Antzezlana: Udaberri azidoa. Konpainiak: Makur antzerkia eta Les Bobé-Bobé. Antzezleak: Jone Bengoa, Ane Gebara, Gontzal Uribe. Lekua: Portugaleteko Merkatua gune autogestionatua. Eguna: Otsailak 7.
Portugaleteko merkatuan bi plazer izan ditugu. Bata, erabilerarik gabe zegoen eraikin arrazionalista gazte-biziak bete duela, Merkatua izeneko gune autogestionatua bihurtuta; eta bestea, hantxe ezagutu dugula Udaberri azidoa delako pieza. Aurten beteko dira Merkatua proiektuaren lehen hamar urteak Hamar urte, hamaika amets leloarekin, eta bere jardueren artean bigarren aldiz antolatu dute antzerki jaialdia, euskara hutsez euskararen basamortua bihurtu nahi izan den herrian.
Antza denez, Udaberri azidoa duela urtebete eta erdi antzeztu zen azkenekoz, eta bost minutuko pieza ultralabur haren garapena eta zabalpena da, baina ez kezkatu. Hemen ezer ez da betelana, dena da pertinentea eta dena koherentea, hasten denetik bukatzen den arte.
Erli eta Pinpilin ditugu obrako protagonistak, Gontzal Uribek eta Ane Gebarak hurrenez hurren jokatuta. Izenek berek adierazten dutenez, erlea da Erli, eta Pinpilin, nola ez, pinpilinpauxa. Bide batez esanda, zelako izen polita tximeleta esateko. Hortik erlemeleta izena, beraiek kozinatua.
Antzeztokiaren dekorazioak ere haur-antzerkiaren itxura betea dauka, porexpanezko lore koloretsuak nonahi eta eguzki betaurrekoduna eta hodei pare bat airean. Izan ere, itxura infantil horrek eta antzezleen intsektu-piurak —Jone Bengoak zenbait landare eta loreren pertsonifikazioak gorpuztu ditu— ume-antzerkia izango zela pentsarazi digute hasiera batean, baina karteletan-eta helduentzako antzerkia dela adierazten dute taldekideek, gaizki ulertuak saihestearren.
Apurka-apurka joan dira ikusleak etortzen, edukiera polito betez, eta gutariko askok mantak hartu ditugu neguko hotzari eta hogei minutuko itxaronaldi luzeari —ai, autogestioa!— aurre egiteko, baina emanaldia hasi denetik dena ahaztu dugu, kontakizun metaforiko erdi umoretsu erdi ganberroan murgilduta eta bi intsektu haien gorabehera existentzialei geureak balira bezala segika.
Denbora di-da batean igaro izanaren arrazoiak hiru izan daitezke, nik uste. Lehena da sortzaileek jakin izan dutela proposamena bere puntuan uzten —ordubete inguru iraun du— ikusleek erlojuari begira hasi baino lehen. Bigarrena argumentuaren garapena da, xumea baina egokia, eta egoera dibertigarri guztiei punta ateratzen jakin izan duena batere didaktismorik gabe eta erraietatik sortua izan dena, euskarazko kanten iruditeria lagun: Mikel Laboaren Lili bat, Benito Lertxundiren Loretxoa bertsio diskotekeroan… Eta azkenik, hiru antzezleen jarduna, barne indarrean, antzezpenerako berezko dohainetan eta prestakuntza sendoan oinarrituta.
Gozamena, benetan, gozamena ikustean euskarazko antzerkiak Gasteiztik Portugaletera egindako bidaia emankorra eta bizigarria izan dela, eta, Merkatua proiektuaren ideiak dioen bezala, “kultura, elkarlana, auzoa” indartzeko balio izan duela.