaugarriei men eginez, laburra izan da oraingo pieza –hogeita hamabost minutu– eta Alferrak, tunanteak eta maleanteak jarri diote izenburu, frankismo beteko Ley de Vagos y Maleantes izenekoa gogoan hartuta. Zeren eta, izaera naziko lege hark edozein pertsona disidente, arraro, eskale, homosexual edota helbide finkorik gabea –kasuistika zeharo zabala eta zehaztugabea zen– espetxera bidaltzea ahalbidetzen baitzuen, eta horrela bisitatu zituzten estatuko hotelak eta kontzentrazio esparruak –Tenerifekoa kasu– milaka eta milaka gizaki kulpagabek.

Galder Perezek eta Ane Zabalak beren ohiko estiloan ekin diote gaiari, haiengan hainbeste maite dugun tonu azido-eferbeszentean eta lehen esandako krudelkerietan ia sartu gabe. Ordea, kontu askotarako baliatu dute gogorapen beltzeko lege hura, eta inurri itxurarekin azaldu dira agertokian, mono beltzetan sartuta eta antena argidunak buruan, horrela gogoratuz intsektu langileen produktibitatea, eta kontrastea sortuz alferren eta gaizkileen portaera ustez gaitzesgarriarekin.

Ez pentsa, ordea, Samaniego arabarraren alegien modu didaktikoan planteatu dutenik auzia. Honezkero ondo sartuta gaude XXI. mendean eta jada ez gaude XVIII. mendeko moralismoetan murgiltzeko prest. Orain, zurrunbilo batean azaleratu dira gaiak, auziak, kontuak, euskal kulturako erreferentzia askotan bilduta eta hiru interpreteen entrega osoaren poderioz.

Zeren orain arte Perez eta Zabala aipatu ditugu –Gilkitxaroko ohiko jarduleak–, baina haiekin batera Aitor Garcia de Vicuña ere nabarmendu behar da, musikari gasteiztarrak taldearen Identitarteak-en ere jardun zuelako –Lutxo Egiaren testuarekin– eta oraingo honetan beste zeregin batzuetan ibili delako. Horrek zuzenean garamatza taldeak esparru analogikoaren alde egindako apustura, Garcia de Vicuñaren eskuetan rol metaforiko eta estetikoa jokatu dutelako kartoizko karpetekin osatutako artxibategiak, zorte apur batez amamaren etxean ikusiko genukeen disko birakariko telefonoak, erretroproiektoreak eta lerro bakoitzaren amaieran klin! egiten zuen idazmakinak.

Amaierako EHAZEren ikusle klubean hamar bat lagun bildu gara, hain solasaldi animatuan non askotan ezinezkoa zen mikrofonoaren txanda ganoraz pasatzea, eta han eman dizkigute taldeko kideek Ley de Vagos y Maleantes-en inguruko daturik harrigarrienak: Tenerifen (Kanariar Uharteak, Espainia) kontzentrazio esparru bat egon zen espainiar estatu osoko homosexualak zigortzeko, eta Lege nazi hark 1995era arte iraun zuen indarrean.